Herri oso baten maitasuna lortu duen irakaslea
800 biztanle inguruko herrian, ezustekoa prest zuten Juan Antonio González irakaslea jubilatu zen egunean: ikasle, irakasle, ikasle-ohi eta herrikideek txalo artean eman zioten agurra, ikasgelatik atera eta ikastetxea utzi arteko bide guztian zehar. Herriko eskola bakarrean 32 urtez aritu den irakasleak dio “gelan umorea erabiltzea” eta “ikasleei entzutea” izan dituela oinarri.
Sare sozialetan arrakastatsu zabaldu da bideoa (behean ikusgai); lotsatuta ageri da Huelvako Zufre herriko irakaslea, eta ondoren adierazi duenez, biziki hunkituta eta negar egitetik gertu ikusi zuen bere burua. “Niri egitetik harago, irakasle bategatik eta hezkuntzagatik herri oso bat mobilizatzeak asko esaten du herri horretaz”.
Herri txiki bateko eta landa eremuko irakasle izateaz harro dago González, “munduko lanbiderik politenean” aritu izanaz. “Nire buruari galdetu izan diot zertarako balio zuen nire lanak, eta ondorioztatu dut haurrei jakituria ematetik harago gutxienez pertsona hobeak izan daitezen balio izan duela; eta umila ez bazara, berdin dio inteligentziak”.
“Garrantzitsua da sorbaldan esku bat jartzea edo besarkada bat ematea, hitzen lagungarri”
Garai batean ikastetxeko lau hormetatik kanpora gehiago ateratzen zirela du gogoan, “eskolatik bizitzara” ateratzen zituela ikasleak, baina gaur egun dena dagoela kontrolatuago. Urteekin, eskolan maitasun keinuak galtzen joan direla ere uste du Gonzálezek, eta sorbaldan esku bat jartzea edo besarkada bat ematea garrantzitsua dela, hitzen, galderen edo baita errieta baten lagungarri ere. “Ikaslea zuzendariaren bulegoan sartzen denean, ez da gauza bera zure ondoan eseriaraztea edo mahaiaren beste aldean. Ikasleak daukan arazoa kontatzen dizunean eta irribarre egiten dizunean, garaipen handia da”. Eta garaipen gisa bizi izan du, halaber, zailtasun gehien zituzten ikasleek egindako lorpen txiki bakoitza.
Irakasletza utzi aurretik, eskutitza bidali zien Gonzálezek herriko familiei. Ikasleek berriz, koaderno bat oparitu diote berari, eta esker oneko hitzak idatzi dizkiote bertan. Bere izena duen plaka bat ere inauguratu dute ikastetxeko liburutegian.
2 Iruzkin
Trackbacks/Pingbacks
- Herri oso baten maitasuna lortu duen irakaslea | EIBZko liburutegia - […] Mikel Garcia Idiakez / 2017-01-30 / 282 hitz […]
Pasa den astean Alegiko Aralar BHIn antzeko egoera eman zen. Axun Orbegozo gure lankidea jubilatu zen eta eskola osoak txaloka lagundu zion patioraino eta bertan merezitako omenaldia jaso zuen, ikasleek zein irakasleok eskainitako bertso eta dantzekin. Zorionak Axun!
Berdin geratatu zen duela hilabete batzuk Inma Albisuk erretiroa hartu zuenean. Dultzainero eta guzti: http://www.otamotz.eus/inma-albisuari-omenaldia-egin-diote-gainzurin/