Eta klima aldaketarena uste baino are okerragoa balitz?

2011n Afrika ekialdea kolpatu zuen lehortea klima aldaketaren ondoriozkoa izan zen (Arg.: Laura Donkin/CAFOD).
Joan den hilabeteko artikulu bat irakurtzen ari naiz New Scientist aldizkariaren webgunean: lehenbiziko aldiz, frogatu egin da klima aldaketa giza hondamendi baten kausa izan dela. 2011n, gutxienez 50.000 pertsona hil ziren Afrika ekialdean lehorteak eragindako gosetearen ondorioz, eta lehorte haren arrazoietako bat negutegi efektuko gasen igorpena izan zen.
Bat frogatuta, susmoak zientoka. Eta okerrera egingo du, iragarpenei sinestera. Martxokoa hau ere: Kanadako Artikoko glaziarren suntsiketa azeleratzen ari da, eta haien bosten bat desagertu daiteke mende amaierara bitartean. Zientzialari askok uste dute prozesuak honezkero ez duela atzeranzko bueltarik. Mota honetako aurreikuspenak ohiko bihurtu zaizkigu, baina, kasu egin behar diegu? ETC taldeak argitaratutako dokumentu baten arabera, tentuz hartu beharko genuke klima aldaketari buruzko edozein iragarpen… baliteke-eta errealitatea are okerragoa izatea.
Funtsean, ETCk dioena zera da: klimaren nondik norakoak zehatz ulertzea oso zaila da, eta zer esanik klima aldaketarenak. Ezin izan diot eutsi testu hasierako pasarte hau osorik itzultzeko tentazioari, esan nahi dudana primeran laburtzen duelakoan:
“Negutegi efektuko gasen igortzea gutxitzea konplexua da. Ez gutxitzea konplexuagoa da. Milaka milioi lagun mugitzea itsasertzeko lautadetatik goragoko lurraldeetara konplexua izango da. Muturreko gertakari hidrotermikoei (uholdeak, lehorteak, urakanak…) erantzutea oso-oso zaila izango da. Zer labore haz daitekeen jakitea, eta planetako zer lekutan, oso korapilatsua izango da. Erabaki horiek guztiak politikoak izateak are konplexuago bihurtzen du arazoa. Iritzi politiko bakoitzak aldarrikatuko du “egiazko zientzia” duela oinarri. (…) Orain, geoingeniariek diote gobernuei lagundu diezaieketela klima aldaketari oldartzen, planetako sistemak manipulatuz. Horrek konplexutasuna handitzen du hainbat magnitude-ordenatan”.
Arazoa konplexua da –argi geratu da– eta aurre egiteko ahalik eta zehaztasun handiena behar dugu. 2011ko amaieran, dio ETCk, klimatologoek esan zuten karbono dioxido partikulen emisioak milioiko 390 partera iritsiak zirela, baina handik oso gutxira 400etik gorako kontzentrazioak neurtu zituzten Artikoan. Zenbatekoa da jasan dezakegun goreneko muga? 450 parte milioiko, edo 500? Emisioak 350 partera jaitsi behar ditugu, edo industria aroaren aurreko 280etara bueltatu? Zenbat eta aldagai gehiago, orduan eta konplexuago erantzutea. Eta orduan eta desadostasun handiagoa zientzialarien artean.

Egur esportazioen %30 mafiak kontrolatzen du, eta tropikoetako deforestazioaren %90 legez kanpoko salerosketarekin lotuta dago; beraz, baso-merkataritzari buruzko estimazio guztiak, segur aski, okerrekoak dira (Arg.: newnaturefoundation.org).
Esandakoaren adibide, ETCk zerrendatxo bat osatu du, 2012an klimatologoek izan zituzten ezustekoekin (gehienek izaera politikoa dute, zientifikoa baino) . Hona batzuk:
- Urteetan, Txinak esan du benetan igortzen zuena baino %20 gutxiago igortzen ari zela. Horrek esan nahi du benetako igorpenak mundu osoan uste zena baino %5 handiagoak direla.
- Erresuma Batuak %14ko emisio jaitsiera izan zuen 1990etik 2008ra, baina bertatik Asiara joandako manufaktura industriak %20ko igoera eragin du. Guztizko emaitza: %6ko igoera.
- NBIP (Nazio Batuen Ingurumen Programa) ohartu zen egur esportazioen %30 mafiak kontrolatzen duela, eta tropikoetako deforestazioaren %90 legez kanpoko salerosketarekin lotuta dagoela; beraz, baso-merkataritzari buruzko estimazio guztiak, segur aski, okerrekoak dira.
- AEBetako Zientzia Akademiek aurreikusi zuten 2020. urterako klima behatzen duten satelite kopurua 23tik 6ra jaitsi daitekeela. The Economist aldizkariak “nahita bilatutako itsumena” deitu zion horri.
2012an, azken batean, klima aldaketaz geneuzkan aurreikuspen asko eta asko berrikusiak izan dira –ETCren idazkian baduzue adibide franko–, eta emaitza ia beti izan da, zuhurtziagatik diot “ia”, klima aldaketaren ondorioak uste baino latzagoak izango direla. New Scientist-ek izenburu ezin esanguratsuagoa ipini zion bere editorialari, arestian aipatutako albistea kaleratu zutenean: “Klima aldaketaren Bob Geldof bat behar dugu”. Nahikoa ote?
Kaixo, Unai! 33 urte ditut, eta aspalditik kezkatu izan nau klima aldaketarenak. Azken bi urteetan, berriz, CO2 donostiar baten bloga irakurtzen dut, eta behin eta berriz adierazten du klima oso pixkanaka ari dela aldatzen, CO2 ez dela gai kutsagarri bat eta katastrofe naturalak ez direla handitu. Artikoa pixka bat urtzen ari dela baina Antartikoa (buruz ari naiz) pixka bat handitzen; aipatzen du mendietako glaziarrak, bai, urtzen ari direla, eta ez dakit zenbatgarren mendean urtuak egon zirela Pirinioetakoak betiere. Azken hamar urteetan munduko tenperatura ez dela goratu, eta interes pilota bat dagoela klima aldaketaren atzean. Alegia justu jendeak esaten duenaren kontrakoa, kasik. Energia aldetik, erregai fosilen aldekoa da, eta berriztagarrien eta nuklearraren aurkakoa. Dio CO2arena bere mesederako erabiltzen duela nuklearrak, eta, oro har, desarrollismoaren aldekoa da, baita frackingaren aldekoa. Ni ez nago ados irakurtzen diodan guziarekin, baina egiten dituen diagnostikoak harrigarriak dira. Bertsio ofizialaren aurkakoak. Baduzu blog horren berri? Iruzur handi bat al da? Baduzu iritzirik haren inguruan?
Barkatu! Hau da blogaren helbidea (gaztelaniaz da): http://antonuriarte.blogspot.com.es/
Kaixo Markel, oraintxe denbora gutxi daukat erantzun luzeago bat emateko, baina Anton Uriarteri buruzko Wikipediaren orrian (http://es.wikipedia.org/wiki/Ant%C3%B3n_Uriarte, gaztelaniaz), amaieran, badituzu kritika batzuk. Ni ez nago ados berak dioenarekin, noski. Eta botelasterrean: inork ez du esan, nik dakidala, CO2 kutsatzailea denik (airearen ohiko osagaietakoa da eta egunero arnasten dugu), baizik eta haren kontzentrazioa azkarregi igotzeak ondorio kaltegarriak eduki ditzakeela kliman. Eta azken urteetan mundua ez dela berotu, besterik gabe, gezurra da.
Kaixo, berriz ere,
Barkatu Anton Uriarteren inguruko matraka hau, baina ezagutzen al duzue hura, klima aldaketaz arduratzen zaretenon artean? Hark erabiltzen dituen datuen iturriak oro har fidagarriak direla esanen nuke, eta ateratzen dituen ondorioak justu beste alderakoak. Ni nahasi samar nauka, ez baitut irakurri inon ere inor hark esandakoak kritikatzen edo gezurtatzen, Wikipediako kritika horietaz landara (horiek irakurriak nituen, eta, ñooo, ez ninduten erabat asebete). Horregatik idazten dizut. Klimaz eta klima aldaketaz dexente dakiela ematen du; esate baterako, dinosauroen garaian orain baino askoz CO2 gehiago zela dio. Eta milioika urte iraun omen zuen gaur egungoa baino CO2 kopuru askoz handiagoarekin (http://antonuriarte.blogspot.com.es/2007/10/el-co2-en-el-pasado.html). Hau ere harrigarria da: http://antonuriarte.blogspot.com.es/2013/02/evapotranspiracion-nubes-y-co2.html.
Hementxen grafiko bat ageri du azken urteetako tenperatura ezertxo ere ez dela igo erakusteko: http://antonuriarte.blogspot.com.es/2013/02/1910-1945.html
Bestalde, maiz, agerian jartzen ditu politikariek CO2arekin egiten dituzten jokoak. Ekologistentzat ere hitz gogorrak erabiltzen ditu, eta pentsatzen dut jendea hura irakurrita mindu egin izanen dela, baina jakin nahi nuen haren inguruan zuen aldetik iritzi finkorik ba ote dagoen. Ez da berria zuentzat hura, ezta?
Eskerrik asko, aurreko mezua erantzuteagatik!
Kaixo Unai, Markel
zuen arteko eztabaida interes askorekin jarraitu dut. Ez naiz blogen oso zale, baina tira honi buruzko nere zenbait iritzi botako dizkizuet.
Badira munduan eta Euskal Herrian ere klima aldaketari buruzko eszeptikoak. Ez naiz hauen argumentuetan sartuko, eztabaida antzua izango delakoan bainago. Zientziak badu gauza on bat, ondo egin ezkero, emaitzak eta sortzen diren galdera berriak ez dira zergatik ezkutatu behar. Adibide bat jarriko dut hemen:
1973tik 2000ra CO2ren isurketa globalaren urteko tasa %1.5 izan zen. 2000tik 2010era %3.1 igo zen tasa hori. Hala ere ikusi da azken hamarkadan atmosferan dagoen CO2ren igoeraren tasa jeitsi egin dela (ingelesez airbone fraction delakoa). Honek esan nahi du azken hamarkadan urtero geroz eta CO2 gehiago “bahitzen” ari direla ozeanoek eta lurrazalak. Honen azalpena hurrengoa litzateke adituen arabera: erregai fosilak erretzean, batez ere, ikatza, sortzen den CO2a eta Nitrogeno kutsadura landareek harrapatzen dute, hauek fertilizatuz eta beraz biomasa gehiago sortuz biosferan. Honek CO2 isurketa gehiago bahitzea ahalbideratzen duelarik. Bestalde 2000tik aurrera aerosolen isurketa kutsatzailak gero eta handiagoak dira. Honek kilima hozteko aukera ematen du (baino oso epe motzean, 5 urtez edo). Hauek berri onak direla dirudite, bi efektu hauek beroketa globala mugatu dezakela ondoriozta genezakelako. Azken hamarkadan aurreko medeko azken 25 urtetan (1975-2000) izandako beroketa baino txikiagoa izan delaren arrazoia izan daitekela diote aditu askok.
Baino noraino esan dezakegu berri hau ona denik? Zientziak erakusten digu gauzak konplexuagoak dira, Unai Break ondo azaldu duen bezela. Zenbat eta ikatz gehiago erre, atmosferan gelditzen den CO2aren konzentrazia gero eta handiagoa izango da oso denbora luzez gainera, eta biosferaren fertilizazio efektua mugatua delako. Gainera ezin dugu Nitrogeno kutsadura eta aerosolen partikulen isurketak onak direla esan azken honek ere kutsadura sortzen duelako. Mundu mailan 1000 ikatz erregai planta, petroleo eta gas natural gehiago ustiatuko direla estimatzen da atzerakoia den energia eredua babestuz eta bultzatuz. Zulo batetan sartuak gara eta ekonomiaren zurrunbilo zoroak zuloa sakonagoa egingo oten duen da benetako galdera. Oraingoz horrela izango dela dirudi.
Ah… eta askoren ustez azken hamarkadako beroketa “eza” klimaren epe laburreko aldaketengatik dela diote, eta ez epe luzeko faktore egonkorrengatik. Beraz hamarkada honetan izandako beroketa ezak ez gaitzala itsutu. Zientzia Aurrera darrai, adib http://www.nasa.gov/pdf/719139main_2012_GISTEMP_summary.pdf
Ondo segi!
Epa, Unai Pascual,
Eta Anton Uriartez zerbait esan dezakezu? Ezaguna da klimatologoen artean? Haren ondorioak erabat txarrak dira? Interesen batek bultzatzen ote du? Esaten duen gauza askotan arrazoia duela iruditzen zait, baina horixe da bakarrik, irudipena. Horregatik, eskertuko nuke hartaz zer iritzi dagoen esatea, edo erakustea hark esaten dituenetan zertan ote duen arrazoi eta zertan ez, edo ez ote duen ezertan arrazoirik, edo ikuspegi kontua ote den. Badakit ez dela erraza kontu hauetaz, erantzun truke batean aritzea eta ez dela dotorea bestetaz solas egitea, baina asko eskertuko nuke hartaz zerbait esatea! Atzo 2005eko Zientzianeten elkarrizketa bat irakurtzen nuen, eta ordurako esaten zuen kuotekin negozioa eginen zutela gobernuek eta enpresek, eta halaxe gertatu da!