Milioi bat sinadura TTIP delako hori geldiarazteko
“Jende gehienak ez daki ezer TTIP hitzarmenaz, azken hilabeteetan gaia zertxobait zabaldu den arren”. Halaxe esan digu, telefonoaren bestaldetik, Estrasburgon harrapatu dugun Florent Marcellesi Equoko kide eta, legealdi hau amaitu baino lehen, Europako Legebiltzarreko kidea izango denak. Ez da denbora luzea kezka bertsua agertu ziola Mikel Hiribarren ELBko kideak ARGIAko lankide bati, solasaldi pribatu batean: hamaika borrokatan eskarmentua duten militante kualifikatu askotxok ez zekiten deus TTIPez, edo nahiago baduzue TAFTAz, gauza bera izendatzeko erabiltzen dira-eta sigla biak.
AEBen eta Europar Batasunaren arteko hitzarmena da TTIP, teorian merkataritza azkartzeko xedea duena, eta praktikan, haren aurkarien esanetan, transnazional handien jarduna errazteko eta zerbitzu publikoak pribatizatzeko bezala ingurumenaren eta osasunaren babes-estandarrak ahultzeko balioko duena, Europan behinik behin. Ongizate estatua desegiteko, funtsean. Ez naiz hemen luze jardungo haren ezaugarriez eta balizko ondorioez, lan hori eginda baitaukat dagoeneko.
Iritzi publikoaren eztabaidetan hitzarmenak txoko ziztrin batekin konformatu behar badu ere, haren aurkako mugimendua indarrez gorpuzten ari da Europar Batasun osoan. Uztailaren 15ean, tratatuaren seigarren negoziazio erronda hasi eta biharamunean, Stop TTIP kanpaina aurkeztu dute ia 150 elkartek. Helburua da Europako Batzordeari eskari bat helaraztea –Herritarren Europar Ekimen izeneko mekanismoaren bidez–, TTIPen negoziazioak bertan behera utz ditzan, eta bide batez EB eta Kanadaren arteko hitzarmena, CETA –adostuta eta sinatuta, iazko urritik–, erabat gauzatu ez dezan.

GUE/NGL taldeko parlamentariak TTIPen aurka protesta egiten Bruselako Parlamentuan, uztailaren 15eko bilkuran. (Arg.: GUE/NGL).
Herritarren Europar Ekimena iritsi behar den bulegora iritsi dadin, sustatzaileek milioi bat sinadura batu beharko dute TTIPez axolagabe bizi den jendarte horretan. Urtebete daukate. Ordurako, baliteke Europako Legebiltzarreko alderdi nagusiek, hala nola Europako Batzordeak, orain arte TTIPen alde agertu duten jarrera amiñi bat leundu izana. Stop TTIP aurkeztu zen egun berean, Jean-Claude Juncker aukeratu zuten batzordeko presidente. Hitzarmenaren alde agertu bazen ere, negoziazioetan gardentasun handiagoa behar dela onartu zuen Junckerrek Parlamentuaren aurrean. TTIPekin ala gabe, Europako hainbat araudi ukiezinak direla esan zuen, eta azpimarratu zuen ez zegoela prest inolako aldaketarik negoziatzeko elikagaien segurtasunaren eta datu pertsonalen babesaren alorrean. ISDS polemikoekiko jarrera kritikoa agertzera ere ausartu zen.
Irakurri Junckerren diskurtso osoa, frantsesez (seigarren puntua da TTIPi buruzkoa).
Esan gabe doa milioi bat izenpe biltzeko behar den denboran posible dela beste horrenbeste ñabardura gehitzea Junckerrek bere diskurtsoari.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks