Agintariek ez dute ikasgela zapaldu
Uda luze honetan ez dute ikasgelarik zapaldu gure agintariek, hezkuntza eragileekin biltzeko beharrik behintzat ez dute ikusi, eta ikasturte berria gainean dugula iragarri dituzte planak, ez oso irudimentsuak egia esan: maskara denentzat uneoro eta gel hidroalkoholikoa litroka. Entzungor egin diete, berriz ere, hezkuntza eragileen eskaerei: ikasle taldeak nabarmen txikitzea –horretarako behar diren langileak kontratatuz– eta ikastetxeko edo inguruko espazioak egokitzea –ahal den neurrian kanpoan, bestela espazio zabal eta ongi aireztatuak baliatuz–.
Ratioak txikitu eta espazioak behar bezala egokitzeko, aurreikuspen eta inbertsio handiagoak behar ditu hezkuntzak, eta ez dugu halakorik ikusi aspaldian. Kontratazio berriak agindu dituzte Jaurlaritzak (1.000 irakasle gehiago) eta Nafarroako Gobernuak (666 gehiago) baina ratioak jaitsi ez badira, alegia irakasle bakoitzeko ikasle taldeak txikitu ez badira, eta kontratazio zerrendak itxita badaude, noiz eta zertarako izango dira kontratazio horiek? Jaurlaritzak ekainean egin zituen murrizketak estaltzera al datoz 1.000 irakasleak? Seaskan ere, garbi adierazi dute: ratioak txikitzeko aukerarik ez daukate, esleitutako irakasle kopuruarekin.
Espazioaren garrantzia ere jakina da: leku zabalak behar dira, ahal dela kanpoan –kutsatzeko arriskua nabarmen txikitzen baita aire zabalean– eta nazioarteko hainbat txokotan ikusten ari gara ikastetxe bakoitzaren ezaugarriak aztertzen ari direla, baita ikastetxe inguruak ere, gune ireki eta zabalak antolatzeko –tartean arkitektoen laguntzarekin–. Horretarako deia ere egin dute Euskal Herrian, baina instituzioek bestelako bidea hautatu dute: musukoa guztientzat. 6 urteko haurrek egun osoan musukoa jantzita eramatea da osasuntsuena? Abuztuaren azken astean (!), Jaurlaritzak EAEko udalerriei eskatu die irakaskuntzarako egokiak izan daitezkeen udal-espazio publikoak identifikatzeko, bestelako zehaztasunik gabe.
Jantokia? Errefortzuak? Garbiketa?
Ikasturte atarian, galdera ugari daude airean: errefortzu berezia ezinbestekoa izango da –aurreko ikasturtearen ondorioak samurtzeko, utzitako hizkuntza eta hezkuntza arrakalak gainditzeko, premia bereziko ikasleei laguntzeko–, baina zein baliabide eta zenbat jarriko dira horretarako? Ikasle andana hartzen dituzten jangelen protokoloaz ba al dakigu zerbait? Eta eskolaz kanpoko jarduerez? Garbiketarako langile gehiago kontratatuko al da? Eta ikasgelaren batek etxetik aritu behar badu, zein da asmoa? Aurreko aldiko akats berdinak errepikatuko al ditugu? Curriculuma eta beharrak ez al dira aldatuko? Kontziliazioa hankaz gora utziko al da berriz?
Hezkuntza paradigma aldatzeko garaia dela entzuten dugu behin eta berriz, baina badirudi helburua dela orain arteko i(ra)kaskuntza eredua bere horretan mantentzea, pandemia garaira egokituta.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks