Pulitzer belizista
Oihartzuna izan du aurtengo film onenaren Oscarrak, lehenengo aldiz emakume batek (Kathryn Bigelowk) irabazi duelako. Baina ahots kritikoagoek nabarmendu dutenez, gauza bat ez da aldatu Hollywooden politikan: pelikula belikoak (eta belizistak) saritzea, Irakeko gerran girotua dagoen The hurt locker estatubatuarrak irabazi baitu. Sari belizistak bogan daude nonbait, hil honetan bertan banatu den argazki-erreportaje onenaren Pulitzer sariak ere bide bera jarraitu baitu.
Denver Post egunkariko Craig F. Walker argazkilariaren lana saritu du epaimahaiak, zehazki “Irakeko gerraren une gogorrenetan armadan izen ematen duen nerabe baten erretratu intimoa, modu horretan gizontasunaren esanahia bilatzen duen nerabearena”. Kapituluka banatuta dagoen argazki-erreportajean aurki dezakegu protagonista familiarekin ohiko bizimodua egiten, armadan entrenatzen, Iraken, etxera itzultzen…
Mairead Carrigan Maguire The Peace People mugimenduko buruak ARGIAri eskainitako elkarrizketan zioen duela gutxi Afganistanera tropa gehiago bidaltzearekin gizarteari esaten zaiola “militarrak arazoak konpontzeko baliagarriak direla, eta bide horren aldeko ilusioa mantentzen du. Baina nire ustez, militarrak arazoa dira, ez dute ezer konpontzen”. Normala da estatubatuarrek hori argi ez izatea, historiako aurrekontu militarrik handiena onartu duen AEBetako gobernuburuak, Obamak, Bakearen Nobela jaso berri baitu. Nobela ere sari belizista ote?
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks