Gravityren kritika txarrari kritikak eta zinemaren funtsa
Gravity-ri hitz itsusiak eskaini nizkion nire kritikan, eta hara non, Alfonso CuarĂ³nen film arrakastatsua Oscarretako faborito handienetakoa da, hamar hautagaitzarekin. Ez da Hollywoodeko akademiarekin bat ez natorren lehen aldia eta ez da azkena izango, baina kritika txar horren harira izandako beste bi pasartek gogoetarako bide eman didate.
Donostiako Zinemaldian kalean topaturiko ezezagun batek esan zidan (gutxi gorabehera) ez zegoela batere ados nire kritikarekin, beste era bateko filma dela, beste begirada bat eskatzen duela. Hurrengo egunean, bi euskal zuzendari ezagunek adierazi zidaten haiek ere ez zeudela ados idatzi nuenarekin: kritikan nioen hutsala eta interes gabea dela Gravityn kontatzen den istorioa, eta haiek aldiz, filma esperientzia bat dela eta hala ulertu behar dela, harrapatzen zaituen esperientzia gisa, ederra eta ikusgarria (edo antzeko zerbait, zehaztasunak ez ditut gogoan). Eztabaidarako gako interesgarriak utzi zituzten airean.
Zer nolako esperientzia bizitzera goaz zine-aretora? Istorioa da garrantzitsuena ala kontatzeko modua, kontatzeko artea (istorio guztiak asmatuak daudela esan zidan behin Montxo Armendarizek, horietara gerturatzeko moduak eta begiradak definitzen duela pelikula bat)? Zazpigarren artea izaki, obraren ekarpen estetiko-artistiko-teknikoari erreparatuta epaitu behar dugu zinema? Zein pisu dute honetan guztian kontatzen denak eta gidoiak? Zer eskatzen diogu filmari eta zer eskatu behar diogu?… Film guztiei ezin diegu gauza bera eskatu, oso helburu eta asmo ezberdinak dituztelako, eta ziurrenik, ikusleok ere gauza ezberdinak eskatzen dizkiogu pelikula bakoitzari, helburu ezberdinekin hurbiltzen baikara bata edo bestea ikustera, Gravity ikustera, Asier ETA biok ikustera edo Scary Movie ikustera. Zein parametroren arabera neurtzen ditugun, era batera edo bestera baloratuko ditugu, eta ados, Gravity aurrerapausoa da teknikaren eta 3Daren bidean (bere burua Dragon Khan-en sentitu zuela irakurri nion zine kritikari bati, nahiz eta oraindik ez dakidan hori ona ala txarra den), baina bat nator zuzendariekin: funtsean, harrapatuko gaituen esperientzia bizi nahi dugu zineman, eta ni esperientzia horrek ez ninduen harrapatu.
Irekia uzten dut, dena den, eztabaidarako atea.
Montxo Armendarizen ustearen aurka, niri hain zuzen pelikulak eskeintzen duen istori (metafora) berria iruditzen zait interesgarrien.
Teknika eta teknologi muturraren alarde manifestazio bat eginaz gainera. Teknologia berrien mundura goazen honetan eta behin gure ama lurretik oinak guztiz askatu ditugunean, teknologia hoixe bera faltatzen bazaigu salduak egongo garela.
Beraz forma eta funtsa bat eginik. Zentzu horretan ezin hobetu daiteke.
Hori bai, ordutaerdiko begientzako goxoki soila.