Eta Euskararen Egunaren biharamunean, la Navidad
Umez beteriko plazan, espainol garbi-garbian inauguratu ditu Gabonak Irungo Udalak: erdara hutsean (luze eta zabal) aritu da aurkezlea, erdara hutsean jarri dituzte haurrak mikrofonotik hizketan, eta ekitaldia Giselak borobildu du, bai, Operación Triunfokoak. Abenduaren 3an udalak aldarrikatu zuen euskararekiko eta euskal kulturarekiko konpromisoak egun bat ere ez dio iraun.
“Tres, dos, uno… ¡Feliz Navidad!”, piztu dituzte argiak Irunen. Disimulu pixka bat izan zezaketen, baina hitz potoloz jositako euskararen aldeko adierazpen sutsua atera eta hogeita lau ordu bete ez direnean, irundar euskaldunoi muturrekoa eman digu udalak, beste behin. Ordu eta erdi inguruko aurkezpena (!) espainol hutsean egin du Mateo Vergara showmanak, argiak pizteaz arduratu diren haurren hitz apurrak ere erdaraz izan dira, eta Giselak borobildu du ekitaldia (Irungo Udalak gonbidatzen duen Operación Triunfoko bigarren abeslaria da jada, David Bustamantek kantatu zuen iazko jaietan). Ikuskizunaren erdirako gogaituta, haurrekin ondoko parkera aldendu den guraso bati baino gehiagori entzun diogu hizkuntzaren gaineko kexa. “Batez ere haurrek gozatzeko ikuskizuna izanik, ezin zezaketen beste norbait ekarri, Goazenekoren bat-edo, eta ekitaldia euskaraz egin?”, galdetu du batek.
Anekdota dela pentsa dezakezue, baina ez, ez da anekdota.
Nork duen (Gabonetako pinu) handiagoa lehian, urte batzuetatik hona “a lo grande” da urte bukaera Irunen: Espainiako Estatuko izotz pistarik handiena jartzen dute hirigunean, 800 metro koadroko pistatzarra (berez, ez da izotzezkoa, plastikozkoa da, jasangarria izan nahi omen duelako); tobogan erraldoia ere jartzen dute; Errege Magoen Kabalgata ikusgarria da, itzela. Dena da dirdiratsu eta arranditsu… Olentzero eta Mari Domingik Irunera egiten duten bisita izan ezik.
Aspalditik, euskalgintzaren bueltako elkarteek diru eta babes handiagoa eskatu diote udalari Olentzero eta Mari Domingiren etorrera fundamentuz antolatu ahal izateko
65.000 biztanleko hirian, ekitaldi xumea da Olentzerorena, eta abenduaren 23an egiten da, 24an hiri erdigunean Gabonetako kanten lehiaketa egiten delako eta udalak argudiatu izan duenez, ezin dutelako bi ekimenek bat egin (edo ezin delako kanta lehiaketa egunez aldatu). Aspalditik, euskalgintzaren bueltako elkarteek diru eta babes handiagoa eskatu diote udalari Olentzero eta Mari Domingiren etorrera fundamentuz antolatu ahal izateko, hiria girotu eta ekintza gehiago egin nahiko lituzkete ikazkinaren bueltan, baina ezinean eta borrokan dabiltza beti Irungo Udalarekin.
Urteak joan urteak etorri, euskalgintzako elkarte ezberdinek udalarekin (izan) duten dinamika hori baita: traba, oztopoa eta horma. Datorren abenduaren 3an ere gorazarre egingo dio udalak euskarari, eta abenduaren 4an iritsiko da Irunera la Navidad, berriro ere a lo grande.
Lotsagarria izan zen, bai, penagarria ere bai. Gaztelania hutsean eta, gainera, ateak zabal-zabalik ingelesari (argiak piztu zituztenean Mariah Careyren kanta ospetsua jarri zuten eta abesbatzako haurrek “Jingle bells” abestu zuten) zein ingeles munduari (Aita Noelen txanoak, elur-oreinen argiak…). Ez dakit nora begira bizi diren, baina kezkagarria da oso. Eskerrik asko, Mikel, egoera salatzeagatik.
Eskerrik asko atzo sentitutakoari hitzak jartzeagatik. Euskaldunak bigarren mailako herritarrak sentiarazten gaituzte Irungo udaletik, penagarria izan zen.
Eta ez bakarrik sentimenduak, legea urratzen duten! Beraiek sortutako euskararen legea eskasa! Baina beraiek ilegalak baldin badira ez da ezer gertatzen
Gaiaren funtsarekin ados egonda ere, detailetxo bat argitu behar dela uste dut: argiak piztu zituzten haurrek bai erderaz eta baita euskeraz hitz egin zuten. Txingudi Onlinek ekitaldiaren inguruan argitaratu duen bideoan ikusi daiteke, Youtuben.
Iruzkin *Alkate agurgarria:
Minduta idazten dizut. Orain gutxi gabonetako argiak pizteko egindako ekitaldia halaxe bizi izan
nuen. Eguberriek sortzen duten ilusio-giro hori ondo zapuztu zuen, beste behin, Udalak antolatutako
ekintzan euskarari egindako mespretxuak. Hitzerdirik ere ez. Haurrak, gurasoak, aiton-amonak…
Plaza mukuru, eta kontakizuna gaztelania hutsean, zer eta Euskal Herrian, zer eta Olentzero, Mari
Domingi eta lagunak hizpide ziren gauean… Euskararen Egunaren biharamunean. Oihartzun
handirik ez, beraz, bezperako orro mutuak.
Alferrik da lege-aipamenak, hizkuntz eskubideak eta abarrak aipatzea. Uste dut hainbeste
badakizuela, eta jakitun zaretela hizkuntzaren normalkuntzan zein betebehar dituzuen, zein
konpromiso hartu beharko zenituzketen. Alferrik da egun seinalatuetan diskurtso kanpolarrosak
egitea, ondoren etxean hain oinarrizko gaiak zaintzen ez badira.
Irun ere bada euskalduna. Euskara ere bada, eta euskaldunok ere bagara. Axolagabekeria horrek min
ematen du. Min handia. Nor bere etxean arrotz sentitzea baino gauza mingarriago gutxi baita mundu
honetan. Are gehiago, gabonetan…
Euskarak eta herritarrok merezi dugun tratua noizbait eta behingoz emango diguzuelakoan, agur
t’erdi.