High alaitasuna
Hasiera » Diskoak » Kantuak “klak” egiten duenean
Uzt10 0

Kantuak “klak” egiten duenean

Atalak: Diskoak, Eako poesia egunak, Kantuak

Anari: Zure aurrekari penalak (Bidehuts, 2015)

Anari: Zure aurrekari penalak (Bidehuts, 2015)

Datozen Eako poesia egunetan larunbatak du jarduerarik trinkoena: Jose Luis Otamendiren errezitaldia, ITU Banda, Kafkaren aulkia, Metrokoadrokako “Su izan nahi” ikuskizuna… Baina hori guztia baino lehen, Maialen Lujanbiok aurtengo bigarren hitzaldia emango du, “Poesia (zubi bat) Bertsolaritza” izenpean. Jarritako gaia ez da erraza ezta berria ere: “Gabrielen lekua” sentikaria ikusi eta entzuteko iaz bertaratu ginenok izan genuen Arestiren eta Basarriren arteko polemikaren berri, non “euskaldun poetarik hoberenak, olerkari guztiak baino hobeak” bertsolariak zirela argudiatu baitzuen Arestik. Eta Basarrik, aldiz, olerkarien alde eta bertsolarien kontra. Hura paradoxa!

Paradoxak eta kontraesanak ez dira faltako larunbatari amaiera emango dion Anariren kontzertuan; bertan “Zure aurrekari penalak” disko berriaren kantuak entzuteko parada izango dugu. Kantua ez da bertsoa, nahiz eta askotan bertsioak egiten aritu. (Adarra saria jasotzean Ruper Ordorikak gogoratu zuen moduan, tradizioa ez dena plagioa ei da.) Kantua ez da poesia, nahiz eta batzuetan popsia izan. Baina gertu dabil, ez gainetik ezta azpitik ere: gertu.

Gertu dagoenez, ez naute harritzen Anariri buruzko Xabier Mendigurenen hitzek, duela gutxi bere blogean. Poeta izan ala ez, Anariren azken diskoan aurkitu dut aspaldi entzun dudan zangalatraurik egokiena (gaztelaniaz “encabalgamiento” delakoa): “neure buruaz beste / bat egitea”. Bat nator, beraz, Xabierrek esandakoarekin: “kantua hitza baino gehiago den arren, hitz hori ere, bere biluzian, zeinen ederra den!”

Argazkia: Bidehuts

“Anari gara” (Argazkia: Bidehuts)

Hala ere, zeinen ongi entzuten den disko horren atzean dagoen taldea. Izan ere, Gorka Bereziartuak jaso dituen adierazpenetan, Anarirentzat kantua da “bakarrik gitarrarekin, ahotsarekin eta hitzekin” egiten duen hori. Hitzak eta doinua “benetan osatzen denean, derrepente ‘klak’ egiten du [kantuak]; eta ez duzu ikusten non separatzen diren bata eta bestea”. Hitzen eta doinuaren arteko batasunaz gain, kantuen arteko keinu ugari ere badaude diskoan, eta kantu batetik bestera doaz zeru gorriak, oreinak, mapak, zuloak, parentesiak, ederrak eta minak.

Horrelakoei, gure garaian, “disko kontzeptuala” deitzen genien. Eta zein da kontzeptua? Nire ustez, heldutasuna da diskoaren gai nagusietako bat, heldutasun deritzogun “ametsen eraiste neurtua” eta “mundu mailako gerra intimo” hori. Adin batetik aurrera zuhurtzia behar dugu, konturatzen garenean dena dela “horren erraza hasten / baina horren nekeza hazten / eta gero berriz ia ezinezkoa ahazten”. Iraganari so egiten diogunean, gure buruaren epailerik zorrotzenak bihurtzen gara. Etorkizunari so egitean, berriz, beldurrak hazten zaizkigu erraldoi bihurtzeraino. Heldutasuna jokatzen da epaiketa horri eta beldur horiei irteera duin bat aurkitzeko saiakeran. Nork daki, agian “beti zuloaren beldur” egon arren, “zuloa irteera zen”.

Hala izan ala ez, Argiako elkarrizketan Anarik aipatzen du diskoaren beste ezaugarri bat, isotopia semantikoa dirudiena: hainbat tokitan eremu jakin bateko hitzak erabiltzeko ariketa kontzientea. Horrela egileak bere buruari buruz hitz egin dezake modu alegoriko batez, zeharka, beste arlo semantiko batetik hartutako hitzen bidez.

Gorka Erostarberekin solasean, Anarik adierazten du eremu horietako bat dela gure egoera politiko eta ekonomikoa, egunkarien gertakariek osatzen dutena. Bere iruditeri nagusia hortik datorkio diskoari: aurrekari penalak, larrialdietarako planak, albo-kalteak, makrojuizioak, mundu gerrak eta luiziak, publikoaren eta pribatuaren arteko nahasketa ezin feministago eta ezin poetikoago batean. Baina beste eremu batzuetan ere aurkitu ditu Anarik bere eta gure buruari buruz hitz egiteko metaforak: adibidez zientzietan, dela zoologia dela fluidoen mekanika (esate baterako, “Arquimedes” izeneko kantuan).

Hori guztia eta askoz gehiago topatuko duzu disko horretan, gau hartan, Eako poesia egunetan. Bertan elkartuko garelakoan, adiorik ez.

Iruzkina idatzi Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Antonio Casado da Rocha

Euskaldunberri baten sartu-irtenak lagunen eremuan. Plazera edo terapia, auskalo, baina literatura eta filosofiaren arteko paisaietan barrena. Thoreauzale izateko beste modu bat.

Azken bidalketak

  • Poemafaria (Rafa Egiguren)
  • Hiru poema Catalunyako
  • Zinemalia
  • Lapurreta: kale irakurraldia
  • Ura: kale irakurraldia

Iruzkin berriak

  • Antonio Casado(e)k Oroimenaren botika bidalketan
  • Andoni Tolosa(e)k Oroimenaren botika bidalketan
  • Epilogoa Hernanin | High Alaitasuna(e)k Ipuin ibilaldia bidalketan
  • Epilogoa Hernanin | High Alaitasuna(e)k Olerki-potea bidalketan
  • Poesiaz eta belarraz, Tabakaleran | High Alaitasuna(e)k Tabakaleran bidalketan

Artxiboak

  • 2019(e)ko martxoa
  • 2019(e)ko otsaila
  • 2018(e)ko azaroa
  • 2018(e)ko apirila
  • 2018(e)ko urtarrila
  • 2017(e)ko abendua
  • 2017(e)ko abuztua
  • 2017(e)ko maiatza
  • 2017(e)ko apirila
  • 2017(e)ko otsaila
  • 2016(e)ko abendua
  • 2016(e)ko urria
  • 2016(e)ko iraila
  • 2016(e)ko abuztua
  • 2016(e)ko uztaila
  • 2016(e)ko ekaina
  • 2016(e)ko maiatza
  • 2016(e)ko apirila
  • 2016(e)ko martxoa
  • 2016(e)ko otsaila
  • 2016(e)ko urtarrila
  • 2015(e)ko abendua
  • 2015(e)ko azaroa
  • 2015(e)ko urria
  • 2015(e)ko iraila
  • 2015(e)ko abuztua
  • 2015(e)ko uztaila
  • 2015(e)ko ekaina
  • 2015(e)ko maiatza
  • 2015(e)ko apirila
  • 2015(e)ko martxoa
  • 2015(e)ko otsaila
  • 2015(e)ko urtarrila
  • 2014(e)ko abendua
  • 2014(e)ko azaroa
  • 2014(e)ko urria
  • 2014(e)ko iraila
  • 2014(e)ko abuztua
  • 2014(e)ko uztaila
  • 2014(e)ko ekaina
  • 2014(e)ko maiatza
  • 2014(e)ko apirila
  • 2014(e)ko martxoa

Kategoriak

  • Aforismoak
  • Antzerkia
  • Bertsoak
  • Blogak
  • Dantzak
  • Diskoak
  • Eako poesia egunak
  • Esku ezkerraz
  • Fadoak
  • Filmak
  • Gaudeamus
  • Haiku
  • Hitzaldiak
  • Islandiera ikasten
  • Kantuak
  • Lizardiren baratza
  • Ohar oro
  • Ondo bizi
  • Opera
  • Paisaiak
  • Poemak
  • Poesia eta medikuntza
  • Poesia gizarteratzen
  • Poetikak
  • Sailkatu gabea
  • Walden
  • Zinema-Noema

Meta

  • Hasi saioa
  • Sarreren jarioa
  • Iruzkinen jarioa
  • WordPress.org

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA