Haustura hidraulikoaren emaitzak justifikatzen al du inbertsioa?
Haustura hidraulikoaren hondamena txostena aurkeztu zuen atzo Madrilen Ekologistak Martxan taldeak. Teknika horrek sor ditzakeen kutsadura arazoez eta bestelako zenbait kaltez oso aipamen xumea egiten du dokumentuak; gehienbat, hidrokarburo ez-konbentzionalek energiaren ikuspuntutik zein probetxu txikia ematen diguten aztertzen du. Baita erregai mota horri lotutako espekulazio-burbuilaren nondik norakoak ere. Lehenbiziko puntuari erreparatuko diot, eta beste baterako utziko dut bigarrena. Ondoren datorrena txostenetik hartua eta nire erara moldatua da. Osorik irakurtzeko (gaztelaniaz dago), klik egin hemen.
Energi itzulera tasa (EIT) esaten zaio iturri jakin batetik lortutako energiaren eta berau lortzeko erabili den energiaren arteko harremanari. Zenbat eta EIT handiagoa, orduan eta energetikoki errentagarriagoa da iturri hori. Ehiztari-biltzaile jendarteen guztizko EIT, esaterako, 10:1 ingurukoa da. Alegia, beren ingurunetik eskuratzen duten energia –hau da, elikagaiak–, hura lortzeko inbertitzen dutenaren –hau da, banakoen prozesu metabolikoak– hamar halako da. Mota horretako jendarteak egonkorrak dira eta luzaroan iraun dezakete.

Jendarte ehiztari-biltzaile bateko Energi Itzulera Tasa 10:1 ingurukoa da: bat gastatu hamar lortzeko.
Neolitoan sortu eta mende askoan munduan nagusi izan ziren jendarte nekazarien EIT ere 10:1 ingurukoa zen. Iraunkorrak ziren halaber, baina bazuten kolapsorako arriskua beren baliabideen kudeaketa desegokia egin ezean, historian hainbat adibidek erakutsi duenez. EIT handitu ahala, jendarte eredu konplexuagoak mantentzeko aukera dago. Une jakin batetik gora, posible izan daiteke jendarte horietan mugikortasun handia eta oinarrizko beharrizanen asetzearekin zerikusia ez daukaten aktibitate ugari egotea. Joan den mendeko 30eko hamarkadatik Mendebalde esaten zaion honetan nola gozatu hala pairatzen dugun jendarte eredua da.
Iraultza industrialaren hastapenetan, ikatzaren energia-errendimenduari esker, 50:1eko EIT lortu zen, baina ez mundu osoan, Europa eta Ipar Amerikako herrialde industrializatuetan baizik. Haiek bihurtu ziren metropoli, eta Lurreko beste eskualde asko, haien kolonia. Metropoli-kolonia binomioaren EIT 10:1etik pixka bat gorago zegoen. 50:1-aren abantailak, eta gerora ikusi zenez, desabantailak ere bai, munduko aberatsek baino ezin zituzten dastatu.

Estatubatuar petrolioaren EIT 100:1 zen 1930ean, eta 30:1 1970ean. Gaur egun, mundu osoko petrolioaren EIT 20:1 da.
Petrolioaren aroa hasteak 100:1era altxarazi zuen EIT (munduaren alde pribilegiatuan, esan gabe doa). Gainazaletik oso hurbil zegoen erregaia, energetikoki errendimendu handikoa zen… hitz batean, merke antzean eskuratu eta prozesatu zitekeen petrolio hura, eta horrek azaltzen du hain EIT gizena: nekazari hutsak ginenean baino hamar aldiz handiagoa! Energia kopuru izugarri horiek eskueran izateak eragin zuen, eta ez beste ezerk, gaur egungo mendebaldar batentzat hain “berezkoa” den bizi estiloa, aitite-amamek hain sarritan “leporatzen” diguten aparretan ibiltze hori.
Arazoa da bizi estilo horri eutsi bakarrik ez, areagotu egin dugula, baina EIT ez dela garai bateko 100:1a. Apurka, gainazaletik hain hurbil ez zeuden eta hainbesteko purutasuna ez zeukaten hidrokarburoak erauzten hasi baikinen, besteak agortu ahala. Energia bera lortzeko energia gehiago xahutu behar, aldi berean kontsumoa etengabe hazten den bitartean. Gaur egun, petrolioaren EIT, mundu osoan, 20:1 ingurukoa da, eta jaisten segitzen du. Hidrokarburo konbentzionalak –merke eta erraz lortzen diren horiek– gainbeheran daudela, handitu egin da ez-konbentzionalen portzentajea hidrokarburoen guztizko kopuruan: 1965ean %3 ziren, gaur egun %20.
Ez-konbentzional adjektiboa ez dagokio hidrokarburoaren ezaugarri bati, erauzteko teknikei baizik. Gasa eta petrolio ez-konbentzionalak konbentzionalak bezain gas eta petrolio dira, baina askoz zailagoak eskuratzeko, beren kokapena dela eta. Teknika konplexuagoak, garestiagoak, kutsatzaileagoak, energia gehiago kontsumitzen dutenak… behar dira hidrokarburo horiek Lurretik ateratzeko, eta teknika horietan ezagunena frackinga da. Erraz igartzen da hala lortutako gas eta petrolioaren EIT askoz txikiagoa dela konbentzionalena baino.
Ez da lan samurra eskisto edo arbel-gasaren –Euskal Herrian frackingaren bidez erauzi nahi dutena– EIT kalkulatzea. Ez dago neurketa zuzen gaurkoturik, baina zeharkako metodoak erabil daitezke, errendimendu energetikoa errendimendu ekonomikoaren erkatuz. Sistema horren funtsa testu konplexu samar honetan azalduta dago (gaztelaniaz), sakontzeko gogoa duzuenontzat. Goazen, baina, ondorioetara: Ekologistak Martxanen txostenean irakur dezakegunez, arbel-gasaren EIT 2:1 eta 3:1 bitartekoa da. Eskisto-petrolioarena, 1,5:1 ingurukoa. Eta energi iturri ezin oparoagoa izan behar zuen Poloniako eskisto-gasari dagokionez, nitrogenoarekin hain nahasita ateratzen da lurpetik –kasu batzuetan %50eko portzentajean–, non guztizko balantze energetikoa negatiboa izan daitekeela susmatzen baita. Kanadako asfalto-hareek, azkenik, 2:1 eta 5:1 bitarteko EITak eduki lezakete, ikerketen arabera.

Haustura hidraulikoaren hondamena txostenaren egileen ustez, termodinamikak inposatuko digun aldaketara egokitzen hasi behar genuke, frackinga bezalako apustuekin denbora galtzen ibili beharrean.
Hidrokarburo ez-konbentzionalak osoaren portzentaje zenbat eta handiagoa bilakatu ahala –eta horixe gertatuko da zenbait estatuk eta Nazioarteko Energi Agentziak berak agertutako asmoak betetzekotan–, gure jendarte modernoaren EIT totala gero eta azkarrago jaitsiko da, oraingo eredua ezin mantentzeraino. Zehazki, 10:1 inguruko EITekin, are gutxiago hortik beherakoekin, ezingo genioke gaurko jendartearen konplexutasunari eutsi. Horrek tarte laburregia utz diezaguke egoera berrira egokitzeko, Haustura hidraulikoaren hondamena txostenaren arabera. Eta egileek hortik ateratzen duten ondorio nagusia, hauxe: frackinga sustatzen duguno, urrea balio dezakeen denbora alferrik galtzen ari gara.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks