Beste 13 urte itxaron behar al dute duin hil nahi dutenek?
Alaitz Chamorroren kasua ezagutu dugu duela gutxi (argazkian): ezin du gorputz atalik mugitu, mina du gorputz osoan, eta sedazio aringarri bidez heriotza duina eskatu du, baina Espainiako Zigor-Kodeak eskubide hori debekatzen die Chamorrori eta askatasunez erabaki bera hartu duten herritarrei. Lehengo astean bueltatu da esperantza: PPk jada gehiengo absolutua ez duen Kongresuan, eutanasia legeztatzeko Unidos Podemosek aurkezturiko lege-proposamena aurrera ateratzeko aukera zegoen. Baina PSOEk, duela 13 urte agindu zuenaren aurka, ez du proposamena babestu.
Sufrimendua amaitzea eta beste norbaiten laguntzaz duin hil ahal izatea eskatzen duten horiei guztiei ezetz esan die Espainiako Kongresuak: nahiz eta Zapaterok 2004an eutanasia legeztatzearen alde egingo zuela esan, nahiz eta 2015ean PSEk, Eusko Legebiltzarreko gainerako alderdiekin batera (PPk izan ezik), Espainiako Gobernuari eskatu eutanasia despenalizatzeko, aukera iritsi denean abstentzioa bozkatu du PSOEk, Ciudadanos, PdeCat eta Nueva Canariasek bezala. PP, Foro Asturias eta UPNk proposamenaren kontra eman dute botoa; EAJ, ERC, Unidos Podemos eta talde mistoak aldekoa; eta ez da aurrera atera.
PSOEk dio “gizartean eztabaida patxadatsua” behar duela eutanasiak. Baina mahai gainean urteak daramatza gaiak eta Unidos Podemosen hitzetan, gehiengo sozialak babesten du neurria. Zenbat gehiago luzatu behar da eztabaida? Noiz arte jarraituko dute norberaren erabakia ez errespetatzen eta debekatzen, norberaren infernua luzatzen? Beste 13 urte ez dute iraungo bizi-kalitaterik gabe agur esaten uztea beste nahirik ez duten hainbat eta hainbat gaixo kronikok.
Alaitz Chamorro alegiarraren hitzekin gogoratu gara: “Kondenatuta al nago baldintza hauetan bizitzera? Zergatik luzatu alferrikako sufrimendu jasanezin hau?”.
Ni, dudarik gabe, alde nago eutanasia onartzeko. Gehiago, “borondatezko hiltzearen alde” nago, zeren inork ezin du pertsona batean agindu, ez bada norberak!