High alaitasuna
Hasiera » Paisaiak » Baratza eta errepidea
Api20 0

Baratza eta errepidea

Atalak: Paisaiak, Poemak, Poetikak

Duela gutxi Berria egunkarian, Patxi Zubizarretak aipatu zuen Ruben Alves idazle brasildarrak mundua hitz bakar batekin laburbiltzen ahal zuela: jardim hitzarekin, alegia, lorategia edo baratza esan nahi duen hitzarekin; idazle horren aburuz, baratza zela “zoriona, armonia, maitasuna eta edertasunaren irudia”. Hala izan da mendebaldeko zein ekialdeko literaturan, baita euskal poesian ere. 1931. urtean, Lizardik bere arbasoen baratzeri poema bat eskeini zion, “Asaba zaharren baratza” deritzana, euskal kultura berritzeko deia eginez.

Baina nola berritzen dira kultura, baratza, aberria? Zeregin luze eta konplexu horretan sedukzioak badu bere eginkizuna. Estrategiak anitzak dira gordeta dagoena azalarazteko, kanpoan dagoena barneratzeko, bestea erakartzeko. Baina edozein kasutan, denbora, ausardia eta abegi ona behar ditugu. Osagai horiekin Miren Agur Meabe idazle lekeitiarrak euskal baratzean leku bat zabaldu dio irakurleari Bitsa eskuetan bere liburuan, hain zuzen “Baratzeko deia” izena duen honako poema honekin:

Urnieta, 2014-4-19. Argazkia: ACdR

Urnieta, 2014-4-19

Zatoz, baratzean itxaroten nago.
Izan dezagun arrasti luze bat.
Bada mahaian zer jan, zer edan;
erleak erne hirusta artean;
limoiak eta daliak txabola aldean;
itzala parrapean, besarkada bat bezala.
Palmondoa eta putzua oasia ditugu;
zuretzako denda bat da nire gorputza.
Zatoz, ortuan nauzu zain.

Hainbat baliabide erabilita, baratzera eraman gaitu poema horrek: esate baterako, Atxagaren udako “egun finlandiar” bati erreferentzia ezkutua eginez, itzala eta besarkadaren arteko alderaketa lotuz, eta metafora bat guztien gainetik nagusituz: bertso-lerrorik adierazgarrienak dioen bezala, baratz horretan “zuretzako denda bat da nire gorputza”. Gorputzean, paisaian bezala, bizi ahal gara. Miren Agur Meaberi beste poema bat izendatzea eskatu diodanean, Paddy Rekalderen Spray izeneko liburuko “Erletxeta fucktory” poema hau aukeratu du:

9 prostituta eguzkipean errepide bazterretik ilaran,
lertxun lerdenak errekara bidean bezala,
autopista azpiko tunel ilun eta zikinetik
legearen txakur uniformatuek bota ostean

9 prostituta sex-karabana baten antzerakoan
hurrengo negozio bazter berri batera,
plazer ordainduaren sex businessa
sasi arteko sasiparking baten bila

9 prostituta sex country trip batean,
adatsak eta minigonak ortzadarraren pareko,
ondoko baserriko txakurrak zaunka
eta zelaietako behiak begira dituztela

9 prostituta belar eta asfaltoaren artetik
sujetadore dotore eta tanga estuak agerian,
eta momentuko soinu banda merke baten moduan,
autoen bozinak eta kamioien sirena zalapartatsuak

Euskadi estimula dio ondoko karteltzarrak,
haren kanpainaren barruan ote daude?
kresala usaina daukate euren besapeek?
sagardo zaporea euren hankartean?

Erletxeta Fucktory (Sex in the Basque Country)
halakoa izan ote zen Arantzazuko aparizioa?
hainbatek marketing izugarria iritziko zion kontuari
takoi luzeen gainean zebilen giza lurrikara ikusi barik

Meaberen aburuz, Spray liburuan badira testu asko, tokien eta toki horietako biztanleen argazki bikainak direnak, hala nola, “Hiri Photoshop” edo “Aspaldiko lagunei bisita” poemak. Argazki horietan, esan gabe doa, moral eta ideologia jakin batzuen zantzuak hautematen ditugula, beren gordintasunean.

Urnieta, 2014-4-19 (Argazkia: ACdR)

Urnieta, 2014-4-19 (Argazkiak: ACdR)

Erletxetako eszena atsegin du Miren Agur Meabek, lehenengo lau ahapaldiak paraleloak eta oso erritmikoak direlako, eta prostituten deskribapen sotila egiten dutelako konparazio ederren bitartez, ikusle-narratzailearen errespetua eta mirespena erakusteko moduan. “Bestalde”, hala azaldu digu Meabek, “kontrajarpen errealista topatzen dugu paisaia naturala osatzen duten elementuen —zelaietako behia, baserriko txakurra…— eta paisaia urbanizatua osatzen dutenen artean —zubia, tunela, autopista, errepidea…—. Belarraren eta asfaltoaren talka horrek deshumanizazio modu bat islatzen du.”

Eta horren ildotik, botere-harreman zehatz batzuk iradokitzen zaizkigu: autoen bozinak eta kamioien sirenak beren txokoaz “desjabetu” emakume horiei eraso edo burla egiteko modu sozialki onartuak dira. Baina poetak ez du ez ezikusiarena egiten, ezta entzungor egiten ere:  ikusle-irakurle pasiboen kontzientzia akuilatzen du prostituten kanpo-irudi koloretsua eta barruan darabilten kezka —giza lurrikara— parean jarriz.  Azkenik, dio Miren Agur Meabek, hitz-jokoek ironia handiz azpimarratzen dute garapen faltsuaren paradoxa.

Lekeitioko baratze batetik AP8 eta Txorierriko autopistaren arteko paisaia baterako bidaia egin dugu gaur, baina oraindik bisitatzeke ditugu Euskal Herriko txoko asko. Hurrengoa maiatzean ezagutuko dugu, Xabier Mendiguren idazle eta editorearen eskutik.

 

Iruzkina idatzi Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Antonio Casado da Rocha

Euskaldunberri baten sartu-irtenak lagunen eremuan. Plazera edo terapia, auskalo, baina literatura eta filosofiaren arteko paisaietan barrena. Thoreauzale izateko beste modu bat.

Azken bidalketak

  • Poemafaria (Rafa Egiguren)
  • Hiru poema Catalunyako
  • Zinemalia
  • Lapurreta: kale irakurraldia
  • Ura: kale irakurraldia

Iruzkin berriak

  • Antonio Casado(e)k Oroimenaren botika bidalketan
  • Andoni Tolosa(e)k Oroimenaren botika bidalketan
  • Epilogoa Hernanin | High Alaitasuna(e)k Ipuin ibilaldia bidalketan
  • Epilogoa Hernanin | High Alaitasuna(e)k Olerki-potea bidalketan
  • Poesiaz eta belarraz, Tabakaleran | High Alaitasuna(e)k Tabakaleran bidalketan

Artxiboak

  • 2019(e)ko martxoa
  • 2019(e)ko otsaila
  • 2018(e)ko azaroa
  • 2018(e)ko apirila
  • 2018(e)ko urtarrila
  • 2017(e)ko abendua
  • 2017(e)ko abuztua
  • 2017(e)ko maiatza
  • 2017(e)ko apirila
  • 2017(e)ko otsaila
  • 2016(e)ko abendua
  • 2016(e)ko urria
  • 2016(e)ko iraila
  • 2016(e)ko abuztua
  • 2016(e)ko uztaila
  • 2016(e)ko ekaina
  • 2016(e)ko maiatza
  • 2016(e)ko apirila
  • 2016(e)ko martxoa
  • 2016(e)ko otsaila
  • 2016(e)ko urtarrila
  • 2015(e)ko abendua
  • 2015(e)ko azaroa
  • 2015(e)ko urria
  • 2015(e)ko iraila
  • 2015(e)ko abuztua
  • 2015(e)ko uztaila
  • 2015(e)ko ekaina
  • 2015(e)ko maiatza
  • 2015(e)ko apirila
  • 2015(e)ko martxoa
  • 2015(e)ko otsaila
  • 2015(e)ko urtarrila
  • 2014(e)ko abendua
  • 2014(e)ko azaroa
  • 2014(e)ko urria
  • 2014(e)ko iraila
  • 2014(e)ko abuztua
  • 2014(e)ko uztaila
  • 2014(e)ko ekaina
  • 2014(e)ko maiatza
  • 2014(e)ko apirila
  • 2014(e)ko martxoa

Kategoriak

  • Aforismoak
  • Antzerkia
  • Bertsoak
  • Blogak
  • Dantzak
  • Diskoak
  • Eako poesia egunak
  • Esku ezkerraz
  • Fadoak
  • Filmak
  • Gaudeamus
  • Haiku
  • Hitzaldiak
  • Islandiera ikasten
  • Kantuak
  • Lizardiren baratza
  • Ohar oro
  • Ondo bizi
  • Opera
  • Paisaiak
  • Poemak
  • Poesia eta medikuntza
  • Poesia gizarteratzen
  • Poetikak
  • Sailkatu gabea
  • Walden
  • Zinema-Noema

Meta

  • Hasi saioa
  • Sarreren jarioa
  • Iruzkinen jarioa
  • WordPress.org

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA