Oposizioak gaztelaniaz egitea aukeratu du euskaraz irakatsiko duen hainbat irakaslek
EAEko ikastetxe publikoetan irakasle plaza lortzeko oposizioak egiten ari dira Bilbon, eta euskaraz irakatsiko duten hautagai batzuek lanaren defentsa gaztelaniaz egitea aukeratu dute, oposizioen oinarriek hala ahalbidetzen baitute. Tribunaletan egokitu zaion aztertzaile baten kexa horri tiraka, hona hainbat galdera oraingo eta etorkizuneko irakasleen profil, maila eta ohitura linguistikoez.
Batetik, zentzurik ba al du euskaraz irakatsiko duen irakasleak aukera izatea oposizioetako proba euskara ez den beste hizkuntza batean egitekoa? Proba ez al litzateke hain justu baliatu behar irakasleen euskara maila, kalitatea, ahozkotasuna eta gisakoak neurtzeko, besteak beste? Euskaraz edo gaztelaniaz aurkezturiko lana berdin baloratzea egokia al da?
Bestetik, zentzurik al du euskaraz irakatsiko duen irakasleak gaztelania hautatzea lanaren defentsa egiteko? Zein profil, maila eta ohitura linguistiko ote du hori egiten duen irakasleak? Ulertu behar al dugu joera handiagoa duela erdarara jotzeko, euskarara baino? Hobeto moldatzen dela erdaraz, euskaraz baino? Etxetik prestatuta dakarren lanaren defentsa euskaraz txukun aurkezteak ahalegina eskatzen diola eta ahalegin hori egitea baino nahiago izan duela erdarara jo? Klaseko martxa ere erdaraz pentsatu eta prestatuko duela, eta ondoren euskarara itzuliko duela?
Hizkuntza ereduak eta ikasleen euskalduntzea eztabaida iturri izan dira EAEko Hezkuntza Lege berrian, baina oharkabean joan da irakasleei dagokien atala: irakasleek euskaraz C1 maila lor dezaten prestakuntza “sustatuko da”, dio legeak, aintzat hartu ordez Euskalgintzaren Kontseiluaren eskaria, irakasleek euskaraz C2 maila lor dezaten prestakuntza sustatzea. Alegia, irakasleek behar luketen euskara maila eta aberastasunari lotutako helburuetan koxka bat gorago egitea.
Irakasleak eurak kritiko agertu izan dira, maisu-maistrek beti ez dutelako bermatzen euskara maila egokia, edota erdarara jotzeko joera dutelako, ikasleen eredu izanik. Eta euskara pobrea duenak edota euskara lehenesten ez duenak nekez transmitituko die kontrakorik bere ikasleei. Gaiaz idatzi genuenean, irakasleak euskalduntzeko ardura duen Irale programa oso zaharkituta dagoela eta ez dela funtzionala adierazi zuen irakasle batek, iruzkinetan.
“Gaztelaniaz pentsatu eta euskaraz eskolak ematen dituzten irakaslez beteta dago gure irakaskuntza-sistema”
Etorkizuneko irakasle izango direnen hizkuntza gaitasuna
Beste irakasle batek erantzun zion arazoa ez dela Irale, sistema baizik, “harmaila baxuenetik” hasita: “Geure buruari galdetu beharko genioke zein hizkuntza maila ateratzen duten gure irakasle eta maisu-maistrek unibertsitatetik irteten direnean. Gaztelaniaz pentsatu eta euskaraz eskolak ematen dituzten irakaslez beteta dago gure irakaskuntza-sistema. Ergatiboak, konpletibak bereizten ez dituzten eta morfosintaxi-akats izugarriak egiten dituzten irakasleak ditugu nonahi. Nola transmitituko diegu euskara-maila egoki eta kalitatezkoa gure ikasleei? EGA maila altuegia dela? Ezta gutxiagorik ere. EGA maila mantendu edo igo egin beharko litzateke, kalitatezko irakaskuntza-sistema euskaldun bat bermatu nahi bada. Beste kontu bat da, ea denerako behar den EGA edo ez. Beharbada, lan-elkarrizketa txukunak nahikoa dira bakoitzaren euskara gaitasuna ezagutzeko. Bada sasoia hizkuntza kalitateari merezi duen garrantzia emateko, Administrazioak kontua serio hartzeko. Denak ez du balio aritze hutsaren izenean. Ezta irakaskuntzan ere”.
Baina aritu ere, denak ez dira euskaraz aritzen, egunerokoan. Hala nabarmendu nahi izan zuen Ibai Zabalak, “irakasle askok euskararekiko agertzen duen atxikimendu falta” mahai gainean jarrita. Arrazoia emanez Zabalak iruzkin ugari jaso zituen, baina baita kontrakoa zioenik ere: “Bada hamar urte Bigarren Hezkuntzako irakaslea naizela eta gutxitan ikusi dut euskaraz gaizki mintzatzen den edo erdararako joera sistematikoa duen irakaslerik. Baten bat, bai. Gehienetan zaharrak”.
Errealitatea zein den ikerketa sakonagoek erakutsiko dute, baina oposizioetan batzuek hautatu duten bideak berak zer pentsatua eta zer aztertua eman beharko luke.
15 Iruzkin
Trackbacks/Pingbacks
- Oposizioak gaztelaniaz egitea aukeratu du euskaraz irakatsiko duen - […] Mikel Garciak Argia aldizkariko Jendartean blogean. […]
Urteak daramatza eta inor ez da ausartu helegitea jartzera, inoiz! eta ez dut ezer gehiago esango.
Hurrungoan ez emon aukerarik. Euskal Herrien gauz !!!
Oso esanguratsua da, zerbait gaizki egiten ari da…
Aukera emateak… arrisku hori du. Tristea!
Egia da kezkagarria dela irakasle batzuk daukaten euskara maila eskaxa baina uste dut hausnarketa honen abiapuntua ez dela egokia. Zalantzan jartzen da azterketa gazteleraz egitea erabakitzen duten irakasleen profila eta euskararekiko jarrera baina ez da aipatzen zein zaila den euskaraz dagoen materiala aurkitzea. Nik, pertsonalki, gazteleraz egin nuen azterketa, ezinezkoa izan zelako euskaraz zegoen gaitegitrik aurkitzea. Programazioaren ahozko defentsa, aldiz, euskaraz egin nuen baina horretarako 1500 euro gastatu behar izan nituen akademia batean tutore euskaldun bat izateko. Euskaraz material falta dagoela aipatzea ahazteaz gain, azterketa gainditu egin duten irakasleak jo puntuan jarri dira, baina ez da deus ere esaten duela hilabete eskax inolako azterketarik eta ahozko defentsarik egin gabe egonkortu eta funtzionario izendatu dituzten ehundaka iraskasleri buruz. Datuen arabera, horien gehiengoa ez da sekula oposaketa batera aurkeztu eta beraz, euskara maila ez demostratzeaz gain, ez dute arloaren edota pedagogiaren inguruan duten ezagutza mailarik demostratu. Ez al litzateke ere pertson hauen profilaz eta jarreraz hausnartu behar? Aparteko eztabaida merezi du ere gaur egungo oposaketa eredu memoristiko eta inhumanoak… Ados nago irakasle askoren euskara maila penagarria dela eta zerbait egin behar dela horri buelta emateko, baina mesedez, jar dezagun fokoa jarri behar den tokian edo arrazoi guztietan, eta ez soilik horietako batean. Proposamenak? Administrazioak oposaketa oro burutzeko materiala euskaraz dagoela bermatu behar izatea,azterketa eredua aldatzea eta ahozkotasunari eta pedagogiari balio handiagoa ematea eta euskara maila neurtzeko baliagarria izatea, azterketa memoristikorik ez egitea, oposaketa gainditzeko derrigortasuna egotea ordezkapen zerrendetan egoteko edota soilik esperientzian oinarritutako egonkortze prozesuak debekatzea.
Nik euskara maite dut eta zaintzen saiatzen naiz, baina nire ama hizkuntza erdera da.
Hori kontuan hartuta, euskaraz egitea erabakitzekotan ezinezkoa izango litzateke nik euskaldun zahar daukan bezalako mailan egitea. Nahiz eta makina bat izan, ez zara berdin moldatzen zure ama hizkuntza ez den batean.
Nire bizitzako azterketarik zailena izan dela esango nuke eta ahalik eta ondoen eta ahal den maila gorenean egiteko eskubidea daukat. Behintzat, logikoa denez, ez dizkiot nire buruari harri gehiago jarriko, harriz beteta dagoen bide honetan.
Bestalde, ez genuen ahaztu behar ofizialki elebiduma den gizarte batean bizi garela eta horri esker, mentalki mugaraino eramaten zaituen froga bat eta denbora aldetik ere oso mugatuta dagoena, zein hizkuntzan egin erabakitzeko eskubidea daukagula. Bidea apur bat erraztearren, besterik gabe.
Desastre totala. Irakasle horiek kontratatzea murgiltzea pikutara bidaltzeko biderik eraginkorrena da.
Nahitaez egin beharko lituzkete euskaraz. Administrazioari ausardia falta zaiola erakusten dute horrelakoek.
Ahots batzuk “nazi” samarrak dira baina ez bada ikusten ez dago hemen ezer egiterik.
Aukeratzeko aukera badago bakarrik hitz egin daiteke askatasunez, bestela beti izango da inposaketa bat, eta horrela ez goaz inora, ez da modua. Gaizki ateratzen ari da, gure eskola, kale eta herrietan ikus daitekeen bezala.
Nola sentituko zinatekete gaztelaniaz edo zuen ama-hizkuntza ez den beste edozein hizkuntzatan egitera behartuko bazintuzte? (Egoera antzeko bat gertatu zen denok ahaztu nahi dugun garai batean, demokrazia ez zegoenean, ez dezagun gauza bera errepikatu alderantziz)
Norbaitek esan du elebidunak garela 😱 nortzuk gara elebidunak? Eta zenbat dirá elebakarrak? Hezkuntza euskaraz eman behar duenak ezinbestekoa du azterketa euskaraz egitea. Eta horren erruduna denok dakigu zeinek diran.
Nire ustez gure Hezkuntzan ematen den euskararen kalitatearen, mailaren, erabilera zuzenaren… porrota askoz ere sakonagoa da: argi dago gure Hezkuntza Sistema ez dela gai horrenbesteko murgiltze ereduko sistemari (D ereduari) aurre egiteko; alegia, ez dago euskara gaitasun komunikatibo gutxienekoa duen irakasle nahikorik azken urteotan sustatu den murgiltze ereduari eusteko. Guztiok C1 maila adierazten duen titulua badaukagu ere (EGAko, HHEEko, HABEko, HEOko edo dena delakoa), askok eta skok ez dute gaitasun errealik, hots, titulua lortu zuteneko maila hura oso galduta dute eta ez dute gaitasun hori mantentzeraen ardurarik izan; beraz, aspaldian lortutako C1 titulua bai, baina euskaraz aritzeko edo irakasteko gaitasun errealik ez. Ondorioz, irakasle horiek guztiak ez dira D ereduko eskoletan aritzeko gai, eta horietako askok nahiko lukete A edota B eredura bueltatu; horren adierazle oposizioetarako probak gaztelaniaz egin nahi izqana (horrela aukeratu badute, irakasle aritzeko orduan ere nahiko lukete gaztelaniaz aritu). Beraz, irtenbideak bi lirateke; bata: euskaraz gaitasunik ez eta gaztelaniaz aritu nahi duten horientzako A eta B ereduak berriro sustatu. Bestea: irakskuntzan ari garen agente guztioi C2 maila eskatu edota orain eskatzen zaigun C1 maila horri iraungitze-data jarri, eta, adibidez, bost urtean behin euskarazko gaitasun komunikatiboa erakutsi beharra ezarri. Argi dago oposizioetarako probak gaztelaniaz egitea aukeratzen duen irakasleak ez duela gaitasunik ezta ardurarik D ereduko eskola batean aritzeko. Auzo lotsa baino ez dut sentitzen.
Zure galderei erantzun arina eta zuzena: bai, badu zentzua. Badu zentzua gazteleraz egiteko aukera izateak, gaztelera ere hizkuntza ofiziala baita, nahiz eta euskaldun asko sutan jarri.
Nire ama-hizkuntza gaztelera da, eta nire euskara 18 urte bete nituenean hasi nintzen eraikitzen. Nire defentsa gazteleraz egin nuen, bai, eta…? Beste euskaldun batek baino balio gutxiago dut nik? Ez naiz ahozkoa euskaraz egin zuena bezain ona? Ez dut nire esfortzu eta lanarekin lortu nuen plaza merezi?
Ba, agian, horrelako pentsaera duten horiek dira ez dutenak plaza merezi. Agian horri buruz hausnartu behar dugu, eta ez askatasun osoz nahi dudan hizkuntza hautatzeari buruz.
Eta gero, gaztelera gorroto duzuen guztiok, klasean elkarbizitza eta bizikidetzari buruz hitz egingo duzue behin eta berriro. Eta ikasleren batek ondoko kidea baztertuz gero, sekulako bronka botako diozue. Eta zuek, zuek zer egiten ari zarete?
Karrera euskeraz egiteagatik EGAren baliokidea oparitzea bezala. Gero hala dauzkagu ergatiboa edo subjuntiboa ondo erabiltzen ez dakiten eta klaseak euskaraz ematen dituzten irakasleak…
Lotsagarria!!! Lomloe legeak erraten duena ezagutzea garrantzitsua da, baina D ereduan plaza lortu nahi duenak horretarako gai dela erakustea are gehiago.
Noiz egongo da temerio duin bat euskaraz?