Europako Batzordeak lobby pribatuen iritzia lehenetsi zuen TTIP prestatzeko

CEOk egindako infografietan argi erakusten da Europako Batzordeak, TTIPen negoziazioak prestatzeko garaian, interes pribatuaren iritziari eman diola lehentasuna.
AEB eta EBren arteko merkataritza eta inbertsio itunaren (TTIP) negoziazioak 2013ko uztailean abiatu ziren. Aurretik, 2012an eta 2013ko lehen hilabeteetan, Europako Batzordeko Merkataritza Saila hainbat eragilerekin bildu zen negoziazio horiek prestatzeko asmoz. Corporate Europe Observatory (CEO) elkartearen txosten baten arabera, bilera horien %92 sektore pribatuko lobbyekin egin zituzten.
CEOren esanetan, Europako Batzordeak epe horretan egindako 560 bileretatik 26tan baino ez ziren elkartu interes publikoa ordezkatzen duten taldeekin. Alegia, %4. Beste %4 norbanakoekin, erakunde akademikoen eta erakunde publikoekin egin zituzten.
Orotara, 296 taldek hartu zuten parte bilera horietan. 269 sektore pribatukoak ziren.
Bilera gehien (113) nekazaritza, elikadura eta hazien alorreko enpresekin egin zituzten EBren ordezkariek. CEOren txostenak azpimarratzen duenez, horietako asko sarritan nabarmendu dira giza osasuna eta ingurumena babesten dituzten europar arauak leuntzeko ahaleginean.
Esaterako, Food and Drink Europe, elikaduraren industriaren patronala, etiketetan kontsumitzaileari zenbait informazio ematearen aurkako kanpainan dihardu buru-belarri. Beste talde batzuk (Monsanto, Bayer, BASF…) genetikoki eraldatutako organismoei edota zenbait pestizidari trabak kentzearen aldeko lobbygintzan aritu dira.
Elikadura eta laborantzaren alorrekoenaz gain, aipatzekoa da beste sektore batzuek Europako Batzordearekin egindako bileretan izandako pisua: telekomunikazioak, ingeniaritza, industria kimikoa, finantzak, osasuna… Talde horien %30 inguru ez dago EBren Gardentasun Erregistroan izena emanda, batzuk entzute handikoak: Walmart, Walt Disney, General Motors, France Telecom…
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks