D ereduaren ordez, ikastetxe bakoitzak bere hizkuntza proiektua: kezka eta galdera ugari
Foku politiko mediatikoan ikastetxeetako hizkuntza ereduak dauden arren, EAEko Hezkuntza Lege berriak proposatzen duen ereduak berak galdera ugari planteatzen ditu: zergatik iradokitzen da euskarazko murgiltze ereduak jada ez digula balio? Eskola bakoitzak nahieran aukeratuko al du euskarari emango dion lekua? Eskolaren hizkuntza proiektua ez al da segregazio iturri izango?…
Euskarazko murgiltze ereduak jada ez digu balio? Euskarazko murgiltze eredua (D eredua) ikastetxe guztietara orokortzea izan da (orain arte behintzat) eskaera euskalgintzatik, eta Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian D eredua zabaltzen denero poztu egiten gara, baina dirudienez EAErako D eredua jada ez da baliagarria, “euskara ardatz duen sistema eleaniztuna” da legeak proposatzen duena, eta han-hemenka irakurri dugu egunerokoan ez direla egungo hizkuntza ereduak errespetatzen, ikasgelan aniztasun handia dagoela eta nolabait ereduen arteko nahasketa egiten dela iradoki da. Hori horrela bada, eta nahasketa egiteak esan nahi badu murgiltze eredua urardotzen ari direla (zeren zaila da irudikatzea A eta B ereduko ikastetxeetan kontrakoa egiten ari direnik, alegia errealitateak behartuta euskara gehiago ematen), ez al da are premiazkoagoa murgiltze eredua aldarrikatzea oinarri eta ardatz gisa, baita arau gisa ere, eta zailtasun handiagoak dituzten ikasle taldeetan baliabide gehiago jartzea?
Karta zuria eskola bakoitzaren hizkuntza proiektuari? Legean ez bada zehazten zenbat ikastordu eman behar diren euskaraz, alegia zein proportziotan izan behar duen euskarak irakas- eta ikas-hizkuntza (behintzat gutxieneko euskara kopurua), ez al dago arriskua ikastetxe batzuetako hizkuntza proiektuak desegokiak izatekoa, euskalduntzearen bidean? Adibiderako, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak lege berriaren markoan jarri zuen etsenplua: “A ereduko ikastetxe batek, gaztelania nagusi den eremu batean kokatua, erabaki dezake irakastorduen %80 gaztelaniaz ematea, baina aldi berean, noizean behin, euskara hobeto ikasteko hiru eguneko barnetegira eraman ditzake haurrak, edo eskolaz kanpoko jarduera guztiak euskaraz antolatu, edo jangelako orduak…”.
Gutxienekorik eta arau orokorrik gabe, hizkuntza proiektua ikastetxe bakoitzak garatzea ez al da pisu gehiegi jartzea eskola komunitatearen bizkar? Beste era batera esanda, araudi irmo baten babesik gabe, eskola komunitate horretako euskaltzaleen borroka bihurtuko al da (berriro ere) hizkuntza proiektuan euskara benetan ardatz izatea bermatzeko erronka?
Ez al da logikoagoa murgiltze eredua ezartzea guztiontzat, eta horretara ailegatzeko erritmoak, ebaluazioak, baliabideak… egokitzea, ikaslearen eta taldearen arabera?
Testuinguru soziolinguistikoak nola baldintzatuko du hizkuntza proiektua? Lege berriaren arabera, testuinguru soziolinguistikoa hartuko da oinarri, eskola bakoitzak bere hizkuntza proiektua garatzeko. Eta horrek, aurreko puntuko adibidea hartzen badugu, esan nahi du gaztelania nagusi den irakas-eredua mantendu daitekeela, testuinguru soziolinguistiko erdaldunetan. Ez al da hori egungo A eta B ereduak inplizituki mantentzea? Helburua euskalduntzea baldin bada, ez al da hain justu testuinguru soziolinguistiko erdaldunetan murgiltze eredua aldarrikatu behar, ez al da euskalduntzeak ahalegin handiagoa eskatuko duen taldeetan baliabide gehiago eta euskara ordu ahalik eta gehien bermatu behar? Zein zentzu du bestela derrigorrezko hezkuntza bukatzean ikasleei B2 euskara maila eskatzeak, helburu hori lortzeko bidea baliabideak eta euskara indartu beharrean baldin bada euskararen exijentzia txikitzea?
Noiz da euskara gehiegi? Kontrako testuinguruan, euskara hegemonikoa den testuinguru soziolinguistikoetan, euskara orduak murrizteko aukera ere emango du lege berriak, ikasleek euskara nahikoa kontrolatzen dutela eta beste hizkuntza batzuk indartzea komeni dela iritzita. Inkesta soziolinguistikoen emaitzak ikusita, inguru euskaldunetan ere gazteek lortzen duten maila aztertuta, zentzua du euskarari orduak murrizteak?
Bestalde, testuinguru soziolinguistikoa baldin bada hizkuntza proiektu bat edo bestea hautatzeko abiapuntua, euskara nagusi duen ikasgelak adibidez ez du aurreikusten etxetik euskara ez dakarren ikasle gehiago izan ditzakeela etorkizunean? Soziolinguistikoki aldakorra den ikasgelak hizkuntza proiektua aldatzen joan behar du? Ez da logikoagoa hizkuntza marko orokor bat ezartzea guztiontzat, eta horretara ailegatzeko erritmoak, ebaluazioak, baliabideak… egokitzea, ikaslearen eta taldearen arabera?
Hizkuntza proiektu euskaldunagoa edo erdaldunagoa duen ikastetxeak ez al du familien aukeraketan eraginik izango?
Hizkuntza proiektuak ez al dira tresna segregatzaileak? Egungo A, B eta D hizkuntza ereduak ikasleak segregatzeko tresna bihurtu direla ondorioztatu izan da, eta euskara dela denok integratzen eta batzen gaituen hizkuntza. Ildo berean, hizkuntza proiektuek eurek ez al dute funtzio segregatzailea mantenduko? Hizkuntza proiektu euskaldunagoa edo erdaldunagoa duen ikastetxeak ez al du familien aukeraketan eraginik izango? Eta era berean, testuinguru soziolinguistikoak hizkuntza proiektua baldintzatuko duela diogunean, zein testuinguruz ari gara: herrikoa, auzokoa, ikastetxekoa…? Izan ere, auzo berean egon daitezke bi ikastetxe soziolinguistikoki oso ezberdinak, eta ikastetxe horietako bakoitzak ikastetxean duen errealitatearen araberako hizkuntza proiektua garatzen badu, ez al du eskolako errealitate soziolinguistiko hori (eta ondorioz segregazioa, bazterkeria, ghettifikazioa) behinbetikotuko?
Iruzkin bat
Trackbacks/Pingbacks
- D ereduaren ordez, ikastetxe bakoitzak bere hizkuntza proiektua: kezka eta - […] Mikel Garciak Argia aldizkariko Jendartean blogean. […]
Niri ere galdera oso kezkagarraik iruditzen zaizkit eta egia esan ez dakit oso ondo zertan ari diren jolasean alderdi abertzaleak. Eta nahi nuke hauek erantzutea, EAJk eta oso bereziki delako ezker abert abertzaleon orain nartekozaleak… Ez dut uste proposatu aldaketek zerikusi handirik dutenik abertzaleok orain arte defendatu ditugunekin… ala bai’