Eskolarik ez, liburutegi duinik gabe
Irakurtzen dutena ulertzeko zailtasunak dituzte gazteek, azken kanpo-proben arabera. Ezinbestean dator galdera: irakurtzeari eta irakurzaletasunari nahikoa garrantzi eta denbora ematen al diegu etxean eta eskolan? Eskoletako liburutegiek ba al dute izan behar luketen zentraltasuna? Liburu (interesgarri)z betetako apalak, ikasgelak eta liburutegiak al ditugu gure ikastetxeetan?
PIRLS nazioarteko kanpo-probaren arabera, irakurtzen dutenaren ulermena okerrera egiten ari da azken urteotan, 10-11 urte inguruko haurrengan. Nafarroa Europar Batasunaren batez bestekotik behera geratu da proba horretan, eta EAE aurten ez da aurkeztu, baina aurreko proban ez zituen emaitza onak atera. Aste berean, manifestua kaleratu dute Espainiako Estatuko hainbat akademikok, tartean Hego Euskal Herriko unibertsitatekoek: eskoletako liburutegiak berreskuratzea eta dinamizatzea eskatzen diote administrazio publikoari, plataforma digitaletako irakurgaiek ez dezatela paperezko liburutegia ordezkatu (aberastu baizik), ezagutza eta informaziorako sarbide izugarria direlako liburutegiak, eta denentzako direlako gainera, egoera sozio-ekonomikoa dena delakoa.
“Lehen, eskola guztietan zegoen liburutegi arduraduna eta leku batzuetan jardunaldi osoko lanaldia izaten zen, baina hori poliki-poliki desagertzen joan da”
Eskolako liburutegiak ez ditugula behar bezainbeste zaintzen adierazi zigun Parean elkarteak: “Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila bera da liburutegien aldeko apusturik egiten ez duena: lehen, eskola guztietan zegoen liburutegi arduraduna eta leku batzuetan jardunaldi osoko lanaldia izaten zen, baina hori poliki-poliki desagertzen joan da”.
Zure herriko ikastetxeek ba al dute liburutegia? Duina al da, leku atsegina, liburu eskaintza zabala duena? Ba al dago norbait nahikoa denbora eskaintzen diona liburuak ekartzeari, aukeratzeari, aholkatzeari…? Ikasgelak liburuz betetako espazioak al dira oraindik? Eta etxeko pasillo, egongela eta logelak?
Behin istorio interesgarriz betetako apalak eskura ditugula, irakurzaletasuna sustatzeko gakoak ez dira sekretua: haurrak berak liburuak eta gaiak aukeratzea, elkarri gomendatzea, eskolan eta etxean patxadaz irakurtzeari denbora eskaintzea (isilean, ozen, bakarka, elkarrekin, taldean, zalantzak eta inpresioak partekatzen…), eta jakina, helduok ere irakurzaletasunari eustea, nekez transmitituko baitugu irakurketarako pasiorik, guk geuk gozatzen ez badugu.
4 Iruzkin
Trackbacks/Pingbacks
- Eskolarik ez, liburutegi duinik gabe - […] Mikel Garciak Argia aldizkariko Jendartean blogean. […]
Urduñako Josefinoetan nengoen eta zazpi urte (luze eta aspergarri)etan BEHIN BAKARRIK eraman gintuzten liburutegira. Orduan enteratu nintzen bazegoela!
Atlas bat zabaldu nuen eta Polonia agertu zitzaidan. Luze-meharra. Harridura, Polonia beti hain karratua…
Urteen buruan itzuli nintzen, irudi hura ezin ahaztuta, eta sartzeko baimena eskatu nuen…
Orduko Atlas hura bilatu nuen, eta bai: 1940koa zen, alemaniar okupazioaren garaikoa.
BEHIN BAKARRIK IZAN NINTZEN LIBURUTEGI HARTAN, BAINA MEREZI IZAN ZUEN
Liburutegi arduradunak berreskuratu behar diren figurak dira. Irakurketa plan sendoak behar dituzte eskolek, eta baita liburutegi eguneratu, erabilgarri eta erakargarriakm ere. Haurrek gero eta gutxiago irakurtzen dute, eta horrek eragin zuzena du hizkuntza konpetentzian.
Teknologia berrien erabilpena sustatzeko obsesio antzeko bat bizi dugu. Hauek menperatu eta modu egokian erabiltzen ikasteko beharra alboratu gabe, betiko beste euskarri eta baliabide batzuk sustatu eta bermatu behar ditugu: liburutegiak adibidez
Irakurketa-idazketa eta oinarrizko eragiketa matematikoak ikaskuntza prozesuaren funtsezko oinarriak dira. eta esango nuke duela urte batzuetatik hona ez zaiela behar adina garrantzirik ematen hezkuntza sisteman.
Ni txikia nintzenean, hamabostean behin eramaten gintuzten eskolako liburutegira, etxean irakurtzeko liburuak har genitzan, eta gelan ere irakurtzen genuen taldean nahiz bakarka, eta jarduera ugari egiten genituen liburuen inguruan (idazleak gonbidatu ere gonbidatzen zituzten eskolara etortzera haien liburuez gurekin hitz egiteko). Uste dut halakorik ez dela ia egiten gaur egun eskoletan.
Bestalde, sarri entzuten ditugu helduak (guraso nahiz irakasle) “Umeek ez dute irakurtzen” esaten , eta nik beti egiten diet galdera bera: “Eta zuk, irakurtzen al duzu?”. Izan ere, gure etxeko umeek asko irakurtzen dutela esaten dudanean, harriduraz begiratzen didate, baina gure umeek betidanik izan dituzte liburuak, aldizkariak etab. eskura etxean, txiki-txikitatik eraman ditugu auzoko liburutegira, liburuak irakurri dizkiegu eta ditugu haiekin, etxeko helduok ere dezente irakurtzen dugu… Beraz, ez da miraria gure haurrek irakurketa gustuko izatea.