Profeta trakets baten iragarpenak (II): publizitate-itzalaldiaz

Telebista konpontzeko osatu zuten "jakintsu batzorde"-koak ez ziren hain jakintsuak, itxuraz
Ez ba, Rodriguez Zapaterok ez du TVEren desagerpena iragarri (irakurri joan den ostegunean blog honetan zer idatzi nuen). Momentuz bertako publizitatearena baino ez. Post honen izenburua egiteko erabili dudan esaldia irakurri nuen aurrekoan egunkari batean: publizitate-itzalaldia. Gustatu egin zitzaidan esamoldea. Itzalaldi horrek ekarriko dituen ondorioak ez dira, baina, askoren gustuko.
Bigarren pasarte honetan beste kontu batzuez jardungo nuela esan nuen, ordainpeko LTDaz eta abar… Beste iragarpen ustel bat. Erredakzio Mahaia izeneko txoko hau aurkeztean esan genuenez, ARGIAko kazetariok gure mahaian aurkitzen ditugun paper ahaztuekin osatzen da bloga, besteak beste. Hara non, TVEri publizitatea ukatzearenaz esan beharrekoak esanda nituela uste nuenean, gaiari buruzko dokumentu bi topatu ditudan nire ordenagailuko bazter galdu batean, deika, betiko ahanzmenera ez ditzadan bidali eskatuz. Irakurri eta pare bat gauza interesgarri agertu zaizkit horietan.
Madrilgo Gobernuak egin duen lege-proiektuaren arabera, kate pribatu irekiek beren diru-sarreren %3 eman beharko dute telebista publikoa finantzatzeko; ordainpeko kateek %1,5 eta telekomunikazio operadoreek %0,9. Hori bai, lege-proiektuaren azken bertsiotik pasarte bat ezabatu egin da, zeinak zioen hala egiten ez zutenei lizentzia kenduko zietela. Isunetik ez dira pasako.
Telekomunikazio operadoreek agudo egin zuten protesta Gobernuak proposatuko neurri horren aurrean, telebista kate pribatuek oraingoz ez. Batzuen ustez, TVEk emango ez duen publizitateak beren ekonomiei egingo dien onuraren kalkuluan murgilduta dabiltza oraindik, eta horrek esplikatuko luke behin-behineko isiltasuna. Baina… AUC ikus-entzule elkartearen iritziz, behin onura hori metabolizatuta, pribatuek uko egingo diote TVE finantzatzeari, hainbat arrazoirengatik: batetik, iragarkirik gabeko TVEk lor lezakeen audientzia besteetara ez doan audientzia da, norberaren iragarkia ikusten jende gutxiago alegia, eta horrek, gaur egun telebistetan indarrean dagoen GRP sistemaren arabera (PDF), diru gutxiago irabaztea eragingo die pribatuei. Hau da, ezin izango dute TVEK hartzen ez dituen spot guztiak berenganatu, oso arrazoi sinple batengatik: honezkero ez dute publizitate gehiago sartzeko lekurik! Bestalde, badago aurrekari bat, AUCek salatzen duenez: pribatuek ez dute egiten legez zinemari egin behar dioten diru-ekarpena. Gauza bera egin lezakete telebista publikoarekin. Legediak isun hutsa ezarriko badie, lizentzia kentzearen ordez, ez litzateke harritzekoa AUCek bete-betean asmatzea. Hauen ustez, izan ere, pribatuen ibilbide-orriaren azken helmuga telebista publikoaren desagerpena da.
Telebistarena berarena ez bada, hark bete beharreko zerbitzu publiko funtzioarenak egin dezake irailean indarrean jarriko diren neurrien erruz, ohartarazi dute, agiri baten bidez, hainbat elkartek zein banakok. Haien ustez TVEk ezin izango baitio oreka ekonomikoari eutsi jokaleku berrian. Bitxia da norbanakoen izenpeen artean, lehenbizikoa Enrique Bustamanterena dela. Gogoratzen Zapateroren Gobernuak orain dela bost urte sortutako “jakintsu batzorde” ospetsua? Komunikabideak Eraldatzeko Batzordea zeukan benetako izena, eta une hartan RTVEk bizi zuen anabasa ordenatzea agindu zien Gobernuak. Bustamante jauna bertako kidea zen, ustez kualifikatuena. Bederatzi hilabete, mila kritika eta auskalo zenbat diru eta gero, “jakintsuek” txosten bat eman zuten, ez polemikarik gabe, eta hor esandakoak aintzat hartuz telebista-irrati publikoaren erreformari ekin zion PSOEk. Argi-itzal asko izan da erreforma horretan, baina behintzat esan daiteke 2009ko lehen seihilekoan audientziaren goreneko lekua berreskuratu duela TVEk. Orain, Zapatero eta abarrek bat-bateko noranzko aldaketa hau egin dutelarik, ulergarria da Bustamanteren haserrea, eta ez harena bakarrik. Kate pribatuak, bitartean, pozarren. Azkenean, aurkitu egin dute beren Sarkozy-a.
munduan dagoen ustelkeri handiena jasaten ari da rnetv hiru biloiko defitita dena kendu ditzatela ene partez