‘Urteberri on, amona!’ eta diru-laguntzen politika bidegabea
Urteberri on, amona! filma estreinatu du gaur Telmo Esnal zuzendariak. Ez pentsa, ordea, gauza erraza izan denik. Ez pentsa, Asier Altunarekin 2005ean Aupa Etxebeste! arrakastatsua egiteak bidea erraztu dionik. “Mundu guztiak esan zigun ‘Aupa Etxebeste! egin eta gero erraza daukazue’, baina badirudi ezetz, ez duela ezertarako balio egindako lanak. Dirua banatzen dutenen artean euren azpikeriak dituzte, taldetxoak, honi eta hari emateko”. Horra Esnalek iaz aitortu zizkidanak, bigarren filma martxan jarri nahian ari zela.
Aupa Etxebeste!-tik sei urte pasa ostean, denak igual-igual jarraitzen duela iruditzen zaie Esnal eta Altunari, arazo berdinekin: produktoreek dute botere osoa, eta sortzaileak –zuzendariak– haien menpe daude, produktoreek erabakitzen dutelako dirua nori eman, ez oso irizpide egokien arabera. “Politikak zerikusi handia dauka eta dirua ez zaio ematen proiektuari edo zuzendariaren ibilbideari. Kontua zera da: zenbat kostatzen zaien batzuei pelikula egitea, eta beste batzuek zein erraz egiten dituzten! Oso bidegabea da hori”. Hitz gogorrak zinemagintzaren industria konplexurako.
Kontuak kontu, bigarren film luzea aurrera ateratzea lortu du azkenean Telmo Esnalek eta gaurtik aurrera izango da zinema-aretoetan. Hona kritika (kritika gehiago Donostiako Zinemaldiaren kanalean):
Telmo Zigilua
Mundu woodyallenianoaz eta Medem-unibertsoaz hitz egiten den bezala, ezinbestean Telmo Zigilua aipatu behar dugu Urte berri on, amona! filmaz mintzatzerakoan. Ohiko umore beltza primeran erabili du zuzendari zarauztarrak, eta komedian drama (edo draman komedia) txertatzeko duen gaitasunari tragedia eta thriller ukituak gaineratu dizkio oraingoan. Emaitza, genero batetik bestera maisuki jauzi egiten duen istorio basatia, bukaeraraino tentsioan mantentzen zaituena.
Badakizu nola hasi den, baina ez nola amaituko den. Istorioak, baita pertsonaiek beraiek ere, bihurgune ugari hartuko dituzte bidean, afera berriak suertatuko dira eromeneranzko bidaian eta ikuslearen jakin-mina areagotzen lagunduko du horrek guztiak. Gainera, ez dakizu hurrengo eszenan barre egingo ote duzun, atezuan mantenduko zaituen edo Corleonetarren istorioekin ikasi genituen mafia kutsuko pasadizoren batez gozatuko duzun. Dakizun gauza bakarra da familia guztia hankaz gora jarri duen amona gogaikarri horrek zure onetik ateratzen zaituela. Nor aterako da garaile? Eta bigarren maila batean, sotilki baina bortitz, drama zantzuak ditugu nonahi, familiaz, bikote harremanez, zaintzaz, ardurez…
Bere aurpegierekin amonaren rola ezin hobe antzezten duen Montserrat Carulla kataluniarraz gain, bikain daude Josean Bengoetxea (elkarrizketa egin genion Argian), Nagore Aranburu, Kontxu Odriozola eta Pedro Otaegi. Pare bat segundoko kameoa egiten du Esnalen lagun Asier Altunak (pelikularen gidoilaria, Telmorekin batera), baina adi egon beharra dago harrapatzeko.
Urte berri on, amona!
Zuzendaria: Telmo Esnal.
Gidoilariak: Telmo Esnal, Asier Altuna.
Aktoreak: Josean Bengoetxea, Nagore Aranburu, Montserrat Carulla, Kontxu Odriozola, Pedro Otaegi.
Euskal Herria. 107 minutu.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks