High alaitasuna
Hasiera » Filmak » Poeta errariaren gutuna (eta panpina puzgarria)
Mar13 0

Poeta errariaren gutuna (eta panpina puzgarria)

Atalak: Filmak

Blog honetako aurreko sarreran, Joseba Sarrionandiaren gutun bat aipatu nuen. Haren jatorria Gerardo Markuletak berehala argitu zidan: “1999ko abenduaren 11n, Bilboko Kafe Antzokian, UEUk antolaturik, Sarrionandiaren irakurleen topaketa bat egin zen. Hainbat hitzaldi eta ekitaldiren artean, Josebaren lagun eta literatur bidaide Ruper Ordorikak, Bernardo Atxagak eta Jimu Iturraldek emanaldi bat egin zuten, Sarriren gutunak eta Ruperren kantuak oinarri. Josu Zabalak, soinu teknikari aritutakoak, CD batean pasa zidan emanaldiaren kopia bat. Handik hartu genuen eskutitzaren pasartea, ‘Ezinkomunikazioa’ saiorako, ustez eta, gutun pribatua izanik ere, jada publikoa zela, jendaurrean behin azaldu eta gero.”

Hori kontuan harturik, eta Gerardok emandako lizentziari esker, ausartzen naiz pasarte hori hemen paratzen, benetan iradokitzailea delakoan. Hala dio (norbaiti copyrighta ari banatzaio urratzen, esan dezala):

Jokoen teorian badago joko-eredu bat “gehiketa zerokoa” deitzen dena.

Jokalari biren arteko joko gehienak “gehiketa zerokoak” dira, xakea edo futbola, esate baterako.

Joko-mota horretan, batak galtzen duen heinean irabazten dik besteak, eta batak irabazten duen heinean galtzen dik besteak.

Gerlak ere “gehiketa zeroko” jokotzat hartzen dira, xake jokoa bailiren, logikarik batere gabe, alde bateko hilak beste aldekoa biziaraziko balu bezala.

Alde baten zanpaketa hutsa ez denean behintzat, gerlan jokalari guztiek galtzen ditek, arerioak norberak bano gehiago nahiz gutxiago galdu. […]

Baina ene izkribuekin, ene ausentziagatik segurasko, fenomeno bat ere gertatzen da:

Bakoitzak espero duena ulertzen duela, sarritan dakiguna besterik ez baitugu ikusten.

Ene inpresio duk poemok nik idatzi baino ideologia gehiagorekin irakurtzen direla.

Liburu horren azkeneko parte guztia, esate baterako, heriotzaren kontrako alegato bat da:

Gure hilak hil guztiak dira, hil zaizkigunak eta hil ditugunak, horren inplikazio guztiekin.

Harrigarria egiten zaidak poemok jendeak gure hil propioentzako eresi legez irakurri izana.

Hori bezalako hamaika adibide aipatu ahal dizut.

16 urtez geroztik, gauzak ez dira asko aldatu. “Norgehiagoka eta kontsumismoa, espektakulua ere ez da oso polita”, zioen Sarrionandiak duela gutxi elkarrizketa mamitsu batean, etena egin berri duen Elearazi webgunean. Izan ere, “gehiketa zeroko” joko asko aurkitu ahal dira gaur egungo gizartean. Hori pentsatu dut aste honetan filma bikain bat ikustean, Air Doll [Panpina puzgarria] izenekoa (Hirokazu Kore-eda, 2009). Agustin Arrietak eta Beñat Eizagirrek filma proposatu zigun EHUko Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean, genero berdintasun/bereizkeriaren auziari heltzeko asmotan. Pinotxo eta Blade Runner aurrekaritzat harturik, filmak zama alegoriko handia du eta emakumeen eta gizonezkoen arteko botere harremanak gordinean islatzen ditu, lirikotasunari eta sakontasunari uko egin gabe. Fantasia ipuina da, baina geroz eta errealago.

I

Izen Barik eta Nozomi

Generoen arteko gatazka, gehiketa zeroko joko bat ote da? Pentsa liteke baietz, emakumeen menpekotasuna gizonezkoen abantaila dela. Baina nik ez dut hala uste, ez filma honetan bederen. Nozomi (bizirik dagoen panpina puzgarria) askapenerako bidea hartu duen emakume bat da; haren jabea, ostera, agertzen zaigu gizaki mespretxagarri eta ganorabako baten gisan, “norgehiagoka eta kontsumismoa” artean galduta dagoen gizajoa. Filman ez dugu Nozomiren jabearen izena entzuten ere, gizatasuna galdu duenaren seinale ezin argiagoa. Bera da benetako panpina; Nozomi dugu benetako gizakia. Nozomiren askapena, emakume guztien askapena, ez da gehiketa zeroko jokoa. Izan ere, guztion onerako da, gizonezkoaren zein emakumearen zein tartean edo aldean dauden X genero berriena; ez emakumeentzako bakarrik.

Argazkiaren iturria: The Movie Database

 

Iruzkina idatzi Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Antonio Casado da Rocha

Euskaldunberri baten sartu-irtenak lagunen eremuan. Plazera edo terapia, auskalo, baina literatura eta filosofiaren arteko paisaietan barrena. Thoreauzale izateko beste modu bat.

Azken bidalketak

  • Poemafaria (Rafa Egiguren)
  • Hiru poema Catalunyako
  • Zinemalia
  • Lapurreta: kale irakurraldia
  • Ura: kale irakurraldia

Iruzkin berriak

  • Antonio Casado(e)k Oroimenaren botika bidalketan
  • Andoni Tolosa(e)k Oroimenaren botika bidalketan
  • Epilogoa Hernanin | High Alaitasuna(e)k Ipuin ibilaldia bidalketan
  • Epilogoa Hernanin | High Alaitasuna(e)k Olerki-potea bidalketan
  • Poesiaz eta belarraz, Tabakaleran | High Alaitasuna(e)k Tabakaleran bidalketan

Artxiboak

  • 2019(e)ko martxoa
  • 2019(e)ko otsaila
  • 2018(e)ko azaroa
  • 2018(e)ko apirila
  • 2018(e)ko urtarrila
  • 2017(e)ko abendua
  • 2017(e)ko abuztua
  • 2017(e)ko maiatza
  • 2017(e)ko apirila
  • 2017(e)ko otsaila
  • 2016(e)ko abendua
  • 2016(e)ko urria
  • 2016(e)ko iraila
  • 2016(e)ko abuztua
  • 2016(e)ko uztaila
  • 2016(e)ko ekaina
  • 2016(e)ko maiatza
  • 2016(e)ko apirila
  • 2016(e)ko martxoa
  • 2016(e)ko otsaila
  • 2016(e)ko urtarrila
  • 2015(e)ko abendua
  • 2015(e)ko azaroa
  • 2015(e)ko urria
  • 2015(e)ko iraila
  • 2015(e)ko abuztua
  • 2015(e)ko uztaila
  • 2015(e)ko ekaina
  • 2015(e)ko maiatza
  • 2015(e)ko apirila
  • 2015(e)ko martxoa
  • 2015(e)ko otsaila
  • 2015(e)ko urtarrila
  • 2014(e)ko abendua
  • 2014(e)ko azaroa
  • 2014(e)ko urria
  • 2014(e)ko iraila
  • 2014(e)ko abuztua
  • 2014(e)ko uztaila
  • 2014(e)ko ekaina
  • 2014(e)ko maiatza
  • 2014(e)ko apirila
  • 2014(e)ko martxoa

Kategoriak

  • Aforismoak
  • Antzerkia
  • Bertsoak
  • Blogak
  • Dantzak
  • Diskoak
  • Eako poesia egunak
  • Esku ezkerraz
  • Fadoak
  • Filmak
  • Gaudeamus
  • Haiku
  • Hitzaldiak
  • Islandiera ikasten
  • Kantuak
  • Lizardiren baratza
  • Ohar oro
  • Ondo bizi
  • Opera
  • Paisaiak
  • Poemak
  • Poesia eta medikuntza
  • Poesia gizarteratzen
  • Poetikak
  • Sailkatu gabea
  • Walden
  • Zinema-Noema

Meta

  • Hasi saioa
  • Sarreren jarioa
  • Iruzkinen jarioa
  • WordPress.org

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA