Eskolan haurrei ateratzen zaizkien argazkiez hiru gogoeta
Urte eta erdiko umea ikaskideengandik baztertu dute eta besteek plastilinarekin nola jolasten duten begira utzi dute, irakasleek eszena bideoan grabatu nahi dutelako eta ume horren gurasoek ez dutelako baimenik eman umeari argazkiak atera edo bideoan grabatzeko. Zein momentutan jarri dugu irudia eskolako dinamikaren aurretik?
Bat. Aipatu berri dugun pasartea irakasle batek kontatu du sare sozialetan, eta erantzunei erreparatuz gero, ez da kasu isolatua; ama batek, adibidez, azaldu du semea Errege Magoen paje izan gabe geratu zela argazkietan ateratzeko baimenik ez zuelako, eta gurasoekin haserretu zela mutikoa. Kontua da gelako dinamika puskatu gabe, eta batez ere dinamika horretatik inor baztertu gabe, irudiak ateratzeko moduak badirela: aurpegian emotikonoa jarrita, pixelatuta, ume hori bizkarrez hartuta, haurra ageri ez den zatian zentratuta… Guraso askok gustuko dugu eskolatik gure seme-alaben argazkiak jasotzea, zeinen ondo moldatzen diren eta zein gauza interesgarriak egiten dituzten ikustea, eta eskertzen dugu nahikoa lanpetuta ibili ohi diren hezitzaileek tartea hartzea irudiren bat edo beste ateratzeko, baina batak ez dezala bestea baldintzatu, argazkiaren gainetik dinamika bera eta parte hartzeko denen aukera errespetatzea baita lehentasun.
Bi. Hainbatetan, ez da bereizten ikasleei ateratako irudiak familiei bidaltzeko bakarrik diren ala edozein erabilerarako (publikoki sare sozialetan zabaltzeko, esaterako), eta badira gurasoak pozez jasotzen dituztenak beren txikien eskolako argazkiak, baina argazki horiek beste plataforma batzuetan hedatzerik nahi ez dutenak. Familiek bete beharreko inprimakiak zenbat eta aukera gehiago eman zehazteko irudien zein erabilera baimentzen dituzten eta zeintzuk ez, orduan eta buruhauste gutxiago.
Eta hiru. Gure irudiak mundu digitalean zabaltzeak dituen inpaktu eta ondorioez, gure irudiaren gaineko kontrol eta kontzientziaren garrantziaz nerabeak hezten gabiltzan garaiotan, gogoetatzen al dugu guk –eskolako nahiz etxeko helduok– adin txikikoei ateratzen diegun argazkien erabileraren inguruan? Familiei bidaltzeko irudiak al dira? Ekintza, momentu eta proiektu bereziak baino ez ditugu partekatzen plataformetan ala etengabe gabiltza sare sozialetara gure ikasleen irudiak igotzen? Zein mezu ematen diegu eta eman nahi diegu, argazkiz eta bideoz saturatuta dauden (gauden) garaiotan?
Gogoeta oso interesgarria, Mikel!!
Nik musikan egiten dizkiedan bideoak gurasoentzat dira soilik, inoiz ez sare sozialetarako.
Diozun bezala, argazkiek ezin dute gelako dinamika baldintzatu.
Ados. Ume bat baztertzea bideoan grabatuta izateko baimenik ez duelako astakeri itzela da. Irakasleeon lehentasuna pedagogikoa da, eta bideoak ez dira pedagogia horretan lehentasuna derrigorrez izan behar.
Eta haurrei galdetzen al diegu sare sozialetan agertu nahi duten? Gure etxean txikienak (9 urte) argi du ez duela nahi ta beraz ez dugu baimenik eman sareetarako. Ta bai kuriosoa da sortzen dena ikasgelan zerbait grabatu behar duten bakoitzean.
Era berean uste dut ikastetxeek berraztertu behar dutela sare sozialetako jarduna.
Maila pertsonalean, euren esku zati bat bakarrik agertzen bada ere sare sozialetan erabiliko dudan argazki batean, baimena eskatzen diet.
Irakasleak ez dira ezta ere familien sare sozialetan agertu nahi egiten diren jaialdi eta ospakizun guztietan.
Irakasleei ez die inorrek ere baimenik eskatzen argazkietan ateratzeko, eta hortik dabiltza WhatsApp eta Instagram taldeetan edonork ikusteko nola ari diren lanean irteerak edo jaialdiak dauden egun horietan. Izan ere, familiek ez dute arazorik irakasle argazkietan harrapatzeko.
Beraien seme-alaben argazkietarako baimena ez dute sinatzen baina gero patioko jaialdian telefonoa ateratzeko eta dauden haur eta irakasle guztiei argazkiak ateratzeko ez dute arazorik. Ea gero zein animatzen den guraso horri telefonoa gordetzeko eskatzera.
Mila esker egin duzun ekarpenagatik. Honen inguruan eskola batzuetan egiten dutena pedagogia eta hurbiltasuna urrun uzten ditu.
Nik uste hausnarketaz gain, lehenego egin beharrekoa legea ezagutzea dela kontu honi buruz. Agian, pentsatzen duguna baino zorrotzagoa izan daiteke, edo agian internetera igo bezain laster berauen kontrola galtzen dugula argi eduki beharko genuke, bai hezkuntza arloko langileok, zein gurasook. Besterik da, aipatu den bezala eta nik uste arrazoi osoz, galdetzen ote diegun ume eta gazteei argakiak norabait igotzea nahi duten, eta kontziente ote diren horrek izan ditzakeen ondorioez.