Eskolak kanpoan emateko antolatzen ari dira Euskal Herriko ikastetxe gero eta gehiago
Hezkuntza eskumena duten Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak eskolak aire zabalean emateko apusturik –ez baliabiderik, ez planik– egiten ez dutenez, ikastetxeak eurak jarri dira martxan. Batzuek beren kabuz erabaki dute jarduerak kanpoan egitea, beste batzuk herri mailan ari dira antolatzen, edo udalarekin elkarlanean dihardute… Batasuna eta indarra irabazten ari da ekimena, ikastetxeen zerrenda gero eta luzeagoa baita.
Otxandion, ekainean hasi ziren udalarekin hartu-emanean: ikastetxe alboan dauden zelai, futbol-zelai, frontoi eta espazio irekiak erabiltzeko baimena lortu dute eta herrian bandoa zabaldu du udalak, eskola-ordutegian espazio horiek erabiltzeko lehentasuna ikastetxeak duela adieraziz. Eibarren ere, zuzenean alkatearekin elkartu dira San Andres ikastetxeko gurasoak, eta inguruko parke eta berdeguneak eskola-orduetan ixtea lortu dute, hezkuntzarako erabil daitezen.
Pandemian hezkuntza jarduerak aire zabalera ateratzeko aprobetxatu duten ikastetxeetako batzuk dira Altzoko Imaz Bertsolaria herri eskola, Donostiako Zurriola ikastola, Abaltzisketako Txalburu eskola, Errenteriako Orereta ikastola, Ondarroako Zaldupe eskola, Bergarako Mariaren Lagundia ikastola, Bilboko Mujika eskola eta Oiongo Ramiro de Maeztu ikastetxe publikoa –non txikienen egokitzapena bera ere herriko espazio irekietan abiatu duten–. Horiekin batera zerrendan gehitu behar ditugu pandemiaren aurretik jada ordu batzuk naturan jarduteko apustua hartua dutenak: hala nola, Langile eta Txirrita (Hernani), Amara Berri (Donostia), Alkizako eskola txikia, Samaniego eta Laskorain (Tolosa), Lardizabal (Zaldibia) eta eskola libre ugari (Mara-mara eta Haitzuri Hondar Eskola Sopelan, Bihotz Inguru baso-eskola eta Zapaburu Donostian, Gutxinaka-gutxinaka Gasteizen, Barraskilo Espazioa Laukizen, Zingira Orion, Tximeleta Iruñean, Erlaitza Urruñan…).
Bada mugimendua, bada saltsa
Eta ez, aipaturiko horiek ez dira bakarrak. Batetik, kazetari honek jakin ez arren beste ikastetxe eta herri ugaritan ariko direlako bide hau urratzen. Bestetik, eskolak kanpora ateratzeko bultzatzen eta antolatzen ari direlako hainbat txokotan: Bilbon adibidez proposamena bidali diote Hezkuntza zinegotziari eta ideia interesgarria iruditu zaiola erantzun du; Ataungo eskola ere udalarekin bildu da, kanpoko espazioen erabileraz mintzatzeko; Orion gurasoak dira herrian dituzten aukerak aztertzeko batzartu direnak; Hernanin hezkuntzarako baliagarriak diren aire zabaleko guneen mapa egina dute; Villabonan gurasoek luzatu diote proposamena ikastetxeko zuzendaritzari eta Lehen Hezkuntzakoak prest agertu dira ateratzeko… Praktika isolatua izatetik, indarra hartzen ari den mugimendua bilakatu da aire zabaleko hezkuntza.
Jaurlaritzatik, “traba edo erantzun eza”
Mugimendu hauek guztiak gauzatzen ari diren bitartean, baina, Euskal Herrian hezkuntza eskumena duten Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak ez dute inongo asmorik agertu eskolak kanpoan eman nahi dituenari erraztasunak emateko. Aritz Bravo Durangoko zinegotziak azpimarratu digunez, “udal batzuek borondatea badaukagun arren, traba edo erantzun eza” da Jaurlaritzatik jasotzen dutena, eta Jaurlaritzari dagokio espazio hauetan “gutxieneko (segurtasun) baldintzak bermatzea”.
Ez hori bakarrik, baliabideak ere haiek eskaini beharko lituzkete, aterperik gabeko eremuak estaltzeko karpak adibidez, euria egiten duenerako, edo material egokia kanporako. Hain juxtu, aire zabaleko jardueretara animatzen ari diren ikastetxeen esperientziak jasotzen ari den Eskolak Naturara! ekimenak sinadura bilketa martxan du, administrazio publikoari eskatzeko kanpoko espazioak (bereziki naturguneak) irakaskuntzarako behingoz kontuan hartu eta horretarako baliabideak jar ditzala.
* Zure ikastetxean ere eskolak kanpora ateratzeko asmoa baduzue eta horren berri eman nahi badiguzu, iruzkina utzi dezakezu.
Gaiari lotuta:
– Klaseak aire zabalean emateko aprobetxatuko bagenu egoera?
– New Yorken kaleak itxiko dituzte eskolak kanpoan eman ahal izateko
Kaixo.
Atzo Azkoitian (xabier munibe eskola publikiao) 40 guraso inguru elkartu ginen, eskoletan ezarri diren neurri murriztzaileak jasangaitzak iruditzen zaizkigulako gure seme alabentzat.
Bertan kanpoko espazioak erabiltzearena proposatu zen..
Eskerrik asko.
interesgarria… bai, agian egungo egoera baliatu liteke molde batzuk apur bat aldatzeko… agian egun osoan pantaila baten aurrean eta aulki batera kateatuta egotera behartzen gaituen sistema ez da hain naturala ezta onuragarria ere geure garapenerako… eta agian hori ordezkatu liteke, ahal den neurrian, naturarekin, zangoak belarretan ibiltzearekin… askatasuna… mugitzekoa, pentsatzekoa…. aire fresko eta zabalean baitabil… ea, nondik garamatzaten egoera berriek! ANIMO IKASTURTE BERRIAREKIN!