Pornografia ez da denen begietarako

Legeak behar bezala babestuko behar lituzke ikusle gazteenak pornografiatik eta bortizkeriatik, AUCen ustez.
AUC, Espainiako Komunikazio Kontsumitzaileen Elkartea, blog honen aspaldiko laguna da, aurrez idatzi dudan guztiaren errepaso arin batek salatuko duenez. Ondo irabazita daukate “ohorea”, hedabideetako aferei buruz ederto informatzen bainaute, kantitatez eta kalitatez. Oraingoan, pornografia eta funtsik gabeko bortizkeria emisio irekian ematea debekatzeko eskatu dute.
AUC kezkatuta dago Espainiako Gobernua prestatzen ari den Ikus-entzunezkoen Lege Orokorraren aurreproiektua dela eta. Diotenez, aurreproiektu horren arabera telebista-kateek eskubidea edukiko lukete “adinez beherakoen garapenari kalte larria egin diezaioketen” produktuak emateko modu irekian. X kalifikazioa ez daukatenen kasuan, gaueko 22:00etatik aurrera eman ahal izango lituzkete; beranduago, goizaldean, lekua izango lukete halaber eduki gordinagoek, hala nola funtsik gabeko bortizkeriak (gaztelaniazko “violencia gratuita“) eta pornografiak, funtsik gabeko sexuak alegia. Tira, esango duzu, ordu horretan ez dago umerik telebistaren aurrean… Bada, ikaratuko zinateke horri buruzko estatistikak ikusita.
Espainiako Estatuan telebista-kateei dagokie ematen dituzten saioak adinen arabera kalifikatzea, pelikulak salbu. AUCen ustez, aipatutakoa bezalako arau batek inpunitate osoa emango lieke operadoreei. Gaur egungo adibideei so egitea aski da horretaz jabetzeko: adinez beherakoen babes-ordutegian ematen dira helduentzako zenbait programa, kateek euren interesaren arabera kalifikatzen baitituzte, etikaz paso eginez. “Eta agintariek ez dituzte kalifikazio horiek ezbaian jartzen”, kexatu da AUC.
Bestalde, Europar Batasunean indarrean dagoen araudiak debekatu egiten du adinez beherakoentzat desegokiak diren edukiak modu irekian ematea. Estatu guztiek derrigor bete beharreko araua denez gero, espainiar legedian ez jasotzea legez kanpokoa izango litzateke. Arrazoi horiengatik guztiengatik, AUCek eskatu du pornografia eta funtsik gabeko bortizkeria modu ez-irekian ematea edozein ordutegitan, beti ere gurasoen kontrolpean. “Helduentzako gainerako edukiak 22:00etatik 6:00etara ematen jarraituko lukete modu irekian, zorizko jokoetan eta apustuetan oinarritutako saioak izan ezik; horiek ez lukete goizaldeko ordu bata baino lehenago hasi behar”. Eskertuko genuke programaziotik guztiz desagertzea ere.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks