Hasiera »
Pello Zubiriaren bloga - Xehe
Pello Zubiria
Aginaga-Usurbil, 1958. ARGIAn Net Hurbil atala eta Erlea&Apiterapia bloga egiten ditu, bestelako kazetari lanez gain. 2002tik sarean dauka Espondilitis izeneko artritisaz Izorrategi gunea.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Urko Ansa(e)k Horacio Icasto bidalketan
- Iñaki(e)k Andoaingo Udalak 36 lanposturi jaitsi die euskara eskakizuna bidalketan
- Santi Angulo(e)k Andoaingo Udalak 36 lanposturi jaitsi die euskara eskakizuna bidalketan
- Manex(e)k Andoaingo Udalak 36 lanposturi jaitsi die euskara eskakizuna bidalketan
- Tarratian(e)k Andoaingo Udalak 36 lanposturi jaitsi die euskara eskakizuna bidalketan
Artxiboak
- 2018(e)ko azaroa
- 2018(e)ko urria
- 2018(e)ko uztaila
- 2018(e)ko maiatza
- 2018(e)ko urtarrila
- 2017(e)ko urria
- 2017(e)ko iraila
- 2017(e)ko ekaina
- 2017(e)ko maiatza
- 2017(e)ko apirila
- 2017(e)ko martxoa
- 2017(e)ko urtarrila
- 2016(e)ko abendua
- 2016(e)ko azaroa
- 2016(e)ko uztaila
- 2016(e)ko apirila
- 2015(e)ko abendua
- 2015(e)ko azaroa
- 2015(e)ko urria
- 2015(e)ko iraila
- 2015(e)ko abuztua
- 2015(e)ko uztaila
- 2015(e)ko ekaina
- 2015(e)ko maiatza
- 2015(e)ko apirila
- 2015(e)ko martxoa
- 2015(e)ko otsaila
- 2015(e)ko urtarrila
- 2014(e)ko abendua
- 2014(e)ko azaroa
- 2014(e)ko urria
- 2014(e)ko iraila
- 2014(e)ko abuztua
- 2014(e)ko uztaila
- 2014(e)ko ekaina
- 2014(e)ko maiatza
- 2014(e)ko apirila
- 2014(e)ko martxoa
- 2014(e)ko otsaila
- 2014(e)ko urtarrila
- 2013(e)ko abendua
- 2013(e)ko azaroa
- 2013(e)ko urria
- 2013(e)ko iraila
- 2013(e)ko abuztua
- 2013(e)ko uztaila
- 2013(e)ko ekaina
- 2013(e)ko maiatza
- 2013(e)ko apirila
- 2013(e)ko martxoa
- 2013(e)ko otsaila
- 2013(e)ko urtarrila
- 2012(e)ko abendua
- 2012(e)ko azaroa
- 2012(e)ko urria
- 2012(e)ko iraila
- 2012(e)ko abuztua
- 2012(e)ko uztaila
- 2012(e)ko ekaina
- 2012(e)ko maiatza
- 2012(e)ko apirila
- 2012(e)ko martxoa
- 2012(e)ko otsaila
- 2012(e)ko urtarrila
- 2011(e)ko abendua
- 2011(e)ko azaroa
- 2011(e)ko urria
- 2011(e)ko iraila
- 2011(e)ko abuztua
- 2011(e)ko uztaila
- 2011(e)ko ekaina
- 2011(e)ko maiatza
- 2011(e)ko apirila
- 2011(e)ko martxoa
- 2011(e)ko urtarrila
- 2010(e)ko abendua
- 2010(e)ko azaroa
- 2010(e)ko urria
- 2010(e)ko iraila
- 2010(e)ko abuztua
- 2010(e)ko uztaila
- 2010(e)ko ekaina
- 2010(e)ko maiatza
- 2010(e)ko martxoa
- 2010(e)ko otsaila
- 2010(e)ko urtarrila
- 2009(e)ko abendua
- 2009(e)ko azaroa
- 2009(e)ko urria
- 2009(e)ko iraila
- 2009(e)ko uztaila
- 2009(e)ko ekaina
- 2009(e)ko maiatza
- 2009(e)ko apirila
- 2008(e)ko azaroa
- 2008(e)ko apirila
Kategoriak
- Adierazpen askatasuna
- Agiñarenak
- AHT
- Argia
- Artea
- Azpiegiturak
- Bihia
- Ekonomia
- Eltzegor
- Energia
- Erlea
- Euskal preso eta erbesteratuak
- Euskara
- Eutsizale
- Fukushima
- Gizartea
- Grezia
- Hedabideak
- Historia
- Ingurumena
- Iritzia
- Irratirakoak
- Izorrategikoak
- Kondarrak
- Kutsadura
- Larrun
- Literatura
- Musika
- Natura
- Nazioartea
- Nekazaritza
- Net Hurbil
- NetHurbildarrak
- Osasuna
- Pestiziden alternatiben astea
- Politika
- Sailkatugabeak
- TAFTA
- Tao
- Trantsizioa
- Zero Zabor
- Zinema
- Zorra
Clichy-sous-Bois: polizien absoluzioak gogorarazi ditu 2005eko gazteen heriotzak eta ondorengo liskarrak
2015-05-19 // Gizartea, Nazioartea // Iruzkinik ez
Clichy-sous-Boisen protesta 2005ko urrian. “Motiborik gabe hilak”, dio pankartak. (Argazkia: Benoit Tessier)
2005eko urrian Frantziako Estatuko kaleak sutan jarri zituen gertakizunaz astelehenean, maiatzak 18, eman dute epaia: auzitegiak errugabetzat jo ditu poliziak eta Clichy-sous-Boisen motiborik gabe agenteengandik ihesi transformagailu elektriko batean ezkutatuta hil ziren bi gaztetxoen heriotza halabeharrari egotzi. “Polizia zurien hitzak irabazi du“, deklaratu du haserre gazteen familien abokatuak. Epaia finkoa da eta apelaziorik gabea.
Europar askok liskar haietatik ikasi zuten banlieu hitza: Frantziako hiri handietako bazterretako auzuneak, langabezia, txirotasun eta bazterketaz gainezka. Bertako biztanleei orduan Barne ministro zen Nicolas Sarkozyk racaille deitua zien, jendaila edo jendilajea, hemen Gasteizen De Andresek erabili zuen morralla ezagunaren pareko. Paris inguruan 30.000 biztanle biltzen dituen Clichy-sous-Boisen 2005eko urriaren 27 hartan mutiko batzuk zetozen futbolean jokatzetik, bidean polizien patruila batekin topo egin zutenean. Hauek abisu bat jasoa zuten inguruko pabiloi batean lapurreta omen zela eta. Batak bestearekin zerikusirik eduki ez arren, poliziengandik ihesi hasi ziren korrika gaztetxoak. Estutasunean Zyed Benna (17 urte), Muhittin Altun (17) eta Bouna Traoré (15) etxola moduko elektrizitate transformatzaile batean sartu ziren. Solik Altun atera zen bizirik, beste biak elektrokutatu eta kiskalita hil ziren.
Zyed Benna eta Bouna Traoréren oroigarria. (Argazkia: Khayam)
Ondorengo egunetan istiluak zabaldu ziren Hexagonoko bazter guztietara. Tartean jakin zen, polizien arteko komunikazioetatik, patruilero batek ikusi zituela sartzen eta laguntzera joan ordez esan zuela “SDFren [konpainia elektrikoa] etxolan sartzen badira, jokatuko nuke ez direla bizirik aterako”.
Hamabost egunez iraun zuten liskarretan, Frantzia osoan zehar, 10.000 automobil kiskali zituzten, ehunka eraikin eta instalazio publiko zein pribatu erasotu (polizi-etxe, eskola, liburutegi, posta, bulego, eraikin erlijioso…). 4.000tik gora gazte atxilotu zituen poliziak, horietatik 763 gartzelaratuz. Zenbait iturrik txikizioen kostua 200 milioi eurokoa izan zela dio.
Aljeriako gerraz geroztik Parisko gobernuak sekula ez zuen Etat d’urgence deklaratu, ezta 68 mitikoan ere, Clichy-sous-Boisekoa bitartean. Horrek ematen du liskarron neurria, tarteka AEBetako beltzen auzuneetan gertatzen direnen parekoa. Asko hitz egin zen orduan banlieuetako jendeen bizimodu tamalgarriaz, Estatuak haietan sendotu beharreko politika sozialez… baina 2007an lehertu zen XXI. mendeko atzeraldi ekonomiko handia eta politika sozial guztietan guraizea errukirik gabe sartu zuten Europako estatu guztiek.
Nola bizi diren gaur Clichy-sous-Boisen? Inor hil ez denez, erreportariak harantz bidaltzeko gastuak ez du merezi. Hurrengo banlieua sutu bitartean itxaron eta orduan hasiko gara.
Paris Match astekariaren azala 2005eko azaroaren 10ean.
Zorraren mekanika Yanis Varufakisek gu garen ezjakinoi esplikatua
2015-05-17 // Ekonomia // Iruzkinik ez
Yanis Varufakis. (Blog pertsonaletik hartutako argazkia)
Greziaren kiebra den ekaitz gobernagaitzaren kudeaketak izar mediatiko bihurtu duen Yanis Varufakis ministroaren liburu berri bat plazaratu da euskaldun gehienek ulertzeko moduko hizkuntza batera: “Economía sin corbata. Conversaciones con mi hija“. 2014an grezieraz argitaratu zen “Μιλώντας στην κόρη μου για την οικονομία” tituluz. Botoa emateko eskubidea aspaldi eskuratu arren mundua mugitzen duen diruaz gaztetxoak bezain ezjakin garenok baliatu beharko genuke krisitzarra pittin bat ikasteko.
“Minotauro Globala” famatua idatzi zuen ekonomialariak 192 orritan laburbildu du ekonomiaren eta diruaren historia, Neolitikoa eta berehala Mesopotamian hasita XXI. mende honetaraino. Hedabideek eskainitako aurrerapenen artean, La Vanguardian Justo Barrancok laburbildu du bankuen bilakabideaz dioena.
Denbora joan ahala, bankariak gainditu egin zuen diru soberakinak zeuzkatenen eta diru hori maileguan hartu nahi zutenen arteko bitartekari lana; bankaria hasi zen etorkizunari balioa ateratzen hura gaur erabili ahal izateko, zeren eta merkatu gizartea mugi arazteak eskatzen ditu dauden aurrezkiak baino inbertsio askoz handiagoak. Hori bai, Varufakisek azaldu du pizgarriak direla medio bankaria ahalegintzen dela etorkizunetik gaur egunera aurreratzen ahal duen balio guztia, horrek bere etekinak handiagotzen baititu… eta horrela eragiten du leherketa, orainak etorkizunari aitortu behar dionean ez daukala zor diona itzultzeko adina. Orduan egokitzen zaio Estatuari jokoan sartzea.
Eta, ziurrenik Greziaren egoeran pentsatuz, gehitzen du “orainak ezin dionean ordaindu etorkizunari, ez dago beste soluziorik zorra barkatzea baino. Ez da etika kontu bat, praktikak agindutakoa baino: bankariek lortzen baldin badute ordaindu ezin diren zorrak ez barkatzea, orduan gizartea atzeraldi iraunkorrean harrapatuta geratzen da”.
Ez da, eskuineko populistek herritarren buruetan iltzatu duten gisan, zegokiguna baino gehiago gastatu dugula aurreko urteetan. Ez. Sistema bera dago eraikita bankariek etekinak lortu ditzaten gaur gastatuz beraiek kalkulatzen dutena bihar eduki dezakegula. Hala egin dute eta hala gaude, greziarrak bezala geu ere, zorraren katean zintzurretik harrapatuta.
Funesen astelehenean ez zen ezer berezirik gertatuko gipuzkoar askorentzako
2015-05-12 // Iritzia // Iruzkinik ez
Funesen bi langile hil araziz amildutako garabia. (Argazkia: EITB)
Gaurko Diario Vasco miatu dut birritan Funes ba ote den begiratzeko. Nafarroan bizi ez garen euskaldunoi Berriak ezagutarazi digu albistea: “Bi behargin hil dira Funesen, oso gora igota zebiltzala erorita“. Garak ere bai: “Dos trabajadores fallecen en un accidente laboral en la empresa Ultracongelados Virto de Funes“. Orobat Noticias taldeko periodikoek: “Mueren dos operarios al caer de 50 metros en una obra en Funes” (nahiz eta bi obrero gaixoek metro gutxiagoko erorikoa aski izan duten bizia bertan uzteko). Eta EITBk: “Bi langile hil dira lan istripuan, Funesen“.
Konpostatze plantaren kontrako protesta Funesen igandean, Diario Vascoren orrian.
Aldiz, Diario Vascon lehen begiratu batean ez dut ikusi, egongo da laburren batean galduta. Bigarren begiratua ematearren bazkalondoko kafea pagatu dut ostatuan, eta deus ere. Harrigarria, Funes benetan herri maitea baitu Gipuzkoako oligarkiaren egunkariak. Astelehenean bertan, istripuaren egun berean, orri oso bat dedikatu zion Funes herriari han hondakin organikoak ongarri bihurtzen dituen usina baten kontra igandean egindako protesta zela eta: “Cientos de vecinos piden que Funes quede ‘libre de la basura’ que llega de Gipuzkoa“. Aurretik beste dozena erdi bat orri oso emana izango dio Nafarroako herriari, eskainiko dio gehiago, zerbitzu publiko pribatizatuen lobbyak hondakinen errausketa justifikatzeko behar adina alditan.
Obreroen seme-alaba garenok ondo dakigu lan-istripuak beti egon direla eta beti egongo. Baina gainera, enpresek beren lanak externalizatzeko estrategiak ugaritu ditu ezbeharrak, lehiakortasuna hobetu beharrak ezarritako lan erritmo gero eta gogorragoek ugaritu dituzten bezala. Prekariotzaren aro latz honetan, lanak eta zerbitzuak zatikatzen dira gero eta urrunagoko enpresetako beharginei egin arazteko.
Nor ote ziren Funesen hil diren bi obrero horiek? Zenbat orduko lanaldiak ote zituzten? Lagunik, emazte edo bikoterik, seme-alabarik? Gipuzkoarren goizeroko poz eta haserreak programatzen dituen periodikoarentzako, astearte goizean Funes ez zen Gipuzkoa. Glamour gutxitxo Virtoren obretan.
“Post Crash Economics” eguna ospatu dute ekonomia ikasleek mundu osoan
2015-05-06 // Ekonomia, Gizartea // Iruzkinik ez
Bartzelonako Pompeu Fabra unibertsitatean aldarrikatu dituzte historian arrastoa utzi arren ikasketetan baztertzen diren ekonomialariak.
Garai garratzak izpiritu kritikoari eutsiz ekonomialari izan nahi duten ikasle gazteentzat: nork esan behar zigun 2015. urtean ikasketa planen artean Karl Marx, Paul Sweezy edo J.A. Shumpeter bezalako autoreak ezagutzeko eskubidearen alde borrokatu beharko zutenik? Ortodoxia neoliberalaren katalogoan sartzen ez diren beste ekonomialari inportanteak unibertsitateetako erreferentzien artean berriro sartzea, hori baizik ez dute eskatu 30 herrialdeetan maiatzaren 5ean.
#PluralEconDay marka ezazu Twitterren eta ikusiko dituzu hainbat unibertsitatetan burutu dituzten mintzaldi, bilkura eta erakusketa. Euskal Herrian izandakoen albisterik ez den arren. Hurbileko erreferentzia bat aipatzeko, lerroon alboan doan afixak Bartzelonako Pompeu Fabra unibertsitatean iragartzen zuena. Egitarauan aipatzen diren ekonomialarien zerrendak ematen du une honetan ortodoxia neoliberalak ezarrita daukan pentsamendu bakarraren neurria: ez bakarrik ekonomia ekologikoan ari direnak, mundu aberatsetik aparteko herrialdeetako aditu ezagunak, deshazkundearen teorikoak edo ekonomialari heterodoxoak deitu direnak… gainera ekonomialari klasiko handi asko ere baztertzen dira ikasketa planetatik. Edo John Maynard Keynes bera!
Hannoverreko (Alemania) ikasleak Keynes, Ricardo eta Marx aldarrikatzen. (Argazkia: @Plural_Hannover, Twitter bidez)
Ekonomia ikasle kritikoen mugimendu berria Manchesterreko unibertsitatean hasi zuten iaz Post-Crash Economics Society izenarekin. 2007an lehertutako krisitzarrak astindu ditu, gure sakelak eta gizarteak bezala, ekonomia ikasten ari direnen buruak ere: ezin da ekonomiarik ulertu 2007ko crasha eragin duten ekonomialari neoklasikoen aldamenean ez baditugu aztertzen beste ekonomialari ez ortodoxoen eta kritikoen proposamenak.
Andy Robinson kazetariari esan diote Manchesterreko ikasle kritikoek: “Ohartu gara unibertsitate bat rankingean zenbat eta altuago egon, orduan eta pluraltasun gutxiago daukala ekonomia zientziaren ikuspegitik”. Urte luzez ekonomialariak modu horretan formateaturik egoteak zerikusirik badu 2007ko krisia ia denen oharkabean iritsi izanarekin eta ustez zulotik ateratzeko erabili diren erremedioekin kalteak are gehiago handitzearekin.
“Post-Crash Barcelona: Pluralitat en economia com a utopia possible. Una economia en peu de guerra intel·lectual“. Ekonomialari izan nahi duten ikasle gazteak gerra intelektuala pizten munduan zer-nola-zergatik geratzen den zertxobait ulertzeko.
Telefonica eta Movistarren dena da prekario, baita langileen greba ere
2015-05-04 // Ekonomia, Gizartea // Iruzkin bat
Telefonica eta Movistarreko langile prekarioen greba iragartzen duen afixa Tolosan ikusia.
Lerroon aldameneko afixa txikiak (folio soil fotokopiatua, platanoaren gerriari celloz lotua) harritu ninduen duela hamabost egun Tolosako Triangulo plazan baina laster ahaztu nuen. Inon ez baita albisterik ez entzuten, ez ikusten, ez irakurtzen, Espainiako Estatuko konpainiarik handienaren langileek daramaten borrokaz. Nahiz eta apirilaren 7tik ari den luzatzen mobilizazioa.
Euskaraz oso ondo idatzitako (biba zuek!) paskinean azaltzen dute zergatik doazen grebara Telefonicaren (Movistar da bere produktu ezagunena gaur herritarren artean) azpikontratatan ari diren langileak. La Marea gunean Brais Benitezek laburbildu ditu beharginon bizi baldintzak: 12 ordutara iristen diren lan aldiak dauzkate, horietatik lau baizik ez kotizatuz; astelehenetik igandera ari behar dute hilabetean 800 euro baizik ez kobratzeko; horietatik deskontatu behar dira langile bakoitzak bere kotxearekin egin beharreko gastuak, dela gasolina, bezeroaren etxe inguruan aparkatzea, eta abar. Lan baldintza horiek eskaintzen dizkie 20.000 obrerori Espainiako korporazio gotorrenetakoa den Telefonicak, 3.178 milioi euroko irabaziak 2014an.
Telefonicako langileen estatu mailako mobilizazioa apirilaren 23an Madrilgo kaleetan. (Argazkia: AST)
Langileen atomizazioa da greba egiteko gainditu behar izan duten lehen oztopoa. Pribatizatu zutenetik 50.000 enplegu galdu dituen Telefonicak bere jarduera gehiena kontrata eta azpikontraten gain laga du urteotan, neoliberalismoak enpresetan eragin dituen aldaketen eredu bihurtuz. 2014an Bartzelonan egindako greba ahaleginaren ostean, aurten Madril eta Bartzelonatik zabaldu da mugimendua apiril hasieratik. Gurean ere zenbait ondorio erakutsi dituen arren, nahiko oharkabean ari da pasatzen. Zergatik? Grebalariek bi errudun markatu dituzte.
Alde batetik, sindikatu handietatik (Comisiones Obreras eta UGT batik bat) aparte egosi delako greba hau. Bestetik, kazetariok ikusten gaituzte bigarren erruduntzat: hedabide handiei diru asko ematen die Telefonicak publizitatean eta horietan oihartzun gutxi lortu dute grebalariek.
Albistearen xehetasun gehiago ezagutzeko:
“Greban dira ‘Telefonica-Movistar’-entzat lan egiten duten teknikariak” (EITB)
“Huelga indefinida de los técnicos de Telefónica. La revuelta contra la precariedad” (Viento Sur)
“Dar a la huelga de Movistar la relevancia política que merece” (Publico)
“Crónica de una huelga indefinida histórica” (telefonica.blogspot)
“Telefónica y su cadena de explotación” (La Marea)
Europako ezkerraren txaloez gain laguntza behar du orain Syrizak
2015-04-27 // Ekonomia, Gizartea, Grezia // Iruzkinik ez
Eurotaldea argazkirako bildurik apirilaren 24an Rigan. (Argazkia: Valda Kalnin/EPA)
Ez gaitezen endredatu Yanis Varufakisen inguruko informazio arroxarekin. Ez dakigu zergatik eta zertarako kendu dion Alexis Tsiprasek Troikarekiko negoziaketen protagonismo publikoa, zein arrazoi pertsonal, taktiko edo estrategiko dauden… eta zein norabidetan. Greziaren arazoa ez da Varufakis eta ez da izanen hura bakanago azaltzea teleberrietan. Lerroon ondoko argazkiak azaltzen du greziarren arazoa.
Bakar-bakarrik Europako gobernu guztien eta indar gehienen kontra, horrela ikusten da borrokan Atenasko gobernu ezkertiarra Grezia harrapatu duen zepoaren erdian bizirauteko arnasa bila. Orain maiatzaren 12a aipatzen diote hil ala biziko data erabakiortzat, 774 milioi euro itzuli behar dizkiolako Nazioarteko Diru Funtsari, ekainean 1.500 milioi gehiago, eta udako hilabeteetan Europako Banku Zentralari beste 6.500… Eta astero dago Europako goi aginteren bat ultimatuma oihukatzen zezen heleniar odolduari, ez badira denak batean, ostiralean ministro guztiak bezala Rigan aho batez: “Traga ezak edo akabatu hadi!”.
De Guindos eta Varufakis joan den ostiralean Rigan. (Argazkia: Europar Batasuna)
Zenbat eta ahulagoa ministroa, orduan eta lotsagabeagoa zaurituarekin. Herrialde baltikoak, Eslovakia, Troikaren botika hartu ondoren akituta dauden herri preso hartuen buruzagi morroiak… eta Espainiako De Guindos, terratenientearen gerizpean harroturiko maizterra, txikia gehien jipoitzen nabarmendu nahi duten siervoetakoa. Bitartean oligarkia −nori bururatu zitzaion aberatsei merkatuak deitzea?− elkarren artean apustuka ari dira, greziarrek A plana irentsiko dutela, edo Grezia eurotik kanpora doala zuzenean, edo barruan geratu eta kiebra paktatua lortuko dela, edo greziarrek corralitoa gainean dutela…
Ataka gaitzetik ateratzen asmatzea heroizitatea lukete Tsiprasek eta Varufakisek, ataka gaitzean gobernua bizirik atxikitzea bera aski meritu badute. Errusiarekin eta Txinarekin bilatu irtenbide batzuk, Troika disfrazatuarekin negoziatzen jarraitu, Greziako administrazio guztietako sos guztiak (udalenak, eskualdeenak, denak) zentralizatu likidezia eskuratzeko horrekin etxeko askorekin haserretuz. Biziraun… eta bakarrik.
Europako ezkerrak, izen hori oraindik beretzat daukanak, txalotu zuen Syrizaren garaipena. Ezker horretatik ikusten dira greziarrei laguntzeko ahalegin batzuk, Euskal Herrian Eric Toussaintek aurkeztu duen zorraren auditoria egiteko laguntza bezala. Izan dira agerraldi batzuk ere. Baina ez asko gehiago. Espektakuluaren paradigmak funtzionatzen du honetan ere, protagonistak edan dezala kaliza osorik eta ingurutik haren aldekoek txalo egingo dugu, aldi berean kritikatzeaz gain juzgatuko dugularik ea borreroen mende gure laguna bikain, ondo, erdipurdi, kaxkar edo deputapena ari den atxikitzen.
Oker ari dira Europako ezkerrak −politikoak bezala sindikalak eta sozialak− Greziari gertatuko zaionaren prozesuan ikusle geratzea erabaki badute. “Greziak itxaropena ekarri du Europara” aldarrikatu zutenek, kalkulatu bezate zer gertatuko zaien baldin eta kapitalak Syrizaren gobernua zepoan ito eta Greziaren itxaropena hondoratzea lortzen badu.
Herrialde aberatsek Siriako miloi bat errefuxiatu onartu behar dituzte, dio NBEren ordezkariak
2015-04-24 // Grezia, Nazioartea // Iruzkinik ez
Siriatik ihesi iritsitako Um Ahmed eta Abu Ahmed bere bi haur txikiekin Libanoko Tripoliko kanpamendu batean. (Argazkia: Civil Society Knowledge Center)
Nazio Batuen Erakundearen emigranteei buruzko berriemaile François Crepeauk eman dio zifra The Guardian egunkariari: munduko herrialde aberatsek prestatu behar dute datozen bost urteetan milioi bat iheslari siriar hartzeko beren lurretan. Itsasontziak hondoraturik Mediterraneoan behin eta berriro zientoka errefuxiatu hiltzen ari diren krisiari buruz galdetutakoan aipatu du.
Kanadako McGill unibertsitatean (Quebec) katedraduna den Crepeauk dioenez, “jakin badakigu jende asko ari direla beren herrietatik ihes egiten, partikularzki Siriatik, eta horiei ez badizkiegu alde egiteko mekanismo ofizialak eskuratzen trafikatzaileen atzaparretan eroriko dira. Europa erreakzionatzen ari ez delako sortu da trafikatzaileentzako merkatua”.
Bi multzo handi bereizi ditu Crepeauk hilabeteotan Europara datozenen artean. Alde batetik daude Magrebetik eta Saharaz beheko Afrikatik eten gabe datozenak, hemen lana badela jakinik. Baina hilabeteotako larrialdi humanitarioa bigarren sail baten etorrerak eragin du, gerrari ihesi Siriatik, Eritreatik, Somaliatik eta Afganistandik datozenenak: “Begiratzen badiegu siriar eta eritrearrei, ohartuko gara oraintxe bertan Ekialde Hurbilean daudela kokaturik -Turkian, Libanon, Jordanian eta, eritrearren kasuan Egipton- baina leku horietan etorkizunik ez daukate, hori ere badakigu. Herrialde horiek ez diete utziko gelditzen bertan. Iheslariak harrapatuta daude ez beraiek eta ez beren haurrek etorkizunik ez daukaten lekuetan”.
Esajeratu egin ote du NBEn beriremaileak milioi bat iheslariren etorrera iragarrita? Tamelez, ez. Italiako lehen ministro Matteo Renzik azaldu berria du Italiak 2014tik hona 200.000 pertsona atera dituela (testualki “salbatu” esan du) itsasotik. Agian Crepeau motz geratu da. Sirian Baxar el Assad agintetik kentzeko garaia zela erabaki zutenek kalkulatu ote zuten ordainetan handik Europari boomerang moduan milioi bat pertsona iritsi behar zitzaizkionik?
Conf’eko laborarien biltzarra Garazin asteazken eta ostegunean
2015-04-20 // Nekazaritza // Iruzkinik ez
Conf’eko laborariak iazko azaroan protestan multinazionalek nekazaritzan ezartzen duten eredu industrialaren kontra. (Argazkia: Confederation Paysanne)
ELB barne duen Confederation Paysanne sindikatuak bihar eta etzi, apirilak 22 eta 23, burutuko du bere biltzar nagusia Garazialdean, zehazki Izpuran (Donibane Garazin bertan, errekaren beste aldean). Frantziako Estatuko baserritarren sindikatu nagusi eta nekazaritza industrialaren indar faktikoa den FNSEAren ondoan bigarren indarra da Conf’ sindikatu alternatiboa, baserri txikien eta produkzio mota naturalagoen aldeko apustua egiten duena. Bere txikian Ipar Euskal Herriak baduenez erreferentzialtasun bat Conf’ek biltzen dituen baserritar frantsesen artean, azken bi urteotan Mikel Hiribarren itsasuarra da bere bi idazkari nagusietako bat.
Asteazkeneko eta ostegun goizeko eztabaidak sindikatu barruko jendearentzako izango dira (300-400 ordezkari iritsiko dira Garazialdera Hexagono osotik eta baita itsasoz beste aldeko departamentuetatik ere). Lau gairen inguruan iragartzen dituzte lan-taldeak: klimaren aldaketa, nekazari berrien instalatzea, lekuko laborantza versus urruneko komertzializazioa sustatzen duena, eta nekazaritzaren industrializazioa. Confederation Paysanneko ordezkariekin ariko dira talde horietan Iparraldeko Bizi! elkartea, Euskal Herriko Laborantza Ganbara eta Jean-Christophe Kroll nekazaritzako aditu eta irakaslea.
Ostegun bazkalondoan burutuko da konfederazioaren biltzarraren atal irekia. “Agriculture paysanne, restons fermes” gaiaz eztabaidan ariko dira Mixel Berhokoirigoin ELB eta EHLGko lider ezaguna, Marise Cachenaut Lurramaren ordezkaria eta… Garaziraino espreski hurbilduko den Stéphane Le Foll Frantziako Laborantza ministroa. Mahai-inguruaren izenburuak aipatzen duen “Restons fermes” horixe da biltzarraren goiburua: ferme hitzak frantsesez dituen esanahi ezberdinekin (“baserria” eta “irmo” edo “tinko”) egiten du jokoa adierazteko ELB eta Conf’eko nekazariek nahi dutela batetik baserriek baserri izaten segitzea produktuak ekoizteko fabrika industrial bilakatu gabe, eta bestetik baserritarrok beren ahaleginean irmo edo tinko atxikitzeko erabakia daukatela.
Orduko 15 dolarreko soldata lortzeko borrokan AEBko McDonald’setan
2015-04-19 // Ekonomia, Nazioartea // Iruzkin bat
Polizia protestariak atxilotzen New Yorkeko McDonald’s baten aurrean apirilaren 15ean. (Argazkia: @JLopez_MRNY Twitter bidez)
1.000 langile bildu dira New Yorken Brooklyngo McDonald’seko atarian apirilaren 15ean, eta azkoz gehiago AEBetako 236 hirietan fast-food kateek dauzkaten ostatuen aurrean. Bi eskariren lortzeko dabiltza azken hiru urteotan: orduko 15 dolar (13,9 euro) irabaztea eta sindikatuetan afiliatu ahal izatea.
Gutxi eskatzea ote da? Larregi, antza, 2012tik horren bila eta oraindik alkantzatu ez dutenerako. Horra American Way of Life, 2008ko krisiaz geroztik Europa osoan nagusitu nahian ari direna. Utikan 35 ordu eta enparauak.
Washingtongo gobernuaren estatistiketan, AEBn McDonald’s, Burger King eta beste marka famatuetako bezala ezezagunetako fast food ereduko jatetxeetan 3,13 milioi langile ari dira, soldatan bataz beste 9,19 euro irabazten dutela orduko.
Jaki azkarretako langileen borrokak pizturik, gutxieneko orduko 15 dolarren aldeko Figth For 15 mugimendua urteotan inguruan biltzen joan da prekariotzan ari diren beste alor askotako langileak, azken hamarkadotan multinazionalek hedatu duten Low Cost negozioak hornitzaileak bezala langileak zukutzearen gainean oinarritu delako: oro da fast eta low cost, langileak barne. AEBko borrokak oihartzuna izan du beste herrialde batzuetako alor bereko beharginen ere apirilaren 15ean.
Paradoxikoki, ekonomiaren araugabetze erabatekoa eta estatuaren kasik desagertzea aldarrikatzen duten multinazional neoliberalok bere soldata mixeriazkoen ondorioak estatuari pasatzen dizkiote: AEBn fast foodetan ari diren 3 langiletik 1ek hilabetea osatu eta familia bizirik atxikitzeko laguntza sozialetara jo beharra dauka. Horra zergatik interesatzen zaion Obamaren administrazioari korporazioek soldatak pittin bat igotzea.
Apirilaren 15ean New Yorken egindako manifestazioaren irudi bat. (Argazkia: Fight For 15, Twitter bidez)
Kepa Ordoki (eta 2): Txomin Iturberen eta Galindoren arteko mezulari
2015-04-16 // Historia, Larrun // Iruzkinik ez
LARRUNek 1988ko udazkenean plazaratutako “Kepa Ordoki, gudarien komandante: “Santoñakoa baino Bilbo entregatzea izan zen grabea” elkarrizketa luzeak, abertzale zaharraren bizipen ugariak jorratu ostean, azken orrialdeetan bildu zuen 1985koa izan behar duen negoziaketa ahalegin bat ETAren borroka armatua gainditzearen inguruan.
Ordokik “Le Monde” egunkarian eta “Punto y Hora” astekarian aurreratuak zituen elkarrizketaren pasarte honetan kontatuko zituenak. LARRUNeko elkarrizketan deigarri egiten da ikustea pasadizoa gudari zaharraren traiektoria zabalaren amaieran.
Ordokik kontatzen duen ahalegina kokatu nahi duenak ETAren eta Madrilgo Gobernuaren arteko kontatuen historia luze eta katramilatsuan, begiratu dezake Iñaki Egaña eta Giovanni Giacopucciren “Los días de Argel: crónica de las conversaciones ETA-Gobierno español” (Txalaparta, 1992) liburuan. Googleko bertsio digitalean 95. orrialdean aipatzen da.
Hona LARRUNeko elkarrizketaren pasartea osorik:
LARRUN.- Hemen aipatzen dugun negoziaketa oso gauza abstraktoa da. Baina zuk parte hartu zenuen saio hura [Oharra: Punto y Hora astekarian Ordokik azaldu zuena, ETAren, Garaikoetxea lehendakariaren eta Madrilen arteko kontaktuak] oso gauza konkretoa izan zen.
Kepa Ordoki.- Ni “Ignacio komandantea”rekin -gero garbi jakin ahal izan da [Enrique Rodriguez] Galindo koronela zela hura- egon nintzenean, gauza argi eta zehatz geratu zen: Txominen [Iturbe] aginduz joan nintzen ni berarekin hitzegitera. Txominen eta Garaikoetxearen arteko elkarrizketak ondo zihoazen. Oroi zaitez, Bakearen mahaiaren garaiak ziren; badakizu mahai hura sozialistek lehertu zutela, sozialistek eta PNVk berak ere bai. Hura baino lehen urte bete baino gehiagoz ETAren eta Gobernu españolaren arteko kontaktoak izanak ziren, politikoekin eta militarrekin. Mundu guztiak daki. ETAk KAS alternatiba jartzen zuen beti aurretik, Autodeterminazioa barne. Madrilgoek ezez, eta kontaktoetan aurrerapenik ez zen ikusten. Hala eten ziren.
Nik, aldiz, Txomini esaten nion akordioa lehenago Eusko Jaurlaritzarekin egin behar zela. Ona edo txarra, baina Jaurlaritza geneukala, eta berekin jarri behar genuela konforme, horrek Madrilen aurpegia eman zezan eta ETArekin iritsitako akordioa esiji zezan. Eta ETAkoek berriz Eusko Jaurlaritzak ez duela biperrik balio… Egia da, nahi baduzu, ez du biperrik balioko baina martxan jartzen ari zen, bere ertzainekin, eta eman zituzten lau sosekin eta beste. Gero iritsiko zen LOAPA. Bitartean, Madrilekin kontaktoetan segitzen zuten.
Baina kontakto horiek eten ziren, eta jarkin nuenean ikusi nuen hura zela berriz saiatzeko unea. Garaikoetxearekin elkarrizketan hasteko oneritzia eman zidan Txominek, eta bilera batzuk ere egin genituen. Baina Madrilgo informazio zerbitzuek jakin zuten kontakto horien berri, eta zer egiten du polizia espainolak, Galindok alegia? ETArekiko harremanetan zuten enlazearekin hitzegin. “Bai, kontaktoak martxan daude, zuekin ezertara iristeko modurik ez dagoenez, Eusko Jaurlaritzakoekin hasi dira” erantzun zien honek. “Eta nor da kontaktoa?”. “Ordoki” esan zion; oker egina, zeren eta haiek jakingo zuten ordurako, baina ez zion esan behar. Haren bidez iritsi zitzaidan “Ignacio komantantea”nirekin egon nahi zuela enkargua. Erantzun nion bai Txomini eta bai Garaikoetxeari komentatuko niela, eta haiek egoki ikusten bazuten joango nintzela. Ondo ikusi zuten biek, eta deiaren zain geratu nintzen.
L.- Eta horrela gertatzen da “Costa Vasca” hoteleko zuen zita.
K.O.- Bai, eta han ezagutu genuen “Comandante Ignacio” bezala presentatu zena. Egun hura arte ez genekien bere benatako kargua, eta horregatik aurkezpenak egiterakoan galdetu nion ea nor zen, edo noren ordezkaria zen. Eta erantzun zidan: “De la misma manera que usted representa a ETA, yo represento al Ministro del Interior, al señor Barrionuevo”. Eta: “Zer nahi duzue?”. “Badakizu orain arte KAS alternatibaren gainean aritu garela izan ditugun kontaktoetan, bain ahorretan aurrerapenik ez zen posible eta hola eten dira harremanak”.
Esplikatu dizudanez, Txomini KAS alternatiba pittin bat “limatu” beharra adierazten nion, Garaikoetxeak ere hala esaten zuen eta. Zerbait limatu. Eta konformidade batera iritsiak ginen: Garaikoetxearen lau gizon -diputatu eta abar- joango zirela eztabaidatzera ea KAS alternatibatik zer limatu ahal izango zen. Horixe zen falta zen bilkura, eta orduan enteratu ziren Galindo eta horiek eta niri deitu. “Costa Vasca”ko zita horretan Galindok esan zidan prest zeudela amnistia osoa emateko.
L.- Eta zuk galdetu zenion “[Jesus Mari] Zabarte barne?”…
K.O.- Hori da. Eta berak: “Baita ere, baina ezingo da berehala atera. Odol delituak dituztenek pittin bat itxoin beharko dute, baina beren egoera hobetuko litzateke espetxean. Horiek libre utzi eta Txomin eta denei etortzen utziz gero Fraga eta beste erotu egingo bait lirateke. Espetxeetako egoera hobetu, eta Txomin eta horientzako behar den dirua Hegoameriketara edo nahi duten lekura joan daitezen. Zuretzako bezala, nahi duzun dirua eskatu, zeren eta badakigu gauza hauek kosta egiten direla”.
Aipatzen zen baldintza zen ETAren tregoa. Orduan nire aldetik: “Beraz, goizaldeko detentzioak eta torturak ere gelditu daitezela. Estradiziorik ez dadila izan, eta GALek bere hilketak gelditu ditzala”. Berak: “Bueno, GALen asuntoaz guk ez dakigu ezer”. Nik altxa eta esan nion: “Zuk eaten badidazu GALez ezer ez dakizula ni banoa, hizketan segitzeak ez du merezi”. Keinu berezi bat egin zuen, eta eskoltan zituenak ere mogitu egin ziren, baina geldirik egoteko zeinu bat egin zien eta “eseri zaitez, mesedez, segi dezagun elkarrizketan”. Estradiziorik ez zela izango agindu zuen.
Han segitu genuen eta bi orduren buruan azkenean esan zidan: “Gogoan al duzu esan dugun guztia?”. “Bai”, nik. “Ni gela batera noa hitzegin duguna paperean idaztera, eta gauza bera egiteko eskatzen dizut. Komunika iezaiozu hau del Txomini, eta erantzuna daukazunean deitu, edozein ordutan, eta zita jarriko dugu”, eta telefonoak eman zizkidan. Esan nion: “GAL batetik eta frantsesekin daukazuen kolaborazioa bestetik, gauza hauek ezin dira egun batera egin”. “Bueno, bada ahalik eta azkarrena”. Eta berriro aipatu zuen baldintza: “Bide honetatik segitzekotan ‘condición sine qua non’ da ETAk atentaturik ez egitea”. Eta erantzun nion: “Sei hilabete daramatza ETAk atentaturik burutu gabe. Atentaturik ez izatekotan, zuek ere gaueko errejistroak-eta gelditu beharko dituzue”. “De acuerdo”, eta hola bukatu genuen.
L.- Zerbaitetan ari zinetela pentsatu daiteke zure hitzetatik, eta aldiz ezertara ez zineten iritsi.
K.O.- Zer gertatu zen? Haiek bazekitela ETAren eta Garaikoetxearen artean kontaktoak bazirela, eta akordio batera iristekotan. Felipe Gonzalez ere Ameriketatik eta Europatik ibilia zen “terrorismoaren” aurkako propaganda eginaz. Garaikoetxea eta ETA beraiek baino lehen adostasun batera iristea ez zitzaien interesatzen. Eta PNVko zati batek ere ez zuen inolako interesik Garaikoetxea joko horretan indartuta ikusteko.
Ordurako auzitegi frantsesek estradizioetarako baimena emana zuten, baina gobernu frantsesak uko egiten zion neurri horri. Badinter zen justizi ministraria, eta Bordaletik pasea zen, hango udaletxean izandako bilkura batera etorrita. Eta bilkura hartan egon behar zuen jeneral bati abisoa pasatu genion alderdi sozialistako emakume garrantzitsu baten bidez, Badinterrekin komenta zezan ea estradiziorik izango zenetz. Eta goizaldeko ordubietan deitu zidaten Bordaletik esateko estradiziorik ez zela izanen. Galindorekin izandako bilkura hartatik pare bat egunetara izan zen hau.
Eta hiruzpalau egunetara, Gobenu sozialistak estradizioak ematen ditu. Fabius-ek esan zuen hiltzaile batzuk zirela; egun gutxi barru bat libre utzi zuten, eta gero beste bat, hura gezurtatuz, baina enfin. Gobernu espainiarrak presio egin zuen frantsesen gain estradizioak izan zitezen, ETA Garaikoetxearekin adostasun batera iritsiko zen baldurrez. Laster egin zuen ETAk hurrengo atentatua. Horrela eten zen dena, eta inork ezer esaten ez zuenez, nere bertsioa eman nuen “Le Monde”n bezala “Punto y Hora”n.