Angelu itsua
Hasiera » Urko Apaolazaren bloga - Angelu itsua

Esklabistak epaitu

2020-07-24  //  Historia  //  Iruzkinik ez

‘The Guardian’-en sortzaile John Edward Taylor; esklabotzarekin izan zuen harremana ikertuko du egunkari britainiarrak.

AEBetan, Ingalaterran eta mundu osoan Black Lives Matter mugimendua esklabotza eta arrazakeria zuritzeari uzteko eskatzen ari da, eta ikusi ditugu pertsonaia txit entzutetsuen eskulturak hankaz gora jarrita. Astinaldia hainbestekoa da, ezen The Guardian-ek jakinarazi duen egunkariaren sortzaile John Edward Taylorrek (irudian) esklabotzarekin izandako harremana ikertuko duela.

Euskal Herrian ere baditugu “filantropo” askoren irudiak eta izenak gure kaleetan, horietako zenbait mundu mailako esklabista handienetakoak izan ziren XIX. mendean. Baina harrigarriro gurean ez da ia kalapitarik sortu. Esklabotza gure gizartearen parte ez balitz bezala jokatu izan du orain arte euskal historiografiak, eta agian horrela segitzen dugu pentsatzen.

Askotan esan izan da ezin direla epaitu egungo begiekin iraganeko ekintzak. Baina kontua da orduan ere epaitu zituztela euskal esklabista haiek. XIX. mendean gizakien salerosketa jadanik ilegala zen, baina zenbaitek zeregin beltz horretan segi zuen inoiz baino gehiago. 1843ko abuztuan Londreseko Cumberland jauregi erraldoian arabar jatorriko Pedro Jose de Zulueta, Zulueta & Co. sozietatearen jabea atxilotu zuten, esklabotza debekatzen zuen tratatua hausteagatik.

Egungo Liberian, Gallinas ibaian, bandera errusiarrarekin zioan Augusta ontzian esklaboak garraiatzeko tresneria atzeman zuten eta aitzakia hori erabili zuten tribunal ingelesek orduko esklabista-klan handienetako bat epaitzeko. Zuluetak Kubako bere senide Julianekin, Pedro Blancorekin eta beste negrero askorekin zituen negozioak.

Auzia oso ezagun egin zen, baina azkenean, jakina, absolbitu egin zuten. Hala ere, epaiketa hark erakutsi zuen zein punturaino zeuden sartuta euskaldunak esklabotzaren munduan. Zuluetak bere burua iritzi publikotik defendatzeko epaiketaren ondoren idatzitako liburuxka, akademikoen ikerketa iturri da egun Ingalaterran, esklabotza ezabatzeko borroka politikoaren lekuko paregabea delako. Abuztuko egun hartan “Inkisizioaren eskuetan erori” zela dio, zinikoki, gizakiekin trafikatuz aberastu zen gizonak.

Garaian garaiko mentalitateak ulertu behar dira, noski, eta historialarien lana behar luke hori azaltzea. XIX. mendean asko ziren esklabo trafikoarekin ezikusiarena egiten zutenak, baina asko ziren baita ere haren kontrakoak. Gurean gaia gehientsuen ikertu duen Jose Antonio Azpiazuk Euskadi Irratian zioen bezala: “Ulergarria izan liteke orduan gauza horiek gertatzea, baina gaur egun defendatzea beste gauza bat da”.

Bardeatik Erronkarira, artzain baten azken pausoak Twitterrez

2020-07-03  //  Ekonomia, Historia, Ingurumena, Uncategorized  //  Iruzkinik ez

Bardean lau urmael natural daude, horietako bat da La Cruceta deiturikoa. Irudian ikusi daiteke Domingo Urzainquiren artaldea handik El Pasora bidean, Artzainaren Monumentua dagoen tokirantz (arg.: La Kukula).

Domingo Urzainqui Burgiko artzainak bere artaldea Erronkariarren Errege Abelbidean zehar darama egunotan, mende askoko ohitura eta garraio modu jasangarriari eutsiz. Bere ibilia Twitterren jarraitzen ari da Burgiko La Kukula kultur elkartea.

 

(gehiago…)

Kaleak, eskulturak, panteoiak… Honela zuritu ditugu XIX. mendeko euskal esklabista “filantropoak”

2020-06-18  //  Gizartea, Historia, Uncategorized  //  Iruzkinik ez

Julian Zuluetaren erretratua Arabako Arte Ederretako museoaren atarian. Erakusketa publikoari zabalik dago irailaren 20ra arte (arg.: EiTB)

George Floyd ito zuen belaunetik gertuago dagoela ezin onarturik oheratu zen Iñigo Aranbarri, joan den igandeko Berria­-ko zutabean kontatu zuenez. Ezin dugu onartu genozidioan eta esklabotzan oinarritutako ekonomia oso batetik zurrupatu dugula, sikiera zertxobait, eta belaun hori militar eta oligarkena dela diogu. Baina orduan, zergatik dauzkagu oraindik haien izenak gure kaleetan jarrita?

Amerikaren genozidioan eta mundu globalaren hasierako konkistan gakoak izan ziren itsasgizonen aipamenak asko dira (Elkano, Okendo, Oñate, Legazpi, Urdaneta…). Aldiz, XIX. mendean “bigarren esklabotza” deiturikoan parte hartu zuten euskal tratularien jarduna ezezaguna zaigu, nahiz eta ez diren hainbeste urte igaro.

1817an esklabo trafikoa galarazteko Espainia eta Erresuma Batuaren arteko tratatua sinatu zenetik gutxienez 1880ra arte –Espainiako erregeak esklabotza debekatu zuen urtea–, zientoka milaka afrikar eta asiar eraman zituzten Amerikara, bai legez kanpo nola kolono itxura emanez. Kapitalismoak esklabotza abolitu zuela gezur handi bat da, Kataluniako eta Euskal Herriko industrializazioa ezinezko zatekeen hori gabe –ez galdu datorren asteko Larrun (253 zk.) gain horren inguruan–.

Derrigorrezko eskulan merkeak emandako plusbalioa pagotxa izan zen merkatari eta lurjabe askorentzat. Baina euskal kapitalista haietako zenbaiten filantropiak diruz busti zituen herri asko, eta hori da gogoratzen duguna eskulturetako plakatan. Zuriketa horren adibide batzuk ekarriko ditugu hona.

Arabako Arte Ederren Museoak berrikitan Julian Zulueta Amondoren erretratua erosi du, Federico Madrazo margolari madrildarrak egina. Ana del Val Arabako kultura diputatuak “pertsonaiak duen garrantziagatik” eta “museo honentzat duen esanahiagatik” justifikatu zuen erosketa. Museoa dagoen jauregia haren alaba Elvirak eginarazi zuen 1912an, beste hainbat eraikinen artean. Margolanaren aitzakian erakusketa ere paratu dute “enpresariaren” inguruan.

Elvira zulueta eta Ricardo Augustin. 1917an hiltzean, esklabistaren alabak bere ondasun guztiak ongintzarako eta Elizari utzi zizkion –Gasteizko Gotzaindegia diru horrekin egin zen–. 1941ean Augustinek euren jauregia saldu zion Arabako Aldundiari eta urte batzuetara museo bilakatu zen. (arg: Arte Ederren Museoa)

Julian Zulueta Euskal Herriko eta munduko esklabista handienetakoa izan zen. Azukre-ola erraldoien jabea (8.272 hektarea), Kubara esklabo gehien sartu zituzten urtean –1859an 40.000 inguru– gehienak bere bidez izan ziren, Hugh Thomas historialari ezagunaren arabera. Txinatar esklaboak ere inportatu zituen eta eginahalak egin zituen Txinak bere portuak ireki zitzan horretarako. 1874an horrela idatzi zuen:

“Lehenengo bi urteetan ez dute beren zoriagatik etsipen handiegirik erakusten, askok beren buruaz beste egiteko joera izaten baitute eta urkatu egiten baitira, pentsatzen horrela beraien herrira doazela, eta horretarako ekipaia eta janaria prestatzen dute bidaia luze bat egingo balute bezala; lehenengo bi urteak pasatu eta gero pozik aurkitzen dira beraien zoriaz eta lana betetzen saiatzen dira, oso arraroa da orduan beren buruaz beste egitea edo ihes egiten saiatzea”  

Lortutako dirutza eta boterearen ordainetan, Arabako markesaren titulua eman zion Alfonso XII.ak. Zuluetaren panteoia da salbuespeneko toki pribilegiatua bakarra duena Gasteizko Santa Isabel hilerri historikoan. Orain, bere irudia ere handikiro ageri zaigu Arte Ederren museoaren atarian lonazko afixan, erakusketa irailaren 20ra arte baitago zabalik.

Elvira Zulueta 1917an hil zen eta berak utzitako dirua Gasteizko Gotzaindegia egiteko erabili zen besteak beste. Haren senar Ricardo Augustinek 1941ean saldu zion Arabako Aldundiari egungo Arte Ederren jauregia, 3.600 euroren truke. Handik ez oso urrun, Prado parkearen ondoan, Elvira Zuluetak kale bat dauka bere omenez.

Donostiako Antigua auzoa gurutzatzen duen Matia kaleari, Jose Matia Calvo laudiotarraren omenez jarri zioten izen hori, 1891n. Besteak beste, txinatar esklaboak Kuba, Peru, Panama eta Puerto Ricora garraiatzen lehenengotakoa izan zen, Claudio Menchacatorrerekin batera Manilan zuen merkataritza konpainiaren bidez.

Montserrat Garate historialariaren esanetan, Jose Matiak harremana zuen James Tait eskoziarrarekin, eta honek hornitzen zuen txinatarrez bere konpainia, genero-transakziorako merkataritza-sare zabal baten barruan. Horrez gain, Agirre anaiak sozio zituen, eta hauek ere esklaboen salerosketan zeuden sartuta. Matía, Menchacatorre & Cía txinatarren trafikoan “espezializatu” ziren konpainietan nabarmenena zela dio Garatek.

“Matia” izena 1891n jarri zioten Donostiako Antiguako kale ezagunena denari. Jose Matiak txinatar esklaboekin trafikatuz lortu zuen bere aberastasunaren zati handi bat.

1847 eta 1874 urteen artean 124.000 txinatar inportatu zituzten trafikatzaileek Kubara, baina asko bidean hil ziren –lehenengo bidaian %28ko heriotza tasa izan zen–. Matiaren ontzietako bat, Bella Vascongada, ezaguna zaigu Barojaren nobeletatik; bere sotoetan zientoka txinatar eraman zituen Panamara, hango kanala egitera. Zenbait ikerketen arabera, 12.000 langile hil ziren baldintza kaskarretan obra faraoniko hartan.

Jose Matia Cadizen ezarri zen eta azken urteetan filantropiara dedikatu zen. 1871n hil zen oinordekorik gabe, eta egindako dirutzarekin Donostian babes-etxe bat sortzea agindu zuen: gaur egungo Matia Fundazioa. Laudion ere kale batek bere izena darama.

Manuel Calvo kaleak Nerbioi itsasadarraren ertz garrantzitsua igarotzen du Portugaleten. Manuel Calvo Agirre Kubako lur eta esklabo jabe handienetakoa izan zen –besteak beste, Portugalete azukre-olan 200 esklabok egiten zuten lan–. Orduko beste esklabista handi batekin, Antonio Lopez Comillasko markesarekin, harreman komertzial estua izan zuen –2018an Lopezen estatua izen bereko plazatik kentzea erabaki zuen Bartzelonako Udalak–.

Calvo Compañía Trasatlántica boteretsuaren lehendakari-orde izatera iritsi zen Lopezekin bazkidetzan. Jon Ander Ramos ikerlariaren esanetan, Lopez eta Zuluetaren “itzalean” gelditu bazen ere, haien parekoa zen. Hara zer zioen Kubako Diario de la Marina egunkariak portugaletetarrari buruz:

“Zutabe bat jaso ahal izango bagenu, Calvok Afrikako kostatik inportatutako beltzen sorbaldak eta oinak bata bestearen gainean jarrita, inportatzailearen buruak lurreko atmosferaren muga gaindituko luke pedestal garai horretara igota”

Bere fortunaren zati bat Portugaleten zerbitzu publikoak ordaintzera bideratu zuen Calvok, eta Gran Hotel Puente de Portugalete dagoen jauregi handia ere berak utzi zuen dohaintzan, hortik ateratako errentekin “herriko pobreei jaten emateko”. Hil zenean, Comillasko bigarren markesak –bere oinordeko unibertsala– panteoi ikusgarria jaso zuen Calvoren omenez Portugaleteko hilerrian. Egun fundazio bat ere badago bere izenarekin, arlo sozialean eta ongintzan aritzen dena.

Manuel Calvoren omenez Comillasko bigarren markesak panteoi modernista ikusgarria jaso zuen Portugaleteko hilerrian.

Hortik ez oso urrun, Santurtziko udaletxe parean Cristobal Murrietaren omenezko eskultura aurki dezakegu. 1923an inauguratu zuten ponpa handiz eta 90eko hamarkadan berritua izan zen. Murrieta, txinatarrak Perura inportatzeko zubia izan zen Matiaren eta Menchacatorreren konpainiarentzat XIX. mende erdialdean, Garatek dioenez.

Perun urte horietan boom izugarri izan zen guanoa erauzteko –Europan oso preziatua zen hegaztien gorotz hori ongarri bezala erabiltzeko– eta asiar eskulana erabili zuten horretarako. Itsasertzeko Chinca irletako mehatzeetatik lortzen zen guanoa eta txinatar askok utzi zuen bizitza bertan, amildegietan erorita edo materialak isurtzen duen amoniakoaren ondorioz ahotik odola zeriela, esklabo kondiziotan lanean. Murrieta, guanoa Espainiara esportatzeko kontsignatario nagusia zen, 1851ko kontratu honetan ageri den bezala. Beraz, interes bikoitza zuen txinatarren trafikoan.

Cristobal de Murrietaren omenezko monumentua 1923an inauguratu zen Santurtzin eta 90eko hamarkadan berritu egin zen (eskuineko irudia). Bere izena daraman etorbide zabalaren amaieran dago kokaturik, udaletxearen parean.

Horrez gain, finantzen munduan esklabista handien ordezkari izan zen Londresen, esaterako Lekeitioko Goytisolorena –Bartzelonan errotu zen familia ezaguna–. Espainiako Bankuaren ordezkari ere izan zen hiri hartan eta City-ko bigarren finantza-konpainia garrantzitsuena edukitzera iritsi zen.

Besteak beste, Santurtziko Itsas Eskolaren eraikuntza finantzatu zuen eta Portugaleteko bidea egiteko obrak ere bai. Gaur egun bere izena darama etorbide luze eta zabal horrek.

AHTk itzuliko diguna

2020-05-18  //  Ekonomia, Gizartea, Historia, Ingurumena  //  Iruzkinik ez

Atxondoko “maisu maestren etxea” zegoen tokian bildu dira herritarrak AHTrik ez dutela nahi adierazteko (arg: Atxondo AHTrik ez)

Hondeamakinek joan den astean Abadiñoko Mendilibiar-erdikoa baserria nola eraisten zuten ikustean, ziztada bat jasoko zuen batek baino gehiagok gorputzean. 500 urteko baserria, gure ondare arkitektonikoaren puska baliotsu bat, behera bota zuten minutu gutxitan. Abiadura Handiko Trena igarotzeko durangaldean egiten ari diren lanen ondorioz bota dute baserria, baita Atxondoko “maisuen-etxea” ere. (gehiago…)

Oroimena duten etxeak: konfinamendua, pareta-zulo ezkutuak eta paper zaharrak Izaban

2020-05-11  //  Historia  //  Iruzkinik ez

Izabako kale et eraikinak (arg. Hilobi / Flickr CC)

Oroimena berreskuratu eta gordetzeko ekimena abiatu du Izabako Kurruskla elkarteak. Etxeetan mende askotan ezkutatuta egon izan diren paperak astindu dituzte bizilagunek, herriko ondare dokumental eta grafikoa aberastu asmoz.

 

Erronkariko ibarrera salto egiteko aukera duenak eta hango herrietan barrena paseatu, berehala konturatuko da etxeei historia dariela paretetatik. Izaban, eraikin bakoitzak badu bere izena, erronkarieraren eta iraganaren erakusgarri, horietako gehienak Erronkaribarko Etxeak liburu erraldoian jasota daude, 2018an argitaratua: Txarrantxulo, Bormapea, Andresalgarra, Garxo, Beltxa, Gorria, Katalingarde…  Beste herri askotan gertatzen den bezala, hemen ere ez dira etxe izen soilak, familiak ezagutu eta herriko bizimodu eta harreman sozialerako kode gisa mantendu izan dira gaur arte.

Etxe horiek, izena ez ezik izana ere badute, historia sakonekoa baita antzinako erreinuetatik eta oraingo merkataritza-guneetatik urrun geratzen den ibar hau. Iragan hori berreskuratzeko aukera ikusi du Kurruskla elkarteak konfinamendu betean, eta barrunbeetan dauden paper zaharrak nahiz historiak astintzeko eskatu die herritarrei, Mendixut aldizkarian Fernando Hualde ikerlariak azaldu digunez.

“Norbere etxeko oroimenaren aurrean jartzea nahi dute –dio Hualdek–, ez soilik etxe bakoitza gai izateko bere historia berregin eta gordetzeko, baizik eta herriak berak, udal agiritegian gorde dezan etxeen historia hori”.

Azaldu dutenez, arraroa da “bere paperak” ez dituen etxerik Izaban. Hor daude, askotan ezkutuan. Zeren eta iraganean, etxeen oroimena salbatzea –barrutik egurrezkoak diren eraikinotan kriseiluetako suak dena kiskali zezakeen– funtsezkoa zen; dokumentuak ziren garrantzitsuena aurrera egin ahal izateko.

Erronkariko ibarreko arkitektura zibila berezia da oso: teilatu makurrak, arku-gotiko ederretako atariak, egurrezko balkoiak, tximinia borobil ikusgarriak… eta harrizko horma sendoak. Pareta horien loditasuna aprobetxatzen zuten sarritan, haietan zuloak egin eta egurrezko kutxatxo luzeetan paperezko altxor preziatuak gordetzeko.  Ez dira gutxi, gaur egun obrak egiten hasi eta sorpresa aurkitu dutenak.

Kurrusklak galdetegiak pasa dizkie e-postaz bizilagunei, has daitezen dokumentu horietan begiratzen eta etxekoei galdezka, Covid-19aren itxialdiak eta ibarreko isiltasunak ematen dien patxadaz, familiaren dekonstrukzioa egiteko. Puzzle horren pieza bakoitzak merezi baitu tokitxo bat herri oroimenean.

Engainatu gaituzte

2020-05-10  //  Gizartea  //  10 iruzkin

Iñigo Urkullu eta Arantxa Tapia prentsaurreko batean (arg.: Irekia)

Arantxa Tapiaren hitzak atzetik jotako aizkorakada izan dira askorentzat. Deseskalatzearen fase honetan ez digute utziko beste herri batera mugitzen. Ez da harritzekoa haserrea eta amorrua. Engainatu gaituzte.

Hemengo agintariek egunak zeramatzaten esaten euskal lurraldeek aise gaindituko zutela froga, datu onenak genituela. Nekane Murga Osasun sailburuak berak horixe berretsi zuen larunbat eguerdiko agerraldian, kontraesana ageriago utziz.

Herritarrek espektatiba handiak zituzten. Baina BOEren dekretua atera eta gutxira, presazko prentsaurrekoan, aurretik abisurik ere eman gabe, askok euren senideak ikusteko zituzten itxaropenak zapuztu ditu Tapiak.

Komunikazio estrategian hanka sartze itzela egin du Jaurlaritzak, lehenago Zaldibarrekin egin zuen bezala. Noiztik zekiten hori? Zergatik ezkutatu dute? Inprobisazioak, ezkutukeriak eta herritarrak tuntuntzat hartzeak, guztiok gogaitu eta askok arauak desobeditzea besterik ez du ekarriko.

Biharamunean, irrati publikoan konpondu nahi izan du jokaldia sailburuak, aurreko egunean esandakoa justifikatuz –herritarroi “garen bezalakoak garelako” debekatu digute mugitzea– eta karamelutxoak banatuz: etxeko kide guztiek elkarrekin paseatu ahal izango dugu orain, neurri horrek inoiz zentzurik izan balu bezala.

Lehen Sánchezek esaten zuen zer egin behar genuen. Orain Tapiak. Beren eskuetan al gaude? Kazeroladak gutxi izango dira gure eskubideak berreskuratu nahi baditugu.

Herritarren amorrua handitu baizik ez da egin, atzean interes partidista hutsak daudela jabetuta. Alarma egoera luzatzeko Espainiako Gobernuarekin izandako negoziazioetan, orain badakigu ahalik eta azkarren hauteskundeak egin ahal izatea egon dela mahai gainean –BOEko luzapen dekretuak salatzen ditu beste behin jeltzaleak–. Eta horretarako, Urkulluk beharrezkoa zuen EAE osoa egotea lehen fasean sartuta, bozetarako deialdia aurretik egin behar baita.

Beraz, ofizialki lehen fasean gaude, baina de facto zerogarrenean jarraitzen dugu, jarduera ekonomikoak izan ezik. Tabernara joan gaitezke, baina mendira ez. Mezetara joan gaitezke, baina liburuak ezin ditugu mailegatu. Lanera joan gaitezke beste herri batera, baina hurbilekoak bisitatzera, ez.

Zuhurtzia argudiatu dute, “garantistak” izan nahi dutela. Baina ze garantiarekin bidali nahi izan zituzten milaka langile fabriketara pandemiaren okerrenean? Ze berme eskaintzen dute ikasgeletara eraman nahi dituzten 90.000 ikaslerentzat? Eta bulegoetara itzularaztea agindu dieten funtzionarientzat?

Bistan da pertsonen beharrizan sozialak eta jendearekiko konfiantza baztertu dituztela, produzitu-kontsumitu paradigma lehenesteko. Ez direna konturatzen da, eredu horrek berak eraman gintuela martxoaren 13ra, eta bide horretatik, berriz itzuliko garela hasierako puntura.

Rodamundo

2020-04-01  //  Historia  //  Iruzkinik ez

XVI. mende amaierako izurriaren biktima bi Gaztelan.

Koronabirusaren krisiak sekula imajinatuko ez genituzkeen irudiak utzi dizkigu: kale hutsak, itxialdia, beldurra… Gertaera historiko bat bizitzen ari garenaren sentsazioa daukagu soinean, “honetaz beti akordatuko gara”, esaten diogu albokoari. Baina, ez gara hain inportanteak, gure arbasoek ere ondo zekiten zer zen pandemia bati aurre egitea. Seguruenik, historiaren lerroan belarriak apalduta jarriko gaitu honek guztiak XXI. mendeko mundutarrok.

1596ko azaroaren amaieran, Santanderreko portura Felipe II.a espainiar enperadorearen zerbitzura zegoen Rodamundo itsasontzi holandarra ailegatu zen Flandriatik, eskifaia osoa gaixotuta zeukala. “Izurri Atlantiarra” berehala zabaldu zen hiriburuan, arkakusoen bidez, eta hortik Kantauriko kostalde osoan zehar barreiatu zen. Euskal Herrian, Lekeitio, Donostia eta Pasai Donibane izan ziren kaltetuenak, baina hildakoak zientoka zenbatu zituzten beste herri askotan ere. Gasteizen adibidez, 5.000 biztanleko hirian ia 2.000 hildako utzi zituen, Lantziegoko apaizak idatzi zuenez.

Oraingoan ere, hedapen azkar horren errua emakumeei egotzi zieten, maindireak prezio onean erosten omen zituztelako –“Buenas y baratas, aunque han salido malas y caras“–, izurrite horren inguruan EHUko Arabako Campuseko liburutegian 2018an paratutako erakusketan azaldu zutenez. (gehiago…)

Txoriak etxetik behatuz, ikasi munduan bizitzen

2020-03-28  //  Ingurumena, Natura, Osasuna  //  Iruzkinik ez

Txolarrea edo artatxoria ere gero eta urriago bihurtu da azken urteetan. Itxialdiak aukera emango digu beti ondoan izan dugun bizilagun hori ezagutzeko.

Hiri eta herri guneetan, autoen burrunba askoz eramangarriagoa da sikiera, pandemiaren ondorioz larrialdi egoera ezarri zenetik. Zirkulazioa gutxitzeak, lehendik gurekin bizi ziren baina antzematen ez genituen animalia askoren hotsak entzun ahal izatea ekarri du. Etxeko balkoitik txori behaketa egitea zabaldu da entretenimendu gisara, baina aisialdi hutsa baino askoz gehiago da: naturako gure baliokideak kontenplatuz ikas dezakegu munduan bizitzen.

 

Prismatikoak ez dira soilik auzokideak zelatatzeko erabiltzen egunotan, konfinamendua errespetatzen ote duten edo ez. Inguruko txorien behaketa ariketa osasuntsua bilakatu da askorentzat, batez ere etxean 24 orduz derrigorrez entzerratuta egon behar duten haurrentzat, larrialdi egoeraren zentzurik gabeko aginduen biktima nagusiak.

Hirietako trafikoa arinduta, txorien kantua berriz itzuli da gure eguneroko bizitzara, izan txolarre, zozo, tortola, buztanikara edo karnaba. Adi jarriz gero, alaituko dizkigute goizak eta ikusmira, eta hori bakarrik ez, bizi ditugun ziurgabetasun garai hauek hobeto ulertzen ere lagunduko digute. Izan ere, nork esan du animalien kontenplazioa garrantzirik gabeko denbora pasa besterik ez dela? (gehiago…)

Umorea sendagarria da eta gainera ezin da konfinatu

2020-03-24  //  Historia  //  Iruzkinik ez

Emakume presoak Ravensbrücken. Asko umorearen indarraz atera ziren bizirik infernu hartatik.

Neus Catalá erresistente katalanaren bizitza harrigarria da. Bigarren Mundu Gerran naziek atxilotu zuten eta torturatua izan ondoren Ravensbrück-en  giltzapetu, Alemanian emakumeentzako sorturiko kontzentrazio lager bat. Balkoirik gabeko barrakoi luzetan pilatuta, horma eta txarrantxez inguratuta, hainbat urtez jasan behar izan zituen SSen izugarrikeriak, 40.000 poloniar, 20.000 judutar eta beste hainbat herrialdetako esklaboekin batera, gehienak preso politikoak.

Historialarien arabera, Ravensbrück-en 50.000 lagun hil ziren eta horietako 6.000 inguru gas ganberatatik pasa zituzten azken momentuan, 1945eko apirilean Ejertzito Gorriak liberatu baino lehen. Auschwitz ezezagun horretan iraun zuen errepublikar bakarrenetako bat  zen Neus Catalá (1915-2019), eta bere testigantza hunkigarria idatzita utzi zuen Un cel de plom liburuan Carme Martí kazetariarekin batera –La Ciutat Invisible Coop.-ren liburudenda autogestionatuan eskuratu dezakezue, nahi izatera–.

Zein izan zen heriotzaren fabrika ilun horietatik bizirik irteteko sekretua? Zerk mantentzen zuen Neusen eta bere kideen morala goian, egoera horri aurre egiteko? Kantuak, poztasuna eta umorea izan ziren erabilitako armak. Insomnioari, goseari eta hotzari halaxe erakutsi zizkioten hortzak, barrez.  Katalanari sarritan eskatzen zioten Charlot imitatu zezala, eta bere keinuekin algaraka jartzen zituen denak. (gehiago…)

Amiantoa? Bost inporta…

2020-02-13  //  Ingurumena, Osasuna  //  Iruzkinik ez

Zaldibarko luizia gertaturikoan suhiltzaileek ez zekiten zabortegi bat zenik ere, baina usainagatik igerri zuten: “Hori kimikoa zen, kimiko-kimikoa” azaldu dio haietako batek ‘Berria’ egunkariari.

Lehenago edo geroago azaleratzen dela, hori du amiantoak, izan heriotza aurpegiarekin, izan gobernu krisi itxura hartuta. Esku artean dugun arazo potoloenetako bat lurpean gordetzeak ez du askorako balio.

Zaldibarko luiziaren larrialdiari beste dimentsio bat eman dio mineral kantzerijenoa tartean izateak. Nahikoa dira 0,0001 zuntz/cm amianto, mesotelioma bat edo pleurako minbizia sortzeko, politikari arduragabe batzuek kontrakoa esan arren. Egiaz ez dago balore segururik, “ezin izan delako zehaztu amiantoarekiko esposizioak minbizi-arriskurik eragiten ez duen mailarik”, Espainiako Laneko Osasun eta Segurtasun Institutuak berak aitortu duenez.

Horregatik, zabortegi batean amiantoa pilatzeko neurri oso zorrotzak ezartzen ditu araudiak. Eusko Jaurlaritzaren 49/2009 Dekretuak zehazten du, hondakin ez-arriskutsuentzako zabortegi batean amiantoa uzteko, uralita eta bestelako materialak osorik eta hauts gabe egon behar direla, zakutan itxita eta plastikozko zorrotan “guztiz babestuta”, eta ertzik gabeko tumulutan lurperatuta, puskatu ez daitezen.

Zaldibarren urtetan pilatutako zabor piloa amiltzerakoan, ordea, bistan da amiantoaren zuntzak barreiatu egin direla. Horrek sekulako arazoa ekarri du, eta okerrena dena, bi langileren gorpuak erreskatatu ezinik dabiltza orain, euren senideen sufrimendurako.

Gure “Gorlenben” partikularra

Verter Reciclyng enpresak ba omen zuen baimena enpresa berezituek eramandako amiantoa jasotzeko, besterik da kate horretan zein baldintzatan iristen zen eta nola isurtzen zen, txostenetan ageri diren irregulartasunak tarteko. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailaren arabera, azken hiru urtetan 10.000 tona eraman zituzten Zaldibarrera –konparazio baterako, Espainiako Estatuan amianto gehien jasotzen duen Kataluniako Castellolí zabortegian batez beste 11.000 tona sartzen dira urtero–. Ez da nolanahiko zifra, ez zen depositu arrunta.

Castellolíko zabortegiak bi milioi metro kuborentzako gaitasuna du eta Kataluniako bakarra da hondakin arriskutsuak jaso ditzakeena. Zaldibarren gutxienez milioi erdi metro kubo lur daude kutsaturik.

Milioi erdi metro kubo lur kutsaturik geratu dira luiziaren ondorioz. Nora eramango dituzte orain? Ulergarria da Mallabia edo Zallako herritarren haserrea, gure Gorlenben¹ partikularra bihurtzeko hautagai baitira. Edo akaso kanpora eramango ditugu hondakin arriskutsuok, Indiako itsasontzi-hilerrietara eraman izan diren gisan?

Tamalez, basoa zabalgoa da: Euskal Herria puntu beltza da amiantoari dagokionez. Espainiako Estatura hamarkadatan inportaturiko 2,5 milioi tona amianto hutsen %10 hemen dago. Nafarroako Gobernuaren kalkuluaren arabera, lurralde horretan gutxienez 6 milioi metro koadro estalpe dago fibrozementuz egina eta 566 kilometro kanalizatu dira material berarekin. 2040rako amianto horren bizitza baliagarria %100ean amaitu eta oso arriskutsu bilakatuko da. Orain arteko arduragabekeriaz kudeatzen badute, hondamendi gehiago eta handiagoak etorriko direla esan beharrik ez dago.

Arduragabekeria hori ondo ezagutzen dute amiantoaren biktimek –Euskal Herrian 25.000 pertsona hilko dituela uste da–. Gaixotzen direnak bigarren aldiz kondenatzen dituzte labirinto judizial batera. Bitartean, enpresek inpunitate osoa dute. Berriki jakin dugu Uralita SAk eskuak garbitu nahi dituela eta Eternit ahaltsuak amianto produkzioari ekingo diola berriro². Pleurako minbiziak eta mesoteliomak ez dira azaltzen 30, 40, 50 urte geroago arte. Isiltasun hilgarri horrekin jokatu izan dute orain arte osasun arduradunek, biktimei kasu zipitzik ez egiteko.

Amiantoarekin aritutako langileek borroka luzea eraman behar izaten dute, administrazio eta enpresek laneko gaixotasun eta heriotza gisa aitortu ditzaten. Irudian, CAFeko lantaldearen manifestazioa (arg.: Eitb)

Jarrera hori ezinbestekoa da ulertzeko Zaldibarren gertatutakoa –albo batera utzita hondakinen kudeaketan dauden interes ekonomiko ilunak–. Irregulartasunak, kontrol falta, garbitu gabeko kamioiak, kutsadura neurketa eskasak, arduradun politikoen arinkeria arriskurik ez dagoela esanez… Amiantoaren arazoa bost inporta izan zaie, beraien arazo bihurtu den arte.

 


¹Alemaniako herri horretan urte luzetako borroka daramate hondakin nuklearrentzako biltegiaren kontra eta nazioartean ezaguna da horregatik.
² Uralita SAren oinordeko den Coemac enpresak kiebra jo du urtarrilaren 30ean, amiantoaren biktimei indemnizazioak ez ordaindu behar izateko. Bestalde Eternitek iragarri du berriz amiantoa produzitzen hasiko dela Brasilgo Goiás-eko plantan, Asiako hainbat herrialdetara gai kutsagarri hori esportatzeko.

6 / 37«Aurrekoa56782030Hurrengoa»

Urko Apaolaza

Hernani, 1979. Historialaria eta Argian kazetari. Askotan, ispiluak islatzen ez duena ikusteko, zuzenean atzera begiratu behar duzu (gure Ford Fiesta zaharrari retro-bisorea hautsi zioten).

Azken bidalketak

  • Gutxieneko borondate politikoa
  • Esklabotzaren itzala, luxuzko hotelean
  • Zentsura vs. memoria
  • 1975eko borreroen izen guztiak (edo batzuk)
  • Memoriaren herbarioak

Iruzkin berriak

  • Juan M. Sansinenea(e)k “Ez dadila entzun gehiago ‘askatuta’ hitz nazkagarria” bidalketan
  • Nagore(e)k Engainatu gaituzte bidalketan
  • Alberto(e)k Engainatu gaituzte bidalketan
  • Josetxo(e)k Engainatu gaituzte bidalketan
  • Jotake(e)k Engainatu gaituzte bidalketan

Artxiboak

  • 2025(e)ko azaroa
  • 2025(e)ko urria
  • 2025(e)ko apirila
  • 2025(e)ko urtarrila
  • 2024(e)ko urria
  • 2024(e)ko iraila
  • 2024(e)ko abuztua
  • 2024(e)ko maiatza
  • 2024(e)ko martxoa
  • 2024(e)ko urtarrila
  • 2023(e)ko abendua
  • 2023(e)ko azaroa
  • 2023(e)ko urria
  • 2023(e)ko apirila
  • 2022(e)ko azaroa
  • 2022(e)ko urria
  • 2022(e)ko ekaina
  • 2022(e)ko maiatza
  • 2022(e)ko apirila
  • 2022(e)ko otsaila
  • 2022(e)ko urtarrila
  • 2021(e)ko abendua
  • 2021(e)ko urria
  • 2021(e)ko iraila
  • 2021(e)ko ekaina
  • 2021(e)ko martxoa
  • 2021(e)ko otsaila
  • 2021(e)ko urtarrila
  • 2020(e)ko abendua
  • 2020(e)ko urria
  • 2020(e)ko iraila
  • 2020(e)ko uztaila
  • 2020(e)ko ekaina
  • 2020(e)ko maiatza
  • 2020(e)ko apirila
  • 2020(e)ko martxoa
  • 2020(e)ko otsaila
  • 2020(e)ko urtarrila
  • 2019(e)ko abendua
  • 2019(e)ko azaroa
  • 2019(e)ko urria
  • 2019(e)ko abuztua
  • 2019(e)ko uztaila
  • 2019(e)ko maiatza
  • 2019(e)ko apirila
  • 2019(e)ko martxoa
  • 2019(e)ko otsaila
  • 2019(e)ko urtarrila
  • 2018(e)ko abendua
  • 2018(e)ko azaroa
  • 2018(e)ko urria
  • 2018(e)ko iraila
  • 2018(e)ko abuztua
  • 2018(e)ko uztaila
  • 2018(e)ko ekaina
  • 2018(e)ko maiatza
  • 2018(e)ko apirila
  • 2018(e)ko martxoa
  • 2018(e)ko otsaila
  • 2018(e)ko urtarrila
  • 2017(e)ko abendua
  • 2017(e)ko azaroa
  • 2017(e)ko urria
  • 2017(e)ko iraila
  • 2017(e)ko abuztua
  • 2017(e)ko uztaila
  • 2017(e)ko maiatza
  • 2017(e)ko apirila
  • 2017(e)ko martxoa
  • 2017(e)ko otsaila
  • 2017(e)ko urtarrila
  • 2016(e)ko abendua
  • 2016(e)ko azaroa
  • 2016(e)ko urria
  • 2016(e)ko iraila
  • 2016(e)ko abuztua
  • 2016(e)ko uztaila
  • 2016(e)ko ekaina
  • 2016(e)ko maiatza
  • 2016(e)ko apirila
  • 2016(e)ko martxoa
  • 2016(e)ko otsaila
  • 2016(e)ko urtarrila
  • 2015(e)ko abendua
  • 2015(e)ko azaroa
  • 2015(e)ko urria
  • 2015(e)ko iraila
  • 2015(e)ko uztaila
  • 2015(e)ko ekaina
  • 2015(e)ko maiatza
  • 2015(e)ko apirila
  • 2015(e)ko martxoa
  • 2015(e)ko otsaila
  • 2015(e)ko urtarrila
  • 2014(e)ko abendua
  • 2014(e)ko azaroa
  • 2014(e)ko urria
  • 2014(e)ko iraila
  • 2014(e)ko abuztua
  • 2014(e)ko uztaila
  • 2014(e)ko ekaina
  • 2014(e)ko maiatza
  • 2014(e)ko apirila
  • 2014(e)ko martxoa
  • 2014(e)ko otsaila
  • 2014(e)ko urtarrila
  • 2013(e)ko abendua
  • 2013(e)ko azaroa
  • 2013(e)ko urria
  • 2013(e)ko iraila
  • 2013(e)ko abuztua
  • 2013(e)ko uztaila
  • 2013(e)ko ekaina
  • 2013(e)ko maiatza
  • 2013(e)ko apirila
  • 2013(e)ko martxoa
  • 2013(e)ko otsaila
  • 2013(e)ko urtarrila
  • 2012(e)ko abendua
  • 2012(e)ko azaroa
  • 2012(e)ko urria
  • 2012(e)ko iraila
  • 2012(e)ko abuztua
  • 2012(e)ko uztaila
  • 2012(e)ko ekaina
  • 2012(e)ko maiatza
  • 2012(e)ko apirila
  • 2012(e)ko martxoa
  • 2012(e)ko otsaila
  • 2012(e)ko urtarrila
  • 2011(e)ko abendua
  • 2011(e)ko azaroa
  • 2011(e)ko iraila
  • 2011(e)ko uztaila
  • 2011(e)ko ekaina
  • 2011(e)ko maiatza
  • 2011(e)ko martxoa
  • 2011(e)ko otsaila
  • 2011(e)ko urtarrila
  • 2010(e)ko abendua
  • 2010(e)ko azaroa
  • 2010(e)ko urria
  • 2010(e)ko iraila
  • 2010(e)ko uztaila
  • 2010(e)ko ekaina
  • 2010(e)ko maiatza
  • 2010(e)ko apirila
  • 2010(e)ko martxoa
  • 2010(e)ko urtarrila
  • 2009(e)ko abendua
  • 2009(e)ko azaroa
  • 2009(e)ko urria
  • 2009(e)ko iraila
  • 2009(e)ko ekaina
  • 2009(e)ko maiatza
  • 2009(e)ko otsaila
  • 2008(e)ko azaroa
  • 2008(e)ko urria
  • 2008(e)ko iraila
  • 2008(e)ko uztaila
  • 2008(e)ko ekaina
  • 2008(e)ko maiatza
  • 2008(e)ko apirila
  • 2008(e)ko martxoa
  • 2008(e)ko otsaila
  • 2008(e)ko urtarrila
  • 2007(e)ko azaroa
  • 2007(e)ko iraila
  • 2007(e)ko martxoa

Kategoriak

  • Antzerkia
  • Artea
  • Azpiegiturak
  • Ekonomia
  • Energia
  • Euskara
  • Gizartea
  • Hedabideak
  • Historia
  • Hizkuntzak
  • Ingurumena
  • Kirola
  • Kulturgintza
  • Musika
  • Natura
  • Nazioartea
  • Osasuna
  • Politika
  • Sailkatu gabea
  • Uncategorized
  • Zinema

Meta

  • Hasi saioa
  • Sarreren jarioa
  • Iruzkinen jarioa
  • WordPress.org

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA