Ikasleak kontuan hartuko dituen unibertsitatea
Ikasleak helburu omen dituzten baina ikasleak eta ikasleen iritzia aintzat hartzen ez dituzten irakaskuntza ereduez eta lege-erreformez aspertuta daude unibertsitarioak. Bestelako baloreak bultzatuko dituen eskola molde parte-hartzaileagoa eta kritikoagoa nahi dute Ikasle Abertzaleek, eta aldarrikaturiko eredua praktikara eraman dute, Herri Unibertsitatearen bidez.
Mobilizazio ugariren ostean, ikasleak greba orokorrera deitu dituzte martxoaren 27an. Ez daude ados LOMCE, Heziberri2020 eta unibertsitate erreformarekin, ez daude gustura irizpide ekonomikoak gero eta presenteago dituen eta gero eta elitistagoa den egungo unibertsitatearekin. Baina kontra egotea ez da nahikoa, alternatiba ere behar da. Alternatiba zein den? Euskal Herriarentzat hezkuntza sistema propioa garatzea, herritik herriarentzat sortua, oinarri kapitalista eta patriarkalen ordez balore feministak, ezkertiarrak eta euskaldunak sustatuko dituena.
Hori nola egiten den? Bizkaiko Ikasle Eztandak antolatutako Herri Unibertsitatea adibide interesgarria da. Leioako Magisteritza fakultatea okupatu, eta pasillo eta gelak baliatuz, ikasleek eurek autogestionaturiko eskolen bidez hezkidetza, frackinga, fisika, euskara, antzerkia, artea, zeinu hizkuntza, autodefentsa feminista, kazetaritza modernoa, iraultza mexikarra, dantza, Sahara… bezalako gaiak landu dituzte bi egunez.
Musika, rolak eta sexua
Gazte asko gerturatu da lehenengo egunean. Musika eta mugimendu sozialen arteko harremana jorratu dute lehenengo solairuan. Musika talde batek zein balore eta ideologia zabaltzen dituen aztertzerakoan abestien hitzei erreparatu ohi diegun arren, balore eta ideologia horietan zeresana dute baita ere taldearen antolatzeko molde edo hierarkiak, agertokira igotzeko eta kontzertuak emateko moduak, musika estilo eta erritmoek jendearengan sortzen duten eraginak, genero musikal bakoitzak transmititzen duen bizitzeko erak… Hala gogoetatu dute ikasleek, eta eztabaidagai izan dituzte, besteak beste, zein musika eredu nahi dugun, musikaria langilea al den, musikak abangoardista ala aisialdirako elementu izan behar duen…
Bigarren solairuan, rolen eraikuntzan kultura industrialak duen eragina aztertu dute. Lau ikaslek eginiko mintzaldian, hedonismoa, nartzisismoa, McDonaldsizazioa (kalitateari begiratu gabe, fast food-aren logika jarraitzen duen gizarte produktibista eta kontsumitzailea) edota taylorizazioa (gizartea industria batekin alderatzen duen teoria, non gizakiak lanerako eta produzitzeko gauden) aipatu dituzte. Genero rolek emakumeen zapalkuntza bultzatzen dutela ere nabarmendu da, eta parte-hartzaileek eztabaidari ekin diote ondoren: zer den normala eta zer dugun normaltzat baina eraikia izan den txikitatik jasotako transmisioaren (eta lege eta gainerako neurrien) bidez; gizartea antolatzeko rolak beharrezko direla, baina rol horien baloreak direla muina; zanpatzaileagoak izan edo ez, rolak beti izango direla muga gizakiarentzat; askatzaile agertzen zaizkigun rol asko ere, bere barne antolamenduan onartu eta egokitu dituela eredu patriarkal, kapitalista eta heterosexualak; honi guztiari buelta ematea zaila izan arren, gutxienez kontziente izatea garrantzitsua dela, jaiotzen garenetik barneratutakoa deseraikitzen hasteko… Hezkuntzaren rolei, irakasle-ikasleen arteko botere harremanei, arreta berezia jarri diete, eta bestelako hezkuntza bat posible dela erakusten duen dokumentala gomendatu dute: La educación prohibida. Hain juxtu, ondorio esanguratsua atera dute parte-hartzaileek: hain barneratuta ditugun rolen eraginez, eskola prestatu duten lau ikasleak bankuan eseri dira saio hasieran, eta gainerakoak lurrean, haiei begira. Hortaz oharturik, bukaerarako lau hizlariak ere lurrean eseri dira, denek maila berean eztabaidatzeko.
Sexualitate tailerra izan da saio arrakastatsuenetakoa. Irakasle izan nahi duten ikasleek ariketa interesgarria egin dute: nola erantzun, Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako haurrek egindako galderei? Hots, nola sortu ninduten? Zer da homosexual izatea? Zein tamaina izango dute nire titiek? Norbait maite badut sexu harremanak izan behar ditut berarekin? Nola lortzen da plazer gehien? Zer da hiesa?… Erantzun errazekoak dirudite hasieran, baina gure etiketatzeko joera, jarrerak (eta ekintzak/aukerak) identitatearekin nahasteko arriskua, gabeziak, beldurrak, mugak… agerian utzi dituzte gazteen artean pizturiko debateek.
Finean, ikasle aktiboak, parte-hartzaileak eta kritikoak ikusi ditugu, molde bereko hezkuntza ereduaren alde ekiteko prest.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks