Ikastolak eta eskola publikoa, elkar ulertzeko premian
Euskal Herriko errealitateak esaten digu EAEko ikastetxeen %50 publikoak direla eta beste %50 kontzertatuak (ikastolak eta kristau-eskolak, gehienbat); Ipar Euskal Herrian ikastolek baino ez dutela bermatzen Euskal Herriko ikuspegia duen euskarazko heziketa; eta Nafarroan, UPNren politika medio, ikastolek funtsezko funtzioa bete dutela oraintsu arte.
Publiko-pribatu eztabaidatik harago (eskola publikoak argi du bera dela eredu publiko bakarra eta beraz ardatz izan behar duela; ikastolek diote ematen den zerbitzuari lotu behar zaiola publikotasuna eta hortaz ikastolek ere funtzio publikoa dutela), euskal hezkuntzak apustu handia du eskuartean: euskara ardatz izango duen Euskal Herrirako curriculum eta hezkuntza sistema propioan aurrera egitea, eta erronka horretan bat egiten duten eragileen elkar-ulertzea funtsezkoa izango da, jakinik gainera ikastetxe publikoek eta ikastolek konpetentzietan ardaztutako proiektu pedagogiko integrala dutela oinarri. Alegia, printzipio eta zimendu nagusiak partekatzen dituzte, errealitateak dio portzentaje handia dela bai eredu batera bai bestera doazen ikasleak, eta logikak agintzen du ezin diotela elkarri bizkarra eman.
Herri estrategiaren ikuspegitik, etorkizunerako eraikiko dugun hezkuntza ereduan zeresana dute batak nahiz besteak: Eusko Jaurlaritzak aurreikusi duen hezkuntza legean sare kontzertatua barne hartzea nahi dute ikastolek, eta kasu horretan “joko-arauak berdintzea” eta adibidez sareen arteko ardura partekatua izatea eskatu du eskola publikoak (gaur egun, jatorri anitzeko eta premia bereziko ikasleak eskola publikoan kontzentratzen baitira batik bat). Asko dute eztabaidatzeko, curriculumaz, gestioaz, gardentasunaz, ikasleen harrera ekitatiboaz, irakasleen kontratazio eta funtzioaz… eta horretarako elkargunea sortzeak beharrezkoa dirudi. Halaxe adierazi digu berriki Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakariak: “Denon iritziak eta marra gorriak partekatu behar ditugu, hezkuntza sistema propioa eraiki nahi badugu”.
Errespetatu eta elkar ulertu, ahal den guztia. Baina bi eredu ezberdinak dira, jatorrian, garapenean eta helburuan (autoeraketa hezkuntzan ikastolen kasuan). Hori ezin da ahaztu. Eta ez dakit zergatik dagoen obsesioa eredu biak “bateratzeko”. Homogenizazioa ez zait gustatzen. Hemen ere ez.
Ikastolak eta Eskola Publikoa elkar ulertuta ere, hezkuntza sistemaren %60 ingurura heltzen gara. Kristau eskolek ze funtzio hartuko lukete? Izaera publikoa eta kudeaketa pribatua (ikastolek bezala)? Herri estrategiarentzat hezkuntza publikoak izan behar du ardatz: hezkidetzailea, euskalduna, unibertsala, laikoa, inklusiboa eta kalitatezkoa, honek bermatuko baitu guztion aukera berdintasuna. Zergaitik ez da planteatzen bere garaian egin ziren publifikazioak? Zer nahi dugu, ikastetxeen autonomiaren izenean kudeaketa pribatua bultzatzea?