Erabaki aitzindaria Australiako proba ziklistan: azafatarik ez podiumean
Ondoren etorriko diren txirrindulari lasterketentzat erreferente izan daitekeen erabakiarekin abiatuko da, datorren astean, Australiako Tour Down Under proba ziklista: sariak emateko ez da gehiago azafatarik erabiliko podiumean, junior kategoriako txirrindulariak baizik.
“Euren gorputzaren irudiarekin arazoak dituzten emakumeak laguntzeko programa dugu martxan eta aldi berean azafata hauek ari gara jartzen probetan, inkongruentea da guztiz –adierazi du Australia Hegoaldeko Gobernuko Kirol ministroak–. Motor lasterketetatik ere kendu ditugu, proba hauetara datozen neska eta emakumeak inspiratu nahi ditugulako pilotuak, mekanikoak edo ingeniariak izan daitezen, eta ez podiumeko azafatak”.
Zimikoak ipurdian eta bikiniak
Emakumearen rola objektu eder eta dekorazio huts izatera mugatzen duela, podiumetako ohiko irudiari egozten zaiona. Peter Saganek 2013an azafatetako bati ipurdian zimiko egitea edo emakumeak irabazleen inguruan bikinian agertzea dira horren adibide. Berdintasunaren izenean, podiumean gizonak ere erabili izan dira, “baina arazoa ez da hainbeste emakumezko edo gizonezko modeloak diren, baizik eta zein funtzio betetzen duten. Ez al litzateke egokiagoa izango, txirrindulari eskolako neska-mutikoak igotzea? Edo antolakuntzakoak, boluntario aritu direnak, ziklista beteranoak?…”, gomendatu du Jon Tornerrek.
Emakume txirrindularien lasterketa gehiago eta emakumeen kirol profesionalari oztopo gutxiago, horra #NoPodiumGirls analisian Zoë Leverant-ek egiten duen aldarria, emakumeek kirolari egiten dioten “ekarpen” ikusgarriena gizon txirrindularien alboan “sari gisa” agertzea izan ez dadin.
ba zan garaia