Ijito eta feminista
Apirilaren 8an Ijito Herriaren Eguna ospatu ondoren, hurrengo egunean Feministok Prest Gasteizko manifestazio nazionalera joango zen bat baino gehiago, ijito feministak ere bultzaka datozelako, euren kulturarekiko ditugun aurreiritzi antzu eta umiliagarriei aurre eginez.
Emakume izateagatik diskriminatuak eta ijito izateagatik diskriminatuak. Eta ijito komunitatearen barruan ere, ez da erraza emakume izatea, baina argi dute: “Ijito komunitatea matxista den? Orokorrean bai, baina baita gainerako gizartea ere”. Gitanas Feministas por la Diversidad talde espainiarreko kideen hitzak jaso ditugu; kideen artean bada ijito euskaldunik ere.
Batik bat hedabideek zabaltzen duten “emakume ijitoaren irudia pertsona ezjakinarena da, ongi hitz egiten eta adierazten ez dakiena, fisiko jakin batekin, eta bizitzako helburutzat duena ezkontzea, seme-alabak izatea eta familia zaintzea. Eta horrek ez du zertan horrela izan, zati handi baten nahia ez da hori, eta ez gaude prest gure irudiarekin eta gurekin jolasten jarrai dezaten –diote taldekideek–. Gu geu konbentzitu gaituzte emakume ijitoa folklorikoa edo otzana dela, eta ez da erreala. Dena ez da zuri edo beltz, ortzadarrean kolore asko daude; anitzak gara”.
“Ezkondu eta seme-alabak izan nahi badituzu, izan itzazu –gaineratzen dute–; beste emakume batekin ezkondu nahi duen emakumea bazara ere, egin ezazu; eta haurrik izan nahi ez baduzu berdin. Aniztasuna errespetatzea eskatzen dugu, eta aniztasun hori ikusaraztea, aspertuta gaudelako ijito irudi jakin bat baino erakusten ez duten telebista saioez”.
Aurreiritziak apurtzen datoz belaunaldi berriak. Amasa-Villabonako 13-16 urte arteko neskato ijitoak Tolosaldeko Atariari kontatu dio, adibidez, abokatu izan nahi duela, “besteak beste, ijitoek pairatzen dituzten eskubide urraketak defendatzeko”.
Lagundu nahi dituzten payoengandik sarri jarrera paternalista jasotzen dute, baina ez dute leziorik behar, euren borrokarekiko babesa erakustea baino ez. Ijito emakumeak eskubideetan urte batzuk atzerago daudela diote, baina pixkanaka ari direla egoera aldatzen: “Ahalduntzea eta boteretzea bultzatzea da gure helburu nagusia, emakume ijitoaren emantzipazio mental eta fisikoa. Gu ahaldunduta gaude, baina emakume ijito batzuk beste fase batean daude oraindik. Duela gutxira arte, halaxe zeuden emakume payoak ere. Emakume ijitoak hezkuntzan eta lan munduan parte hartzeko ilaran azkenak gara, gizartean eta erakundeetan eragin oso urria dugu, eta horregatik berdintasunaren alde egiten dugu lan; bai ijitoen eta gizartearen gehiengoaren arteko berdintasuna, bai ijito emakume eta gizonen artekoa”. Talde bat baino, herri mugimendu bat direla aldarrikatzen dute eta “Askatasunari beldurrik ez” da euren leloa.
Ijitofobia
“Ez naiz arrazista, baina ijitoak…” esaldia sarri egokitu zait entzutea. Bazenekien, hainbat ikerketaren arabera, hedabideetatik eta hirugarren pertsonek kontatutakotik osatzen dugula gehienbat ijitoez dugun irudia, eta ez haiekin izandako esperientzia zuzenetatik? Eta zer diote hedabideek? Duela gutxi Gitanas por la Diversidad taldeak ozen salatu duenez, estereotipoz eta aurreiritziz betetako saioa da Gipsy Kings (telebista kate espainiar batean ijitoez eskaintzen den realitya), eta emakume ijitoak gutxiesten ditu.
Ijitoen artean gutxiengoa bizi dira txaboletan, gutxiengoa dira cantaor edo dantzari, baina prototipoa iltzatuta dugu buruan. Alferrak eta lapurrak, horiexek erraz atxikitzen dizkiegun adjektiboak. Tolosaldeko gaztetxoak berak esana da: “Festan gaude, bat-batean zerbait falta da… eta beti da ijitoen errua”. Eta horrek, jakina, amorrua ematen dio. Elkar ezagutzea da, azken finean, aurreiritziei aurre egiteko modu onena.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks