“Poesia (zubi bat) bertsolaritza”
Duela astebete Ean egon ginen, ezin kabiturik, Berriako kronikan azaltzen zen moduan. Larunbateko goizean jende ugari aretotik kanpo geratu ziren, Maialen Lujanbioren hitzaldia entzun ezinik, eta horregatik gaur ausartu naiz nire ohar batzuk hona ekartzen. Zubi horretan denok gaudenez, nor bere ertzetik, nork bere harria jarriz, oharrekin poem recording txiki bat osatu dut. Gutxi gorabehera, edukiak hitzaldian entzundakoari darraio. Islatu ezin izan dudana da hitzaldiaren bizitasuna, zein ongi egokitu zitzaion bertan bildutako publikoari, zer nolako komunikazioa sortu zen uztaileko goiz hartan… eskerrik asko Maialeni, eskola bikaina emateagatik, eta batez ere Eako herriari, Bilboko kaleetan Arestik espero zuen mirari hura antolatzeagatik.
Maialen Lujanbio:
Poesia (zubi bat) bertsolaritza
2015eko uztailaren 18an, Ean
Hizkuntza den erreka honetan
zubi alde batetik dihardu,
eta loturak ematen dion
libertateaz hitz egin digu.
Miresmen eta mespretxuaren
artean dagoen bertsogintza:
idatzi gabeko arauekin
prekario eta zoragarria.
Ahalik eta hitz gutxiekin
ahalik eta gehien esanez;
errimak garamatzan tokira
errima barik iristerik ez.
Bertsoak bertsoari neurriko
erantzuna emateko dohaina;
ez genekiena irakatsiz
bat-batekoak duen magia.
Ortografiako ikurrak:
ulertu da ala ez da ulertu?
Ekarpena begiradan dago
baina belarritik sartu behar du.
Ulertarazi, ulertarazi,
bertsolariaren obsesioa:
dela txapelketa nagusia,
dela herri txikiko saioa.
Denborak ez luke hobetuko
bertsoa, bertso ona denean;
hainbat figura literario
ezin aurkitu liburuetan.
Hobe beharrez bertsolariak
ezin dira tabernan geratu:
ertzen artean borobil dira;
borobilen artean, karratu.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks