Txosnak eta bizikidetza
Udaltzainek birritan ohartarazi zieten Euskal presoak Euskal Herrira bandera zintzilik zeukan txosnako kideei, kontuz ibiltzeko. Arrazoia, Irungo Udalak duen arauetako bat: txosnetan “debekatuta dago bizikidetza edo jai ekitaldiak normaltasunez gauzatzea arriskuan jarri ahal duten kartelak edota ikurrak erabiltzea”.
Antza, batzuen iritziz presoen dispertsioa salatzeak “bizikidetza” edota jaiak “normaltasunez” ospatzea oztopatu dezake. Zerrenda egin beharko luke Udalak, zein kartel eta ikurrek urratzen duten herriko bizikidetza eta zeintzuk diren zilegi eta onargarri. Ziurrenik, herritarren bizikidetza baino, agintari batzuen “normaltasun” eredua urratzen duten aldarrikapenak dira gustuko ez dituztenak. Kritika eta aldarrikapena isilarazteko mehatxua eta debekua erabili ordez, elkarbizitza bada kezka, jarri ditzatela indarrak festetan hain ugari eta inpune diren eraso matxistei aurre egiten edota jaietako ekitaldietan euskaldunon hizkuntza-eskubideak bermatzen.
Jaiak eta politika ez nahasteko?
Herritarron adierazpen/mobilizazio/ekintza askatasuna gero eta gehiago kontrolatu eta murriztu nahi duten garaiotan, hainbaten matraka tranpatitik askatzea dagokigu: “Ez nahastu jaiak eta politika” diote, jai neutro eta aseptikoak existituko balira bezala, antolatzen diren jarduera motak, espazioaren erabilera, ekitaldien kontratazioa, parte-hartzea, edukia, formatua… eredu, interes eta balore jakinetara lotuta egongo ez bailiran. Hain juxtu, aldarrikapenerako unea dira festak; Markel Ormazabal soziologoaren hitzetan, “eraldaketa sozialerako eta balio askatzaileak sustatzeko aproposak dira jaiak, malgutasun, auto-antolakuntza eta transgresiorako ematen duten aukeragatik”. Has dadila festa!
San Tomasen berdin ibili zen udaleko teknikaria banderola ezin zela txosnan jarri esanez eta hortan temati isuna jarriko zuela esanez. Isuna bertan behera utzi behar izan zuen ordea, Irungo udalak Euskal Presoak Euskal Herrira mozioa onartu zuen orain dela urte batzuk eta. Hala ere hortan temati jarraitzen dute urteak joan urteak etorri baina isuna eta probokazio guztien gainetik EUSKAL PRESOAK EUSKAL HERRIA ikurrak jarraituko du txosnan, kalean, presentzia izango du Espainiako gobernuak legea bete arte.