Negoziaketa irregularra
Pagafantas filmaren zuzendaria eta 8 apellidos vascos arrakastatsuaren gidoilaria da Borja Cobeaga, baina tonu ilunagoa eta malenkoniatsuagoa dario Negociador bere azken lanari. Hori bai, Vaya Semanita-ren kutsua ez du gainetik kentzen pelikulak.
Eszena ugaritan serio jarri da zuzendari donostiarra, sakon, euskal gatazkaz gogoeta egiteko asmoz; eta beste batzuetan aldiz, topiko-gag-txisteen bidez barre eragitea du helburu. Uztarketa horrek ez du osotasunean funtzionatzen, eta erdibidean geratzen da emaitza, bide irregularra eginez, batzuetan asmatuz, hainbatetan errepikakor.
2005-2006an Jesus Egiguren PSEko lehendakariak ETAko kideekin izandako elkarrizketez ikuspegi fikzionatua eta sui generisa eskaini digu Negociador-ek, baina planteamendu arriskatua eta originala duen arren, ez dugu ezer berririk aurkitu. Onena, ez dela esketx bilduma bat (8 apellidos vascos-en antzera), eta aktoreek lan ona egin dutela. Anti-heroia irudikatu du Ramon Barea protagonistak, Manu Arangurenen rolean (Jesus Egigurenengan inspiratua): mundua konpondu zezakeela sinetsita zuen gizajoa, azkenerako.
ZABALTEGI
Negociador
Zuzendaria eta gidoilaria: Borja Cobeaga.
Aktoreak: Ramón Barea, Josean Bengoetxea, Carlos Areces, Melina Matthews, Jöns Pappila.
Euskal Herria, 80 minutu.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks