Airearen Urtea (I): legedia gogortzeko ausardia edukiko du EBk?

Eurobarometroak berriki egindako inkesta baten arabera, EBko biztanleen %79 kutsaduraren aurkako politika gogortzearen alde dago (Arg.:Reuters).
Europar Batasunak, bere hiritarren biriketara sartzen denaz kezkatuta agidanez, Airearen Urtea izendatu du 2013, eta kutsadura atmosferikoari buruzko araudia hobetzeko konpromisoa agertu du. Zuk, Europako hiritar horrek, martxoaren 4ra arte duzu aukera zure iritzia edota proposamenak emateko, horretarako propio zabaldu den kontsulta publikoaren bitartez.
Hona kontsultaren webgunea gaztelaniaz eta frantsesez; galdetegia ingelesez besterik ez dago (pdf), ordea. Hizkuntza kontuak oztopo ez badira zuretzat, eta gogoa baduzu, Europako Batzordeari gogorarazi ahal izango diozu gaur egungo araudiak erroan duela gaitza: substantzia kutsagarri askorentzat ezarrita dituen gehienezko balio onartuak sano handiagoak dira Osasunaren Mundu Erakundeak gomendatzen dituenak baino.
Horregatik apur bat harritzen nau –hitz gogorragoak ez erabiltzearren– Europar Batasunak hau esateak: “Kutsadura atmosferikoak 350.000 heriotza goiztiar eragiten ditu oraindik EBn”. Aurrerapausoak eman diren arren kutsatzaile batzuek arazoak sortzen jarraitzeagatik kezka agertzen du Europako Batzordeak, “maiz gainditzen baitituzte segurtasun mugak”. Nola ez da hala izango, EBk segurutzat duenaren eta benetan segurua denaren artean hain tarte zabala egonda?
Hori guztia esan diezaiokezu EBri zabaldu duten kontsultaren bitartez, baina ikusteko dago noraino aintzat hartuak izango diren zure hitzak. Arerio gogorrak dituzu eta. Komeni da gogoratzea, ikerketa zientifikoek kutsaduraren ondorioak uste baino latzagoak direla esaten joan ahala, kontrako norabidean ibili dela Europa, arautegia bigunduz alegia. Sektore batzuei galera handia ekarriko lieke herritarren osasuna benetan babestuko lukeen araudi bat betetzeak. Eta sektore horien ahotsa zurea baino sarriago entzuten dute EBn erabakiak hartzen dituztenek. Bruselan 15.000 lagun inguru dabil lobbygintzan –2007ko datua da, aldatzekotan handitzeko izango zen–, zureak ez beste batzuen interesak defendatzen.
Hori nahikoa ez balitz, 2011ko azaroan hainbat erregiotako gobernuek malgutasuna eskatu zioten Europako Batzordeari, legedia osatzean. Hau da, zenbait eskualderen ezaugarriak kontuan har zitzatela. Oso eskualde industrializatuez ari gara, eta bertan bizi direnen osasuna behar bezala babestea garesti atera ahal zaie… batzuei.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks