Plastikozko poltsak, beste ikuspuntu bat
Plastikoari buruzko erreportajea kaleratu berri dugu ARGIAn. Aipatu dugu, nola ez, erabilpen bakarreko plastikozko poltsen auzia, nahi bezain sakon jorratu ez badugu ere. Ustez nahikoa kontsentsu biltzen duen gaia da, maila teorikoan behintzat. Esan nahi dut, itxuraz ia mundu guztia dagoela ados, plastikozko poltsa horientzat alternatiba bilatu behar dela; desadostasuna metodoetan dago, eta erritmoetan. Batzuek oraintxe bertan debekatuko lituzkete guztiz. Besteek astiroago joan behar dela uste dute. Baina denak bat datoz: plastikozko poltsak desagertuko beharko dira noizbait, eta horien ordez poltsa berrerabilgarriak eraman beharko ditugu erosketetara.
Hara non ordea, erreportajea amaitzen ari nintzela –hemendik aurrera hobe izango da lehenengo pertsonaren singularra erabiltzea–, gai honi buruzko eztabaidari elementu interesgarriak gehitzen dizkion dokumentua aurkitu nuen. Interesgarriak bakarrik ez; esango nuke jende gehienarentzat ezezagunak ere badirela. Berandu zen, nekatuta nengoen, epea agortzear zen… Ez nuen aipatu, eta aipatu beharrekoa zela uste dut. Atera dezadan, beraz, harra barrutik.
Dokumentua Euskal Kimikarien Elkargo Ofizialak 2009an zabaldutako prentsa ohar bat da (gaztelania hutsean dago jatorrizkoa). Plastikoaren industriaren nahiei men eginez idatzitakoa da akaso –oso litekeena denez norbaitek hori leporatzea, aldez aurretik defendatuko dut neure burua-, baina bertan esaten direnek arreta apur bat merezi luketela uste dut, haatik.
Kimikarien idazkiak, batez ere, poltsa berrerabilgarrien kritika egiten du: “Kezkagarria da erakunde publiko eta pribatuek poltsa berrerabilgarriak sustatzea, eta ez jakinaraztea poltsa horiek (…) ez liratekeela elikagaiekin kontaktuan egon behar, osasunarentzat kaltegarriak suertatu litezke eta”.
Euskal Kimikarien Elkargoak kritikatzen ditu, halaber, zenbait erakunde publikok egindako kanpainak, zeinetan poliesterrezko poltsak oparitu baitzituzten, argudiotzat erabilita, besteak beste, ekimen horri esker CO2 emisioak gutxitzen direla. “Poliesterrezko poltsa batek dituen materialak egitean”, dio prentsa oharrak, “disolbatzaile organiko kopuru handiak igortzen dira atmosferara; horrek ozono troposferikoa sortzen laguntzen du, eta Europan ekoitzitako ehunka plastikozko poltsa arrunt fabrikatzeak baino kalte handiagoa egiten dio ingurumenari”.
Kontinentea aipametzearen garrantzia berehala ikusiko da. Poliesterrezko poltsa gehienak, hala nola beste poltsa berrerabilgarri batzuk, Asian egiten dira, eta horrek baditu ondorioak kimikarien esanetan: fabrikazio-baldintzak ingurumenerako kaltegarriagoak dira Europakoak baino (aztertu beharko litzateke Europakoak noraino diren “garbiak”, hala ere; hori neuk diot, ez kimikariek); langileentzat baldintza injustuetan egin ohi da; eta inpaktu erantsi handia sortzen da produktua Asiatik hona garraiatu beharragatik. CO2 emisioak gutxitu beharrean, handitu egiten direla, azken batean.
Gai honi dagokionez administrazio publikoek beste era batera jokatu beharko luketela esanez amaitzen da prentsa oharra. Ardatz bi proposatzen dituzte egileek horretarako: hiritarrak kontzientziatu poltsak modu egokian erabiltzeko eta birziklatzeko –plastikozko poltsen arazo handienetakoa da behin etxean edukita zabor poltsa modura erabiltzen direla sarritan, eta beraz ez dagokien edukiontzira botatzen ditugula-, eta material biodegradagarriak sustatzea; ohiko poltsen abantaila berak dauzkate higienearen aldetik, eta iraupen luzeegiaren desabantaila ez.
Kimikariok kontuak ondo egin ez dituztela jokatuko nuke. Alegia: zorro berrerabilgarri bat egiteak emango balu ere plastikozko betiko bat egiteak baino kutsadura gehiago, kontutan eduki ote dute berrerabilgarri bakar batek zenbat “usarritirar”eko ordezkatu dituzten beren bizian zehar? Poltsa bat versus ordezkatzen dituen berrehun edo hirurehun edo bostehun… eta hala ere kutsadura gehiago? Seguru ezetz.
Bestalde, Pello, poltsa berrerabilgarriak, eginda dauden materialengatik-eta, elikagaiekin kontaktu zuzenean egoteko desegokiak direla esaten du prentsa oharrak, janaria kutsatu dezaketela. Ez dut nik hori ukatuko noski; kontua da ea gaur egun zenbat elikagaik daukan kontaktu zuzen hori poltsarekin, gehien-gehienak plastikotan inguratuta datoz eta. Nolanahi, interesgarria iruditu zait ekarpen hau egitea, eztabaida aberaste aldera.