DFWren “Hauxe da ura”
2005eko maiatzaren 21an, David Foster Wallace idazleak graduazio hitzaldia eman zuen Kenyon College ospetsuan (Liberal Arts filma egin zen unibertsitatean, hain zuzen). 10 orrialdeko hitzaldia irakurri zuen Wallacek, eta horren pasarte batzuekin osatu zuten bideoa asko ibilia da sare sozialetan. Transkripzioa euskaratu dut, bideoari norbaitek azpitituluak jarriko dizkiolakoan. Merezi du ikusteak (euskarazko azpitituluekin @makilipurdi-ren blogean, Language>Basque aukeratu ondoren): https://www.youtube.com/watch?v=DKYJVV7HuZw
David Foster Wallace: “Hauxe da ura”
(Kenyon Collegeko graduazio hitzaldia)
Badira bi arraintxo igerian eta arrain zaharrago batekin topo egiten dute, zeinek agurtu ondoren diotsen: “Egunon gazteok, zer moduz dago ura?” Eta bi arrainek jarraitzen dute igerian, eta azkenean horietako batek besteari begira diotso, “Zer demontre da ura?”
Arrainen istorioaren muina da begien bistako errealitate garrantzitsuenak, askotan, ikusteko eta komentatzeko zailenak direla. Euskarazko esaldi bat bezala, noski, hori topiko hutsala baino ez da, baina helduen bizitzaren eguneroko lubakietan, topiko hutsalak hil ala biziko kontuak izan daitezke.
Kontua da zuek unibertsitate gradudunok ez dakizuela “egunero” hitzak benetan zer esan nahi duen. Badaude Ameriketako helduen bizitza zati handiak graduazio ekitalditan aipatzen ez direnak. Horietako batek asperdura, errutina eta frustrazio txikiekin zerikusia du. Bertako gurasoek eta adineko pertsonek ondotxo dakite zertaz ari naizen.
Adibidez, demagun heldu baten egun arrunt bat dela gaurkoa: goizean esnatu, joan zara zure unibertsitate gradudunentzako lanpostu lehiakorrera, 8 edo 10 ordu eman dituzu lanean, eta iluntzean nekatuta zaude, pixka bat estresatuta eta nahi duzun guztia da etxeratu eta afaldu eta agian lasai egon ordu batez, eta segidan oheratzea, zeren eta biharamunean altxatu behar duzun eta guzti hori berriz egin. Baina orduan gogoratu duzu etxean janaririk ez duzula. Aste honetan ez duzu erosketak egiteko astirik izan zure lanpostu lehiakorra dela eta, beraz zure autoan sartu eta supermerkatura gidatu behar duzu. Lanegunaren hondarra da eta trafikoaren egoera oso txarra. Horregatik dendara uste baino beranduago heldu zara, eta hara heldu orduko jendez lepo dago, zeren eta beste langileak erosketak egiten saiatzen diren unea bera den. Ezin duzu sartu-irten azkar bat egin; denda erraldoi eta argitsuegi horretan ibili behar duzu nahi duzun hori aurkitzeko eta zure orgatxo zakarra gobernatu behar duzu orgatxo darabilten jende nekatuta eta presadun horien artean (eta abar, eta abar, gauzak laburtzen ditut hau ospakizun luzea baita) eta azkenean zure afarirako osagai guztiak bildu dituzu, baina ez dago kutxazain nahikorik, egunaren-hondarreko jendetza egon arren. Kutxazaineko ilara ikaragarri luzea duzu, eta hori ergela eta asaldagarria da. Baina ezin diozu errieta egin marra kode irakurgailua darabilen andereño koitaduari, gainezka dagoena lanpostu batean zeinaren eguneroko asperdura eta ganoragabekeria unibertsitate onean gaudenok irudika genezakeen baino harago doazen.
Baina hala ere heldu zara kutxazainaren aurrera, eta zure janaria ordaindu duzu, eta esan dizute “egun ona izan” heriotzaren behin-betiko ahotsez. Orduan zure janaria eraman behar duzu plastikozko poltsa dardarti eta nazkagarrietan sartuta, ezkerraldera joateko joera erogarria duen zure orgatxoan, gainezka dagoen kuxidaderik gabeko aparkalekura, eta etxerako bidea hartu behar duzu 4×4 ibilgailuez beterik trafiko astun eta geldoan, eta abar, eta abar.
Denok egin dugu hau, noski. Baina oraindik ez da, gradudunok, zuen bizitzako eguneroko ohitura bihurtu, egunak eta asteak eta urteak pasa ahala.
Baina bihurtu egingo da. Eta antza ganoragabeko ohitura nekagarri eta molestagarri gehiagorekin batera. Baina hori ez da puntua. Puntua da horrelako kontutxo etsigarriak direla aukerak egiteko parada dakarkigunak. Trafiko arazoek eta jendez lepo korridoreek eta ilara luzeek pentsatzeko astia ematen didatelako, nola pentsatu eta zeri arreta egin ez badut modu kontziente batez hautatzen, haserre eta zoritxarreko izango naiz uneoro erosketak egiten ditudanean. Nire hasierako konfigurazioa baita horrelako egoerak niri buruzkoak direlako ziurtasuna. NIRE goseari eta NIRE nekadurari eta NIRE etxeratzeko desioari buruzkoak direla, eta horrela ematen du mundu osoa, gainontzekoak bezala, nire aurrean dagoelako. Eta nortzuk dira nire aurrean dauden horiek? Begira zer nazkagarriak diren gehienak, zein ergel eta otzan eta berekoi diruditen kutxazainaren ilaran, edo zein hezigabe eta molestagarri den ilararen erdian jendea sakelakoari ozen hitz egitea. Begira zer injustua den hori, sakonean zein pertsona mailan.
Dendan eta autopistan horrela pentsatzea hautatzen baldin badut, konforme. Gutako askok egiten dute. Baina horrela pentsatzea hain da erraza eta automatikoa, ez du zertan hautu bat izan. Nire hasierako konfigurazioa da. Helduen bizitzaren zati aspergarri eta etsigarriak bizi ditudan modu automatikoa da munduko zilborra naizela itsuki eta automatikoki sinisten dudanean, munduko lehentasunak nire berehalako beharrek eta sentimenduek markatzen dituztelakoan.
Kontua da, noski, egoera horiei buruz pentsatzeko beste moduak egon badaudela. Trafiko honetan, nire bidea oztopatzen duten ibilgailu guzti hauekin, ez da ezinezkoa 4×4 ibilgailuetan dabiltzan lagun batzuek auto istripu ikaragarriak izatea iraganean, eta gidatzeari beldur ez ziezaioten sendagileak 4×4 erraldoi bat lortzea aholkatu izatea.
Edo aukera dezaket nire burua behartzea honakoa hausnar dezadan: supermerkatuko ilarako beste lagun horiek ni bezain asperturik eta etsita daudela, eta horietako batzuen bizitzak nirea baino latzagoak, nekagarriagoak eta mingarriagoak direla.
Berriro, arren ez pentsa aholku etiko bat ematen dizuedala, edo horrela pentsatu behar duzuela diodala, edo inork berehala espero duela zuek hori egitea. Zaila delako. Gogoa eta ahalegina behar ditu; ni bezalakoak bazarete, batzuetan ezin izango duzue, edo ez duzue nahi izango.
Baina gehienetan, zure buruari aukera bat emateko gauza bazara, bestela begiratzeko hautua egin dezakezu. Begira ezazu andre potolo hori, demaseko makillajea eta begiak hilik dituena, bere semeari garrasi egin berri dioena. Horrelakoa ez da izaten, aukeran. Agian hezur minbiziak jota hiltzear dagoen senarraren eskutik helduta hiru gau eman ditu begirik bildu gabe. Edo, aukeran, bera da auto sailean diharduen andrea, atzo zure emazteari arazo burokratiko konponezin bat konpontzen lagundu ziona. Noski hau guztia ez da litekeena, baina ezinezkoa ere ez da. Aintzat hartu nahi duzunaren araberakoa da. Errealitatea zer den, benetan garrantzitsua zer eta nor diren, berehalako ziurtasunez baldin badakizu, zure hasierako konfigurazioan ari bazara, orduan zuk, nik bezala, deserosoak eta penagarriak diren aukerak ez dituzu aintzat hartuko. Baina benetan ikasten baduzu nola pentsatu, arretaz nola jokatu, orduan beste aukerak dituzula jakingo duzu. Jende kontsumitzailez lepo infernuko egoera hori ulertzeko gauza izango zara. Ulergarria izateaz gain, sakratua ere dela uler dezakezu, izarrak egin zituen indarrez piztuta: maitasuna, elkartasuna, gauza guztien sakoneko batasun mistikoa.
Kontu mistiko horrek ez du zertan egia izan. Letra larrizko E-rekiko Egiazkoa den gauza bakarra da zuri dagokizula aukeratzea nola saiatuko zaren ikusten. Hauxe da, nire ustez, benetako hezkuntzaren libertatea, ongi egokitua izaten ikastearena. Zuri dagokizula kontzienteki erabakitzea esanahia zerk duen eta zerk ez. Horixe da benetako askatasuna. Horixe da hezia izatea, nola pentsatu ulertzea. Alternatiba da kontzientziarik eza, hasierako konfigurazioa, sasi-lehiakortasuna, amaigabea den zerbait eduki eta galdu izatearen uste egonkorra.
Badakit honek guztiak ez dirudiela dibertigarria edo iradokigarria, graduazio hitzaldiek izan behar omen dutenaren modukoa. Dena den, letra larrizko E-rekiko Egia delakoan nago, erretolika guztia kenduta. Libre zarete nahi duzuena pentsatzeko, noski. Baina ez ezazue alboratu, arren, sermoi moralista delakoan. Kontuak ez dihardu moralaz edo erlijioaz edo dogmaz edo heriotzaren ondoko bizitzaz.
Letra larrizko E-rekiko Egiak heriotzaren AURREKO bizitzaz dihardu.
Benetako hezkuntzaren benetako balioaz dihardu, ezagutzarekin apenas zerikusirik ez duena, arretarekin zerikusi osoa duena. Kontzienteak izatea hain esentziala eta erreala denaz, gure begien aurrean gordeta dagoenaz; hain gordeta, ezen behin eta berriro gogorarazi behar baitiogu gure buruari:
“Hauxe da ura.”
“Hauxe da ura.”
Itzulpena: @eskuezkerraz, @makilipurdi-ren laguntzarekin
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks