Ipurdikoa ematea, debekatze bidean
Lege proiektu baten baitan, gurasoen autoritateari lotutako zehaztapena onartu berri du Frantziako Asanblea Nazionalak: “Baztertuta geratzen dira [seme-alabenganako] tratu krudel, iraingarri edo umiliagarriak, zigor fisikoaren erabilera barne”. Aspaldiko eztabaida berpiztu du erabakiak: txarra al da haurrari noizbehinka zaplazteko eta ipurdikoren bat ematea?
Haurrak hezteko garaian, masaileko edo ipurdiko “pedagogiko” edo “zuzentzaile” suaberen bat ematea ez dela txarra eta ez duela traumarik sortzen defendatzen dute aldekoek, diziplina, mugak edota autoritatea ezartzeko balio duela. Gaur heldu garenon heziketan oso presente egon zela ere jartzen dute adibide.
Aldiz, biolentzia erabiltzeak berau legitimatzen eta naturalizatzen duela, gurasoak eredu dituen heinean haurrak biolentzia harremanen elementu normaltzat barneratzen duela eta biolentziak biolentzia gehiago baino ez duela ekartzen diote kontrakoek.
Ezintasunaren ondorio?
Azken finean, helduak galdetu beharko lioke bere buruari zergatik erabili duen ipurdikoa, ez al zegoen arazoa askatzeko (edota mugak, diziplina, autoritatea ezartzeko) beste biderik, ez ote den izan egoeraren aurrean norberak izandako frustrazio, ezintasun eta kontrol faltaren ondorio. Balorazio etikoetatik harago, gainera, pedagogo ugarik argi du: zigor fisikoa ez da metodo eraginkorra, ez du balio jarrerak aldatzeko.
Orokorrean, adostasunak zabala dirudi, haurra jotzea ez da zilegi. Konfiantza giroan, ordea, garaiz emandako belarrondokoa ez dela gaizki etortzen entzuten da sarri, eta kalean ere joera hori ikusten da batzuetan. Egun, Europako Kontseiluko 47 herrialdeetatik 27 dira (eta munduan 44) umeen aurkako zigor fisikoa legez debekatzen dutenak.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks