‘Arriya’-ri buruzko kritika sut(s)uez
Dikotomia bitxia sortu du Alberto J. Gorritiberea zumaiarraren Arriya filmak: ez du inor epel utzi. Kritikarien artean, baita zinema-aretoak bete dituen publikoaren artean ere –jende kopuru aldetik harrera ona izan du pelikulak–, muturreko iritziak nagusitu dira. Gezurra dirudi, esaterako, film berari buruzkoak izatea prentsan irakurritako pasarteok:
“Topikoz jositako gidoia du, nahasgarriki korapilatua eta akzio arritmikoa oztopatzen duten elipsi dorpeekin (…) Elkarrizketa lotsagarriak dira nagusi (…) Dena da artifiziala Arriyan, eta harri-kartoizko materialekin eraikia dirudi” (Noticias de Gipuzkoan).
“Hiru familia, hiruki sentimental bat eta harri madarikatu bat, horiek dira autoreak maisuki uztartzen jakin dituen osagarri alkimikoak (…) Kronika emozional sentibera, eder, bero eta mingarri hau osatzen duten kapituluek behar duten erritmoa ekartzen du Bingen Mendizabalen soinu-banda bikainak” (Garan).
“Medemen buruan eta mami iragarkietan baino existitzen ez den Euskadi landatar idilikoan giroturiko ‘alegia’ zuzendu du Alberto Gorritibereak (…) Hondamendi honetan lagungarri dira aktoreen zuzendaritza gabezia, kaos narratiboa, musika zatarra [horrorosa, kritikaren jatorrizko bertsioan] eta pezetak autobus eta garbigailu berrienekin nahasten dituen anbientazioa” (El Correon).
“Kriston aktorea ikusi dut pantailan. Demasa. (…) Zelako soinu banda! Historian eta istorioan sartzen zaituena, filma laguntzen duena eta irudiak begietatik sartzeko gozagarri dena. (…) Herriko turista izateaz haratago filman barru-barrura sartu eta integratzea merezi duena. 5 eurogatik gauza asko eta onak” (Sustatun).
Eta abar luzea. Oraingoan behintzat, ezin esan “euskal” izateagatik faborezko tratua jaso duenik filmak. Eta ondo deritzot, niri Arriya gustatu zaidan arren osasuntsua delako obrak, arlo guztietan, bere horretan epaitzea, konplexurik eta faboritismorik gabe. Haatik, kritika ez gutxiren tonu erasokorrak harritu nau gehien, iraingarriak hainbatetan, tripetatik idatziak, kasik amorruz. Azken finean, kritikariaren funtzioa pelikula bat gomendatzea edo ez gomendatzea baldin bada, modu apalagoan ere egin daiteke. Euskal pilota. Larrua harriaren kontra lanarekin egindako etsaiengandik egurra jasotzera ohituta dago Julio Medem eta berak esana da honakoa, kritikariez: “Argi izan behar duzu zure egoa ezin dela pelikula egin duenaren gainetik egon. Epaitzea oso erraza da eta asko neurtu beharreko nagusitasuna ematen dizu. Errespetutik abiatu behar da, iritzi absoluturik eman gabe. Eta jenio txarrarekin idatzi eta burlatzea, hori gehiegi da… Eta bada hori egiten duen pertsona ugari. Zenbat eta irakurle eta botere gehiago izan, orduan eta okerrago jokatzen dute”.
Muga beharko lukete iritziek? Non dago muga, ordea? Nola eragiten dio film/liburu/disko baten komertzializazioari kritika on/txar batek? Arriya-ren kasuan, badirudi eztabaida eta iritzi kontrajarriak jendea aretoetara erakartzen ari direla. Beharbada, marketin mesedegarria dira jendearen jakin-mina pizten duten muturreko kritikak: gaizki bada ere, nitaz hitz egin dezatela.
Irakurri Arriya-ri blog honetan egindako kritika.
NOrberaren zintzotasuna izan beharko litzateke muga, ezta?
Hona hemen Boyerok Almodovarren azken filmari buruzko iritzia…
http://www.elpais.com/articulo/cine/Horror/frio/horror/grotesco/elpepuculcin/20110902elpepicin_4/Tes
Espainiako zuzendari preziatuenari egurra baino gehiago ematen dio. Pelikula bere ustez txarra baldin bada, ondo. Kritika arrotzagoa baldin bada arrazoi pertsonalengatik, gaizki…
Ados zintzotasunak izan behar duela muga, baina, dena den, Boyero ez zait ezeren eredu iruditzen…
Niri ere ez zait Boyero gustatzen, baina kasu honetan adibide gisa jarri dut gaur kaleratu duelako kritika eta denok badakigulako ze nolako tratua ematen dion Prisa taldeak Almodovarri. Bi hilabeten zehar erreportajeak, gehigarriak, elkarrizketak… Denak dira laudorio, Boyeroren andanada izan ezik, non eta ‘El pais’ egunkariko orrialdeetan. Nolabait ere, tipoak zintzoa da bere buruarekin…
Ados nago, ni neu ere harritu ninduen kritikei zerien amorrua…harrigarria benetan.
Ba ni ez nau harritu kritika batzuren amorrua eta tonua, egilea ezaugututa. El Correoko Josu Egurenek askotan egin du hori. Euskal produkzioak irrigarri uztea gustuko du (La máquina de pintar nubes-ekin gauza bera egin zuen), antza.
kapaza izan geure ekoizpena nahiz ez hain ona izan famatzeko zeren beste herriak berdin egiten dute hau espainiko gastelazko ekoizpen naskagrriak zeruaren pare jartzen dizkigute