Nik greba egunean Bilbon ikusitakoa
Laster izango da urte bat Maite Artola kazetariak, anartean Euskadi Irratiko Mezularia saioko zuzendari, honakoa esan zuela Argian Sustrai Colinak egindako elkarrizketan: “Niretzat kazetaritza beti izan da neuk ikusitako hura kontatzea, baina hori egiteko geroz eta aukera gutxiago daukagu, eta agentzietatik datorrena zurrupatu besterik ez dugu egiten”.
Egia da geure begiz ikusitakoa kontatzeko zailtasunak ditugula gaur egungo kazetariok, saiatu arren, saiatzen garenez; ARGIAkoon kasuan, sarritan, astekaria izanda ikusi beharrekoak ikus daitezkeen lekuan ere ez gara egoten. Gure erritmoak ez du zerikusirik egunkarietan edo irratiko albistegietan daukatenarekin. Baina herenegun greba orokorra izan zen Euskal Herrian, eta etxe honetako kazetariok kalera irten ginen, begien parekoa zuei kontatu ahal izateko, ikusi bezala, Artolak aldarrikatutako maneran. Eta niri Bilbon ikusitakoa kontatzeko gogoa piztu zait, bertan izan ez zen norbaitek idatzitakoa irakurri eta gero.
Ertzaintzaren ErNE sindikatuak prentsa oharra (PDF) zabaldu zuen greba egunean, gaztelania hutsez, CCOO sindikatuak egindako adierazpenei erantzunez –ez ditut adierazpenok irakurri ez eta entzun ere–, eta funtsean Bilbon eta Gasteizen ertzainek egindako kargak justifikatzeko asmoz. PDF osoa irakurtzeko gogorik ez daukazuenontzat, hau dio Bilbokoaz: “La carga de Bilbao, se ha realizado como consecuencia del intento de agresión a una trabajadora que quería ejercer su DERECHO A TRABAJAR“. Alegia, Bilbon karga egin zutela, lan egiteko eskubidea gauzatu nahi zuen langile baten aurkako erasoari erantzuteko. Letra larriak ErNEk jarri ditu, noski.
Ni Bilbon izan nintzen eta karga bat ikusi nuen, bertatik bertara. Prentsa oharraren testuak aditzera ematen duenez gero Bilbon karga bakarra izan zela, gertakari beraz ari direla pentsatu behar dut. Eta hara nik zer ikusi nuen: 7-8 gazte horma baten kontra jarrita zuten ertzainek; ez dakit zergatik, orduantxe iritsia nintzen eta. Identifikatu eta miatu egin zituzten, sarritan nahiko modu bortitzean, gazteek jarrera pasiboa zuten arren. Ez dakit zein izan zen gazte haien ustezko delitua, langile bati eraso egiten ahalegintzea edo zer, nik ez nuen ikusi. Gutxika, jendea biltzen hasi zen, inguruan zebiltzan piketeetako kideak batik bat, eta ertzainei oihuka hasi zitzaizkien, irain eta guzti. Inork ez zien ertzainei erasorik egin fisikoki, ez eta inongo ondasun publiko eta pribaturi ere. Baliteke hala gertatu izana eta nik ikusi ez izana, konforme, baina hitz ematen dizuet guztiz “ErNE” nenbilela, batez ere ertzain urduri samar bat argazkiak egiten ari ginen dozena inguru kazetariongana hurbildu eta zuzenean niri, eta niri baino ez, galdetu zidanez geroztik ea ni ere prentsakoa nintzen. Argazkilari profesionalen artean etxeko kameratxo arruntarekin ibiltzearen desabantaila… Ez ziren hiru minutu igaroko pilotakadak eta porra kolpeak hasi zirenean.
Hori da nik ikusitakoa, eta hau interpretazioa: gezurra da Bilboko karga langile baten eskubidea defendatzeagatik izan zenik, eta hala izan bazen, guztiz erantzun desproportzionatua eta ilogikoa izan zen. Istiluen abiapuntua hori izanda ere, karga justifikatzeko ez du balio. Kargaren benetako arrazoia zein izan zen ez dakit, baina badakit ez nuela behin ere ertzain horien segurtasuna mehatxatuta ikusi. Nirea bai. Eta batzuek nik baino suerte okerragoa izan zuten, lan egiteko eskubidearen aldeko pilota batek bete-betean harrapatuta.
Guztiz ados. Lehen pertsonan ikusi nuen dana, barne-barnetik. Piketeetan nenbilen hasiera baten hiruzpalau lagunekin batera “Lacoste” denda itxi nahian, ertzainek errepidearen beste aldean zirelarik, Bizkaiko Foru Aldundiko jauregiaren sarrera babesten edo. Lacosteko langile eskirolak etzuen kasurik egiten pikete informatiboari, era baketsuan joan ginelarik, “gaur greba orokorra” eta “eskirolak kanpora” oihuken artean besterik ez. Langile honen ezezko erantzuna ta jarrera nahiko harroputza ikusita, piketeak igo zuen presio maila baita bertako partehartzaileen kopurua ere, momentu hartan martxaren atentzioa ta haserrea denda honetara zuzentzen zirelarik. Presioa igotzearen horretan dendaren sarreran zegoen itzalkin moduko bat lurrera bota zuen piketeko lagun batek, azkar atzera eginez ertzainen gertutasun arriskutsua zela eta, jendartean babestu nahian. Itzalkin horrek lurrera jauzi zen unean, eskirolak, ekintzaren protagonistarengana bota zen haserre bizian “eso sí que no” zaunkatzen. Orduan beste grebalari batek eskirolarengana abiatu zen indartsu xamar ta atzera bota zuen eskirola bultzada erabat neurriz gaineko batekin, egia esan, baina ezer larririk, ezta gutxiago ere. Hori ikusita piketearen gainerakoek bultzadaren erantzuleari bere jarrera aurpegiratu genion, hori ez zela modua esanez ta gehiago kontrola dezan exijituz, aldi berean denda horren langilearen egoeragatik kezkatuz, laguntza eskainiz ta barkamena eskatuz bultzada hargatik (nahiz eta argi izan ezer seriorik ez zela, ulertzen genuelako horrelako jarrerak lekutik kanpo zeudela ta beste modu batzuk zirela arazoak konpontzeko horretaraino heldu gabe), ta uste dut bultzada horren erantzule berak ere hala ulertu zuela. Momentu horretan, bapatean agertu ziren beltzek deskarga izugarri bortitz ta guztiz desarau batean grebalariak kolpeatzen porrekin ta goma-pilotak tirokatzen. Jendetza denda horren sarreratik apur bat aldendu zen deskargaren ondorioz baina martxa oro har bere lekuan mantendu zen, inolako erantzun bortitzik emanez, oihu klasikoetara mugatuz (“Aquí están, ellos son los piquetes del patrón”, “zuek faxistak zarete terroristak”, “Alde hemendik, utzi bakean”, “ez gaituzue geldituko” etabar), beltzek tirokatzen jarraitzen ziren bitartean grebalarien protesta baketsuei haien ohiko erantzuna emanez. Urduritasun momentu horiek laister bukatu ziren ezagutzen dugun emaitza tristearekin, ta martxa aurrera egin zuen.
Hau dana horrela kontatuta oso luzea dirudi, baina minutu gutxi batzuk baino ez zituen iraun saltsa guztia. Labubilduz: emakumezko langile batek piketeei aurre egiten die harroputz; grebalari batek urduritasun momentu baten bultzatu egiten dio; ondoriorik gabeko bultzada baina gehiegizkoa; piketekideek aurpegiratzen diote bere jarrera ta langile bultzatuaren egoerataz kezkatzen dira, laguntza eskaini ta haien kidearen izenean barkamena eskatu gertatutakoa benetan sentituz, langile bultzatuak oso konforme ez bada geratzen ere; Bat-batean Ertzaintza agertzen da deskarga basatia aurrera eramanez ta ezaguna den iskanbila eraginez, inolako arrazoi ezta eskubiderik gabe, betiko modu zalapartari, gaitzesgarri ta eskandalagarri beretxoan, egoera aldez aurretik erabat kontrolatua ta arrisku barik zegoenean.