Euskal udalerrien izenei buruz (I): Plentzia

Erdarazko Placencia zaharraren euskal aldaeretako bat da gaur egungo Plentzia izena.
Atzoko data daraman ARGIAn Euskal Herriko udalen izenei buruzko erreportajea duzue irakurgai. Amaieran iragartzen denez, baldin eta nire amaz gain inor gauza izan bada amaieraraino heltzeko, gaurtik aurrera zenbait herriren izenei buruzko informazioa izango da blog honetan. Hitza eman, eta orain bete egin behar. Has nadin.
Etxetik hurbileko adibide bat hautatuko dut lehenik: Plentzia. Izen hori da jatorrizko Placencia erdaldunak, mendeen poderioz, hartu duen forma. Eta bitxia da erdaldunek ere izenaren euskal aldaera hartu dutela. 1299an hiribildua sortu zenetik, beraren izenak eboluzionatzeko denbora luzea eduki du. Bai euskaraz eboluzionatu ere, atzo goizera arte oso eremu euskalduna baitzen Bizkaiko Uribe Kosta eskualdea. Euskal mihiek Plentzia bihurtu zuten jatorrizko Placencia hura, Gipuzkoakoa –gaur ofizialki Soraluze– Plaentxi nola, eta hainbeste denbora igaro da non erdaldunei ere ahaztu zaien Plentzia Placencia zela. Gaur egungoek Plencia esaten dute. Hau da, erdaldunek erdarazko izen baten euskal aldaera egin dute bere –barka esaldiaren mordoilokeria-, eta erdal forma eman, gauza jakina baita “tz”-rekin ez direla ondo konpontzen pizza bat eskatzeko ez bada. Mikel Gorrotxategik, Euskaltzaindiko Onomastika Batzordeko idazkariak zioskun, Soraluzez berbetan, “Plaentxi” esamoldea erdarazko izen bat ahoskatzeko modu jakin bat besterik ez zela, gaztelaniaz Güerva (Huelva) esatearen parekoa. Ez zait argi geratu Plentzia ere Güervarekin konparagarria den, baina pentsatzen dut ezetz, Euskaltzaindiak bere era arautuen zerrendan onartu duenez gero.
Garai batean Gaminiz izena bultzatu zuten batzuek, Plentziaren lekua har zezan. Ez da oso antzinako garaia, nik neuk gogoan daukat eta. Hura ei zen euskaraz jator egiteko modua, Plentzia erdaldunaren ordez. Euskaltzaindiak gogoan izan zuen aukera hori, eta une batean, Gorrotxategik dixit, biak proposatu zituen, Gaminiz eta Plentzia, baina gero atzera egin zuen, arrazoi birengatik. Bat: Gaminiz, gaur egun, Gorlizko auzo bat da. Bi: Gaminiz, bokal arteko “n” bigunaren araua dela eta –horren berri papereko erreportajean aurkituko duzue-, Gamiz esan beharko litzateke, eta ez esatearen arrazoia da erdaldunek erabili ohi duten izen bat dela. Bide batez, eta korapiloa apur bat korapilatsuagoa izan dadin, ez da ahaztu behar badagoela, Plentziatik ez oso urrun, Gamiz-Fika izeneko udal bat, zeinaren erdia Gamiz herria den.
Bihar: Zornotza vs. Amorebieta-Etxano
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks