Ohitura indibidualak
Ohitura aldaketa indibidualak ezinbestekoak dira, nahikoak ez diren arren. Hiru arrazoiengatik dira nire ustez ezinbestekoak:
- Ohitura aldatzea ahalduntze ariketa da. Nork bere ekintzen gaineko ardura hartzen du eta horrek ahalduntze prozesuan laguntzen du.
- Egiturazko aldaketek dakarte aldaketa sakona, benetako eraldaketa. Baina ez dago egiturazko aldaketarik aldaketa indibidualik barik. Ezinezkoa da egiturazko aldaketarik egotea norbanako askok aldatu ez badute bere egunerokoa.
- Diskurtsoek komunikatzen dute, berbek indarra badute. Baina ekintzek askoz gehiago komunikatzen dute eta askoz jende gehiagorengana heltzeko gaitasuna dute.
Baina, kontuz. Aldaketa indibidualak ezinbestekoak dira, baina ez dira nahikoak. Ez. Bestelako lege babesak behar ditugu (eta ez zaigu ahaztu behar azken aldion babes juridikoa eskasten ari zaigula, handik eta hemendik, IƱaki Arrutik esan bezala).
Baina ez hori bakarrik. Aldaketa indibidualak eta lege babesak izateaz aparte, Petra Elserrek esaten zuen bezala, hizkuntza estrategia herrikoiak ere behar ditugu. Haren berbekin jarraitzeko, proba pilotu eta adibide asko ditugu dagoeneko. Bada garaia horiek gainditzeko eta sistematizatzeko. Eskalatzeko (hizkera politiko berri zatarrean esanda).
Bai, holan da. Izan ere, ohituren kate txikitxoak argalegiak dira sentitzeko, baina gero apurtzeko askotan sendoegiak bihurtzen dira. Holan da.