Europako Legebiltzarraren matxinatze txikia TTIPen aurka

Europako Legebiltzarreko batzorde gehienak ISDS auzitegien aurka agertu dira. (Arg.: Jlogan-CC By SA).
Ekaineko lehen astean, Europako Legebiltzarrak ebazpen –ez lotesle– bat onartu behar du TTIPi buruz. Erabakiak ez du eragin zuzenik negoziazioan; esan nahi baita, Legebiltzarrak dioena dioela akordioa egosten jarraituko dutela Europako Batzordeak eta AEBek. Beste kontu bat da ebazpenak noraino baldintzatuko duen negoziazioetan europar aldeak izango duen jarrera.
Itxuraz, ezerk ez du aditzera ematen Bruselako legebiltzarkideek TTIPen aurkako ebazpenik onartuko dutenik. Hiritarren eskubideak errespetatu behar direla eta holako orokorkeriak esango dituzte, noski, kontrakoa ezin daitekeelako esan. Baina TTIPi argi berdea emango diote.
Itxuraz, diot, zalantzarako zirrikitu bat ireki baitu Legebiltzarreko batzorde gehienak TTIPen aurreikusita dagoen ebazpen-auzitegiaren aurka agertu izanak. Ingelesezko ISDS siglez ezagun diren auzitegi horiek hitzarmen transatlantikoaren zati polemikoenetakoa dira: haien bitartez, atzerriko konpainia batek estatu edo eskualde baten kontrako salaketa jar dezake, hark onartutako legediak kalte egin diola –irabaziak gutxitzea izan daiteke kalte bat– uste badu.
Europar negoziatzaileen buruetan ez da sartzen ISDSrik gabeko TTIP bat onartzea. Horregatik, Cecilia Malström, Europako Batzordeko Merkataritza komisarioa, Legebiltzarrean ibili da joan den astean, ISDSaren ezaugarriak leunduko direla esanez, eta era horretan legebiltzarkideak haren beharraz konbentzitzen saiatuz.
Besteak beste, Malströmek esan du ISDSren ebazpenen aurka helegiteak aurkezteko aukera handiagoa izango dela, gaur egun hutsaren hurrengoa baita. Alegia, EBk horixe defendatuko duela esan du. Beste kontu bat da AEBek zer ihardetsiko dioten.
ISDS auzitegiak noranzko bakarrekoak dira: enpresek baino ezin ditzakete salaketak jarri bertan. Eurak ezin dira salatuak izan. Dagoeneko, haien erabakien ondorioz estatu askok dirutza eskergak ordaindu behar izan dizkiete hainbat transnazionali. Espainiako Estatuan TTIPen aurka kanpaina koordinatzen dabilen Luis Ricoren esanetan, “auzitegi pribatuak dira, kontrolik gabekoak, eta ebazleak abokatu talde gutxi batzuetako kideak dira; egindako lan ordu kopuruaren arabera kobratzen dute, eta hortaz kasu asko egotea interesatzen zaie”. Kasu asko egoteko, Ricok dioenez, abokatu horiei komeni zaie inbertsiogileek irabazteko aukera asko edukitzea.
Mekanismo horri buruz zerbait esan beharko du Europako Legebiltzarrak ekainean, baina denok lasai; berriro diot, ez da loteslea. Eta gainera, zenbait adituri kasu egitera TTIPen negoziazioetan oraindik ez da benetako eztabaida hasi; ukabilkadak, iristekotan, irailetik aurrera iritsiko dira.
Arinegi pasatu jata TTIPa dala eta entzuten hasi nintzenetik eta orainarteko tartea. Horixe berori izango da akaso euren helburua, oharkabean zertu daitela ba. Batek daki. Edozelan bere, holango zer barrien aurrean, beti izaten dot arazoa: ados ela kontra nagoan erabaki ordurako, denbora gehiegi pasatzen dala ba. Informazino iturriak eskasegiak diralako, edota asko izanagatik bere gehienak ildo ofizialekoak diralako, non aldeko kontuak baino entzungo ez dodazan. Aitzakiak aitzaki, horrexegatik estimatzen dot zeuon ausardia, behin honez gero urte bi diralako kontu honeen ganeko kritikakaz hasi zineala. Oraindino gehiena erabaki barik dagoan arren, alde ela kontra nagoan itxaroten jarraitzen badot gesu baten dana amaituta egongo dalako.
Oraingoz ba, zalantzen aurrean, neuk bere zeuon legez honexen kontra bozkatuko dot buru barruan, apustu segururantz baitoa. Eta oker banago, ba askoz hobeto. Edozelan bere milesker hasikera hasikeratik gai honeri jarraipena emon zeuntsalako. Gerora bere jarraituko doguz ba.