Zergatik (eta noiz) uzten diogu margotzeari?
Txikitan dugun espresiobide naturala da margotzea, baina ume guztiek margotzen duten arren, heldu askok diote ez dakitela margotzen. “Argi dago zerbaitek eramaten duela haurra pentsatzera margotzen jarraitzeak ez duela merezi. Fenomeno konplexu eta larria da”.
“Hazten goazen heinean, lengoaia pribilegiatuak, hizkuntza eta matematika, garrantzia hartzen doaz eta pentsamenduak eta emozioak adierazteko erabiltzen ditugu. Aldiz, marrazkia, kantua, eskulanak… gutxietsita daude eta ez dira ez bultzatzen, ez garatzen. Gero eta gutxiago marrazten duen gazteak ‘ez dakit margotzen’ dioenean, egun hori porrot hezitzailea da”. Francesco Tonucci pedagogo eta marrazkilariaren hitzak dira, eta ez da hala pentsatzen duen bakarra. “Hezkuntzan, hain gaude obsesionatuta enplegua lortzeko zer den erabilgarri eta zer ez, espresio artistikoa kanpoan uzten dugula. Erabilgarritasunaren ideia honek min handia egin dio hezkuntza sistemari”, uste du Maria Vinuesa irakasleak.
Arlo artistikoa, izan ere, denbora-pasa da askorentzat, baina gainerako lengoaiekin batera garatu behar den espresio eta gogoeta-bide funtsezkoa, askatzailea eta sortzailea dela diote adituek.
Ez, haurrek ez dute helduek baino sormen handiagoa
Miguel Castro artistak dio uste okerra dela pentsatzea umeek sormen handiagoa dutela helduek baino, baina barruan dugun alde sortzailea kimatzen, murrizten eta alboratzen goazela, oso gaztetatik. Eta hezkuntza eredu zurrunak ere badu zerikusirik horretan.
“Ez dut ezagutu ahalmen sortzailerik ez duen inor –adierazi zigun Marga Iñiguezek–. Arazoa da ez dela sormen hori sustatzen, ez hezkuntzan, ez hedabideen bidez, ezta horretarako espazio aproposak sortuz ere. Batzuetan txiki-txikitatik zapuzten dute haurraren irudimena, eta alderantziz, koxkorxeagoen irakasle zoragarriak ezagutu ditut, ikasleengan sinesten dutenak eta haien sormena loratzeko estrategiak garatzen dituztenak. Arazoa da sarri hezkuntza sistema bera dela lanketa hori mugatzen duena, Lehen eta Bigarren hezkuntzan hainbestekoa baita burokrazia eta lan gehigarria, irakasleek ez dutela denborarik benetan eskaini behar diotenari eskaintzeko, ikaslearen probokatzaile izateari, haren talentua ateratzeko bide-lagun izateari. Hezkuntza eredu kastratzailea da, planifikatua, denak bide eta eduki berak aldi berean jorratzera bultzatzen dituena, irudimena, autonomia eta norberaren sormena lehenetsi ordez”.
Interesgarria artikulua.
Zer pentsatua eman dit.
Gure aitonak esaten zuen Urumeak urtero ibilbidea aldatzen duela, aldakorra dela bere natura. Nire ustez sormena ere horrelakoa da. Baina gustatzen zaizkigu gauza zuzenak, berdinduak, akaso segurtasuna ematen digulako… eta ibaiean egiten ditugu kanalizazioak, bideraketak. Irudigintzan, gustatzen zaigu margo eta marrazkiek kanpoan dugunaren errealitatearen kopia izatea, konparatuz gero, ondo dago edo gaizki dago esan ahal izateko. Matematikarekin bezala, gustatzen zaigu emaitza bat eta bakarra izatea, maiz.
Gainera, akaso ume gehiegi dugu gelan arreta emateko. Nik ezin dut nire klaseetan 7 edo 8 umetik gora hartu, ezin diedalako arreta egokirik eman. Ez dut pentsatu nahi eskoletako irakasleek nola egiten duten 20 umeko geletan, badute nahikoa meritu!
Ume zein heldu badugu sormen emari bat, modu askotara adierazten duguna, eta esango nuke bide batzuk itxita baditugu emari horri trabak jarri dizkiogulako dela.
Margoketari dagokionez, oso zaila da ume batek marraztu edo margotzen jarraitzea irakasleak ez badaki marraztu eta margotzen, ezin diolako tresnarik eskaini. Margo sormena mugatua duen haur batek heldua denean ezingo dio haur bati tresnarik eskaini, bertsotan ez dakien norbaitek bertsotan irakatsi ezin duen bezalaxe. Ezin dugu eskatu ereiten ez dugun uztarik.
Ez dut eskoletako irakasleen lana gutxietxi nahi inola ere, zinez nik ez ditudan gaitasun eta tresna asko dituztelako eta horrek errespetu handia sortzen didalako.
Azkenik, gehituko nuke: denok ez dugu berdin maite sormen plastikoa, batzuentzat ezinbestekoa den bezalaxe, beste batzuek bide hori modu naturalean uzten dute, beste interes batzuen mesedetan.
Aspaldi batean irakurri nuen (ez dakit, ez non, ez noiz) helduen %90ak 9 urte zituenean bezalatsu marrazten duela. beste arlo askotan, gehienetan edo guztietan, garapen bat izaten dugula, baina margotze kontuan…
Zer gaizki egiten dugun entzuteaz aspertuta uzten ote diogu?
Oso inportantea da haurren sormena bultzatzea. Haurrei marrazki libreak egiten utzi behar diegu, material desberdinak eskeini behar diegu, bakoitzak beraien errepresentazio propioak sortzeko. Eta gero inportanteena bakoitzaren arte laneei erreparatu eta lan hori daukan garrantzia eman, beste arloekin (matematika, hizkuntza, idazketa….) egiten dugun bezala.
Artean dena onartzen da, baina gu, pertsonak gara trabak jartzen ditugunak, “Ez dakit egiten” askotan entzuten dugu eskolan. Zergatik egin behar dugu denok etxeak, zuhaitzak…berdin? Etxeak, zuhaitzak, loreak mota, modu askotakoak izan daitezke eta denak ondo daude. Desberdintasuna aberatsa da.
Askotan blokeatzen gara nahi dugulako gure lana polita, perfekto, zuzena, gure ondoan dagoenaren berdina izatea, segurtasuna ematen digulako, baina ez da horrela izan behar. Haurren sormena BULTZATU behar dugu!!