Anasagasti oso haserre dago, baina ez du arrazoirik
Iñaki Anasagasti bortizki mintzatu da hezkuntza publikoak EAEn egindako grebaz: lotsagabea izan omen da, familiei eguna izorratu die eta haurrak deformatu ditu. Argudio sorta dakar berak, Eusko Jaurlaritzaren bertsioa. Hona beste bertsio bat:
1) “Oposaketak deitu dira. Irakasleei lan-egonkortasuna eman zaie”, dio Anasagastik. Oposaketak (eta ondorioz, hainbat langile egonkortzea) ez dira negoziaketarako gaia: aurreikusita zeuden jada, derrigor egin beharreko prozedura dira, eta are gehiago, ez dira Jaurlaritzaren urratsa, Madrildik datorren araua betetzea baizik, urteotan sortu den irakasle ezengokorren poltsa txikitzeko.
2) “Lehen Hezkuntzan ordezkapenak lehen egunetik eta behin-behinekotasuna %27tik %21era jaistea proposatu du administrazioak”. Ordezkapenak etapa guztietan eskatu dituzte sindikatuek. Eta egia esan, behin-behinekotasuna %21era jaisteko proposamena ez litzateke lorpen handiegitzat aurkeztu behar, jakinik behin-behinekotasuna %8koa dela adibidez Espainiako Estatuan, eta %6ra jaistea eskatzen dutela sindikatuek.
3) “Soldatak Estatuko handienak dira”. 2009tik soldaten %12 inguru galdu dutela nabarmentzetik harago, Erkorekak duela hilabete batzuk egin moduan irakasleak pribilegiatu gisa aurkezteko saiakerak ez du funts handirik, batez ere lan-baldintzez ari garelako, hezkuntza publikoaren kalitatea bermatzeko eta ikasleen heziketa hobetzeko behar diren baliabideez.
4) “Gu 43 ikasle ginen gelan eta ez gara ergelak atera. Gainera, Jaurlaritzatik esan didate krisi garaian ikasleen ratioa ez dela handitu”. Batetik, gela bakoitzeko ikasle-kopurua handitu ez bada, kontuak ez dira ateratzen: 2009tik 26.500 bat ikasle gehiago badaude eta irakasle kopurua mantendu bada, non sartu dira ikasle horiek? Eta adibidez matrikulazio garaitik kanpo sartzen diren ikasleak aintzat hartu al ditu Anasagastik? Bestetik, politikari jeltzaleak ikasgela bat edo beste bisitatu beharko luke agian, ikusteko kualitatiboki nola hazi den geletako exijentzia maila eta konplexutasuna, ikasleen artean dagoen aniztasuna eta dituzten behar eta premiak, zenbateraino handitu den irakasleen lan-zama…
5) “Euskadin aurrekontuen %26 bideratzen da hezkuntzara”. Ordea, urtez urte hezkuntzak aurrekontuetan pisua galdu duela onartzen du Jaurlaritzak berak. Eta neurgailu gisa erabiltzen badugu herrialde ia denetan erabiltzen dena, esan dezakegu EAEn BPGaren %3,7 baino ez dela inbertitzen hezkuntzan (2009an %4,3 zen), Europar Batasuneko batez bestekotik (%5) urruti, eta Espainiako Estatuarekiko ere, azkenak dira EAE eta Nafarroa.
6) “Familiei eguna izorratu die grebak”. Ez dator gaizki Anasagastiri gogoraraztea greba egun hori ez beste gainerako egun guztietan familia horietako seme-alabek jasotzen duten hezkuntza hobetzeko borroka dela greba, hain juxtu.
7) “Sindikatuek ez dute negoziatzeko inongo gaitasunik. Liskarra baino ez dute bilatzen”. Negoziaketa behin eta berriz eskatu arren, hiru aldiz baino ez dute lortu Jaurlaritzarekin biltzea, diote sindikatuek: “Negoziaketa baino gehiago, informazio bilerak dira. Menu itxiarekin dator administrazioa, eta guk proposamen horrekiko adostasuna edo desadostasuna baino ezin dugu adierazi”.
Ze ona, eskerrik asko Mikel. Anasagasti, ze txotxoloa den.
Anasagastik ez ditu gogoan bere sasoiko eskolakideen artean zenbat ziren gauza erdaraz irakurri eta ulertzeko. Inor gutxi Euzkadi hartan.
Hala ere, irentsi zuen erdal hezkuntzak eta oraindik miresten duenak ez dio uzten jakiten Euskadi dela gaurko errealitatea. Gaurko umeek inoiz baino gehiago Irakurtzen Dute eta irakurritakoa ulertzen euskaraz eta erdaraz. Bakan batzuek ingelesez ere. Hori bera bezalako pribiligiatuek ere ez zuten lortu Euzkadi hartan.
Zer esango du hilean milaka euro irabazten duen batek? Hemen bakoitzak komeni zaion astoari egiten dio arre.
Anasagastirena lotsatzeko moduko kontua da, errauskailuarekin ere medikuak baino gehiago zekien eta!
Hezkuntzan behar besteko inbertsio egingo balitz, egoera beste bat izango litzateke! Murrizketa eta presioa besterik ez da jasaten azken urteotan. Benetako datuak beti gordean edota makillatuta tiraderaren batetan!
Isiltasunak zenbat balio duen honelakoetan!