Haurren urtebetetze festak, bazterketa iturri?
Urtebetetze festara eskolako gelakide guztiak gonbidatzea, lauzpabost izan ezik. Hainbat familiak hori egiten duela kritikatu du irakasle batek sare sozialetan, eta seme-alaben urtebetetze jaien meloia zabaldu du.
Ez omen da hain salbuespen: gelako kasik ikasle guztiak gonbidatu, gutxi batzuk izan ezik. Gutxi batzuk horiek gelako “arraroak”, lotsatiak, itxiagoak, desgaitasunen bat dutenak… izaten dira maiz, batean eta bestean irakurri dugunez. Bai harremanetarako eta sozializaziorako, bai norbere autoestimurako ekitaldi garrantzitsuak dira urtebetetze festak, eta kanpo uztea eta baztertzea, ume horientzat mingarria dela dio irakasleak. Ez duela egoera ulertzen, jakinik gurasoek esku hartzen dutela halakoetan.
Ikasgela askotan, haurrak oraindik txikiak direlarik, hiru edo lauhilean behin urtebetetze festa antolatu ohi dute gurasoek, hilabete horietan urteak bete dituzten haurrak protagonista direla. Klase guztia gonbidatu ohi da, eta ez da arazorik izaten. Sarri, baina, adin batetik aurrera norbere festa “esklusiboa” antolatzen hasten dira asko, eta errenkadan datoz urtebetetze jaiak. Nork bere lagunak (kopuru mugatu bat) gonbidatu eta kito.
Eztabaida piztu du gaiak sare sozialetan. Lagun kopuru txiki bat gonbidatuta, gehienek ez dute arazorik ikusten, normala baita festa guztietara gonbidatua ez izatea, eta bizitzarako ere prestatzen dituela iritzi dio askok. Aldiz, ume batzuk beti baztertuta geratzen direla irakurri diogu bati baino gehiagori, oraindik txikiak direnean “hauek bai” eta “hauek ez” aritzeak ez duela zentzurik, maiz enpatia falta dela gurasoen erabakietan…
Urtebetetze festa kopuruez, oparien auziaz edo antolatzen diren urtebetetze festen (edo makro-festa pribatuen) moldeez kontatu daitezkeenak, beste baterako.
Iruzkin *Bai, horrelako egoerak haur hezkuntzetan hasten dira eta gurasoek beti aurkitzen dute aitzaki bat haien jarrera justifikatzeko.