Eskolako jolastoki grisa nola bihurtu duten eremu berde eta anitza
“Lau urteko prozesu parte-hartzailearen ostean, jolas-eremu berria estreinatu dugu Kurutziaga ikastolan. Neska-mutikoei aukera berdinak eskainiko dizkiena, inguru natural batean integratua eta euren ametsetatik sortua”. Halaxe aurkeztu dute urtarriletik gozatzen duten jolastoki eraberritua. Datorren larunbatean egingo dute inaugurazio ofiziala.
Ikastetxeko kanpo-espazioak ohiko ereduari erantzuten ziola ikusi zuten: futbol eta futbito zelaiek (eta bigarren maila batean saskibaloi kantxak eta frontoiak) hartzen zuten leku gehien, eta harreman desorekatuak eragiten zituen: mutilek espazio nagusia okupatzen zuten (batez ere beraiek ziren futbolean aritzen zirenak) eta bazterretan geratzen ziren neskak, harmailetan, eskaileretan… Hori gainditu eta espazio zentralak jarduera anitzetarako prestatu dituzte, “guztiek berdintasunez gozatu ditzaten eta ez daitezen ohiko talde-kirolen eremua izan”. Espazio berrietan, neska-mutilen eta adin ezberdinen arteko harremanak aberastuko direla sinetsita daude.
“Kanpo-espazioa eta ikasgela ez daitezela bi eremu isolatu izan”
Bestetik, ikasleei galdetuta, naturgune gehiago eskatzen zituztela ikusi zuten, naturari lotutako ekintzak, ortuak protagonismo handiagoa hartzea… eta hori egin dute, jolastokia inguratzen duten berdeguneak eta arbolak aprobetxatuz: “Naturaren presentzia oso eskasa zen. Horregatik sortu gura izan dugu haur eta gazteek zentzumenekin esperimentatu ahal izango duten eremu bat, non urtaroen aldaketak zein elementu klimatologikoak esperientzia zuzenaren bidez bizi ahalko diren. Azken finean, helburua da kanpo-espazioa eta ikasgela ez daitezela bi eremu isolatu izan, batak bestea elikatzea baizik”, azaldu dute.
Jolas librea eta sinbolikoa sustatzen duen eremua izan da emaitza. Jolastokia amesten proiektuko kideek argi dute, hala ere: “Proiektua modu dinamikoan ulertzen dugu, ez da hemen eta orain amaitzen. Haurrek, gazteek, familiek eta bereziki irakasleek lagundu beharko dute eraldatze hau etenik bakoa izan dadin”.
Kaixo, oso interesnatea iruditzen zait proyekto hau, nahi baduzu guri ezagutzea, bdu.es begiratu, nik Donostin nago. Mila esker eta ondo segi. Martin Linacisoro