Zertaz ari dira hitz egiten Limako Klimaren Gailurrean?
Abenduaren 1etik, ia munduko estatu guztiak parte hartzen ari dira Limako Klimaren Gailurrean, edo bestela esanda, COP 20 biltzarrean. Bertatik atera behar da 2020an Kiotoko Protokoloa ordezkatuko duen nazioarteko akordio berriaren zirriborroa. Datorren urtean, Parisen egitekoa den COP 21en, behin betiko forma emango zaio hitzarmenari. Dagoeneko Pariseko Protokoloa esamoldea erabiltzen hasiak dira batzuk.
Kiotoko Protokoloa, 2020an iraungiko dena, 187 estatuk sinatu zuten, baina 30 ingururi baino ez die ezartzen gas emisioak gutxitu beharra, denak industrializatuak eta gehienak europarrak. Guztira, Berotegi Efektuko Gas (BEG) emisioen %14ren erantzuleak dira. Izan ere, ia emisioen erdia Kioto konpromisootatik at dauden AEBetatik eta Txinatik datoz gaur egun. Txinak gas gehiago botatzen du eguratsera, baina per capita emisioetan txapeldunak estatubatuarrak dira oraindik, alde handiz.
Kiotok ez du helburua bete maila globalean. Europak igorpenak murriztu ditu, baina munduko guztizko kopurua handitu egin da. Eta klima aldaketa begien bistakoa da jada. Adibide bat: amaitzen ari den 2014 hau izan da urterik beroena XIX. mendean neurketak egiten hasi zenetik.

Barack Obama eta Xi Jinping, AEB eta Txinako estatuburuak, Berotegi Eefektuko Gas igorpenen murrizketarako akordioa ospatzen. Historikotzat jo izan da akordio hori, baina hainbesterako al da? (Arg.: Rolex de la Pena/European Press Photo Agency).
Ez da harritzekoa, hortaz, bi erraldoiek berriki sinatutako akordioak mezu baikor oldea eragin izana. Orain arte klima aldaketak haiekin zerikusirik izango ez balu bezala jardun dute Beijingek eta Washingtonek; ikuspuntu horretatik gas igorpenak murrizteko konpromisoa urrats bat dela ezin ukatu.
Baina ez da nahikoa, salatu dute gizarte zibileko elkarte andanak, batik bat ekologistek. AEBek eta Txinak iragarri dituzten emisio murrizketak ez dira hurbildu ere egiten IPCCko zientzialariek egindako gomendioetara. Oharra argia izan da: tenperatura bi gradu igotzen bada –industria aurreko aroan zegoenarekin alderatuz–, beroketa globalaren ondorioak latzak izango dira.
AEBek esan dute 2025erako %26 eta %28 bitartean gutxituko dutela BEG igorpena –2005ekoekin alderatuz–; Txinak, berriz, iragarri du 2030ean iritsiko dela bere emisioen gailurrera, eta hortik aurrera jaisten hasiko dela. Historikotzat jo da akordioa, baina ulertzekoa da adjektibo horrekin bat ez datozenen jarrera.
Kritikak Europar Batasunari ere heldu zaizkio. Konpromisoak bete dituenari, hain zuzen. Kioton ezarritako helburuetara heldu da Europa, heldu denez, behar baino zazpi urte lehenago! Limara eraman duen maletan, berriz, konpromiso bat dago: 2030erako, 1990ean baino %40 BEG gutxiago botatzea atmosferara. EBren klima politika kritikatzen dutenen iritziz, helburuak hain aise betetzeak frogatzen du datozen hamarkadetarako konpromisoak askoz handinahiagoak izan litezkeela, beti ere IPCCk emandako abisua gogoan.
Abenduaren 12an jakingo da munduak zer norabide hartu duen Liman.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks