Euskal udalerrien izenei buruz (eta V): Errenteria, Azkoien eta Maruri-Jatabe

Irudian, Jata. Mendi honen magalean egoteagatik hartu zuen Jatabek izen hori, lehengo Maruriren ordez.
Hiru adibiderekin amaituko dut aste osoa hartu didan herrien izenei errepaso mardul eta, espero dut, ez aspergarriegi hau. Hiru herri oso desberdin aipatuko ditut, bata bestetik oso urruti daudenak, baina hari batek lotzen dituena: herritarren nahia beren udalaren izena hautatzeko.
XX. mende hasiera, Euskal Pizkundea. Europa osoan bezala, Euskal Herrian udalen jatorrizko izenak berreskuratzeko mugimendu handia izan zen. Herritarrek hiri-gutun zaharretara jo zuten eta han agertu ziren zenbait izen: Orereta, Soraluze, Arrasate… Horien aldeko apustua egin zuten. Batzuek iraun dute, esan nahi baita Euskaltzaindiak bere era arautuen zerrendan hartu dituela. Oreretak ez, ordea. Ezin da ukatu indarra eduki duela, oraindik ere badaukala, izen horrek, baina beste batzuek ez bezala, Euskaltzaindiaren zerrendatik kanpo geratu da. Zergatik? Mikel Gorrotxategik honela azaldu du: “Hiribildua sortu zenean Villanueva de Oyarzua zen, baina euskaldunok berehala uko egin genion horri, eta Errenteria hasi ginen erabiltzen. Errenteria euskal toponimoa da, jatorri erromantzekoa baina euskalduna, eta hori nagusitu da”. Orereta bertako auzoa zen, eta esan bezala, Euskal Pizkundean hartu zuen indarra, baina ezin da konparatu, Gorrotxategiren esanetan, antzeko beste kasu batzuekin, Agurain edo Gasteiz esaterako. “Horietan euskal izen bat zegoen aurretik, eta erdarazko beste batek ordezkatu zuen, baina Oreretaren kasuan ez, Oreretaren kasuan euskaldunok beste izen bat hautatua genuen lehenagotik, izen euskaldun bat: Errenteria”.
Herriak hautatzen duena, hori da gakoa Gorrotxategiren esanetan. Azkoieneko adibidea paradigmatikoa da. Historikoki Peralta izan da nafar Erriberako herri hori, eta duela gutxi gehitu dio “Azkoien” euskalduna izen ofizialari. Euskaltzaindia bat dator erabakiarekin, eta horixe ematen du euskarazko era araututzat. Baina Azkoien atzo goizean asmatutako izena da, Gorrotxategik berak eta ia edozein adituk dioenez: Julio Altadillek (1858-1935) aipatu zuen lehen aldiz XX. mende hasieran, ustez nafar toponimoen jatorrizko euskal izenak biltzen zituen liburuan, eta hala izango da, ez dut nik hemen ukatuko, kasu askotan, baina ez Azkoienekoan. “Gaur egungo uste zabalduena da Altadillek berak sortutako izena dela”, dio Euskaltzaindikoak, “baina inork ez die inposatu bertako herritarrei, beraiek esan zuten ‘hau da gure izena eta erabili egingo dugu’; eta erabili egiten dute”. Bada aurka dagoenik, hala ere, eta ez naiz erdararen zale sutsuez ari preseski: Xabier Zabaltza historialari eta itzultzaileak idatzi zuen, iazko otsailean, “Peraltaren euskarazko izena Peralta da, eta ez Azkoien edo Arrigarai (…) Konfirmatzen bada Azkoienen ofizialtasuna, aurrekari bat izango litzateke eta ez legoke argumenturik saihesteko Urantzia, Karakarre, Alesbes, Ilurzis eta Muskaria izen ofizialen onarpena, Los Arcos, Carcar, Villafranca, Castejon eta Tudela-ren ustezko euskarazko izenak (…) Peralta milaka urtetako izena da, Azkoienek apenas ditu hamarkada batzuk”.
Eta amaitzeko, Mikel Gorrotxategiren ustez euskal udalerrien izendegian dagoen kasurik bitxiena aipatuko dut: Maruri-Jatabe, Bizkaian. Izen ofiziala da hori; Euskaltzaindiak Jatabe ematen du euskal izen jatortzat. Ofiziala, bide batez esateko, txarto idatzita dago: barra batek banatu behar lituzke izen biak (Maruri/Jatabe), bata erdarazkoa eta bestea euskarazkoa dela adierazteko. Gidoiak, berez, udala herri bik edo gehiagok osatzen dutela esan nahi du, Gamiz-Fika, Bidania-Goiatz edo Maule-Lextarre bezala. Argi gera bedi, beraz, Maruri eta Jatabe ez direla udal bakarra osatzen duten herri bi, izen biak dituen herri bakarra baizik. Eta bitxiena zer da? Bada, Maruri dela erdarazko izena eta Jatabe euskarazkoa, biak euskarazkoak izan arren. Historiaren une batean, ez jakin zergatik, bertako euskaldunek, hau da, biztanle gehienek, erabaki zuten aurrerantzean Jatabe esango ziotela beren herriari –Jata mendiaren magalean dago, egon–, eta ez, ordura arte bezala, Maruri. Baina izen ofizialak Maruri izaten segitu zuen, eta erdaldunen ahoetan geratu zena ere bai. Orain, neurri batean, esan daiteke Jatabe dela euskal forma eta Maruri erdal forma, biak euskara izanagatik. Eta gaur egungo izen ofizialean, izena hizkuntza bietan duten Hego Euskal Herriko udal gehienetan bezala, biak daude. Bitxia benetan.
·Euskal udalerrien izenei buruzko erreportajea ARGIA aldizkarian
Zure artikulua interes handiarekin irakurri dut, gure auzoaren izenaren inguruan ere azken aldian konfusio giroa sortu baita. Egun batetik bestera, zurrumurru bat zabaldu zen. Antiguo beharrean gure auzoaren jatorrizko euskal izena Antigua zela argitu ziguten. “Orduan hemendik aurrera ez gera gehiago Antiguotarrak, Antiguatarrak baizik”. Hasiera batean enion kasu gehiegirik egin, esamesak zirelakoan. Baina, handik gutxira, zuzentzaileak talaka ematen hasi zitzaizkigun. Batez ere, auzotik kanpokoek %100 bazekiten hori horrela zela. Eztabaida franko izan dugun arren, konfusioa guztiz zabaldu da eta presentean ez daki inork zein den gure auzoaren izena. Ziur ez nagoen arren, kaleko seinalizazioak bi modutan idatzita daudela esango nuke. Badakizu zeozer gure auzoaren izenaren normalizazioaz?
Aldaketa txorakeria irudituko zaizu baina nere belarriarentzat Eibartar bati Eibortarra deitzea bezain mingarria da.
Kaixo Amaia, egia esan ezin dizut lagundu horretan, udalerrien izenak baizik ez nituen aztertu, toponimia guztiari buruz hitz egiteko ARGIA oso bat beharko nukeelako. Aholkatzen dizut Euskaltzaindiaren webgunean (www.euskaltzaindia.org), JAGONET sailean, zure zalantza edo galdera idaztea, eta Euskaltzaindiak berak erantzungo dizu.
Mila esker parte hartzeagatik