Frackinga Nafarroan: lege ahul baten jaiotza
Joan den astean, urriaren 10ean zehatzak izate aldera, Nafarroako Parlamentuak haustura hidraulikoa debekatzen duen legea onartu zuen, UPN eta PP ez beste alderdi guztien botoei esker. Madrilgo Gobernuaren erreakzioa berehala etorri zen. Hiru egun lehenago, hain zuzen. Legea onartuz gero Espainiako Auzitegi Konstituzionalean haren aurkako helegitea jarriko zuela iragarri zuen Estatuko Energia idazkari Alberto Nadalek. Argudioa da lege horren bitartez Nafarroak muturra sartu nahi duela estatuaren eskumen esklusiboa diren kontuetan. Alegia, hidrokarburoen ikerketa eta ustiapenerako baimenetan.
Nafarroak, berriz, eskumenak ditu lurralde antolakuntzan, eta batez ere horretan oinarritzen da lege berria. Iruñeko Gobernuak ez dauka ahalmenik –ez eta gogorik, bestalde– Madrilek emandako baimenak ezerezteko, baina lege berria eskuan, eta Auzitegi Konstituzionalak besterik ebatzi bitartean, lanak zaildu ditzake. Borondatea balu, jakina, baina ez du.
Bestela esanda, Nafarroan frackinga debekatzen duen legeak nekez balioko du Nafarroan frackinga eragozteko, legegintzaldi honetan behinik behin. Lehen gune “beroa”, itxura osoz, Erriberan egongo da, Aquiles izeneko eremuan. Luze gabe has litezke han esplorazio-lanak, baina oraingoz ez gaude datarik zehazteko moduan.
Ñabardura bat egin behar dugu behin hona iritsita, baina oso ñabardura garrantzitsua. Nafarroan, hidrokarburoak bilatzeko bost baimen daude eskatuta, eta horietatik hiru dagoeneko emanda ditu Industria ministerioak. Bost kasuetan, baimenari dagokion eremuak Nafarroa eta aldameneko beste autonomia erkidegoren bat hartzen ditu; baten bat oso-osorik balego Nafarroa barruan, Iruñeko Gobernuari legokioke baimena ematea ala ukatzea. Bitxia da, ordea, eremu horietan guztietan erkidegoetako bati dagokion lurralde zatia oso-oso txikia dela –kasuren batean, gehienbat Arabako lurrak hartzen dituen Usoa eremukoan esaterako, Nafarroakoa da zati txiki hori–; baimena Madrilen esku egongo dela ziurtatzeko nahita jarrita bailegoen. Nafarroako Fracking Ez plataformaren ustez, aztertu beharko litzateke hori lege-iruzurra ez ote den.
Espainiako Gobernuak haustura hidraulikoa bultzatzeko borondate irmoa agertu du behin baino gehiagotan. Izan ere, ez dira konformatuko erkidego “matxinoen” legeak Konstituzionalera eramatearekin. Legez bermatu nahi dute frackingari oztoporik ez zaiola ipiniko. Hala, joan den ostiralean Madrilgo Senatuak lege-proiektu bat onartu zuen, zeinaren bitartez Hidrokarburoen Legea aldatuko baiten. Orain arte ez bezala, fracking hitza aipatuko du legeak estreinakoz. Funtsean, ondorioa izango da erkidego batek ezin izango duela bere kabuz teknika hori debekatu, estatuaren oinarrizko lege batean txertatuta egongo da eta. Debekatzea debekaturik, 68ko maiatzean bezala baina kirats neoliberalarekin.

Alberto Nadal, Espainiako Energia idazkaria: “Autonomia erkidegoek ezin dute frackinga debekatu”. (Argazkia: eldiario.es).
Espainian agintera itzuli zenetik, lobby boteretsuenen nahiak ondo baino hobeto asetzen dihardu PP; hidrokarburoena, bistan dena, ez da saririk gabe geratuko. Ikusteko dago nori ordainaraziko dioten haustura hidraulikoaren burbuilaren eztanda, eztanda gertatzen denean –ez dut zalantzarik hala izango dela–, baina itxaropen handirik ez ukaitea hobe. Castor proiektuarekin gertatutakoak aztarna eman digu: estatuak 1.700 milioi euro ordaindu beharko dizkio Escal UGS enpresari. Diru publikoz pagatuko da triskantza.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks