Antonio Casado da Rocha
Euskaldunberri baten sartu-irtenak lagunen eremuan. Plazera edo terapia, auskalo, baina literatura eta filosofiaren arteko paisaietan barrena. Thoreauzale izateko beste modu bat.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Antonio Casado(e)k Oroimenaren botika bidalketan
- Andoni Tolosa(e)k Oroimenaren botika bidalketan
- Epilogoa Hernanin | High Alaitasuna(e)k Ipuin ibilaldia bidalketan
- Epilogoa Hernanin | High Alaitasuna(e)k Olerki-potea bidalketan
- Poesiaz eta belarraz, Tabakaleran | High Alaitasuna(e)k Tabakaleran bidalketan
Artxiboak
- 2019(e)ko martxoa
- 2019(e)ko otsaila
- 2018(e)ko azaroa
- 2018(e)ko apirila
- 2018(e)ko urtarrila
- 2017(e)ko abendua
- 2017(e)ko abuztua
- 2017(e)ko maiatza
- 2017(e)ko apirila
- 2017(e)ko otsaila
- 2016(e)ko abendua
- 2016(e)ko urria
- 2016(e)ko iraila
- 2016(e)ko abuztua
- 2016(e)ko uztaila
- 2016(e)ko ekaina
- 2016(e)ko maiatza
- 2016(e)ko apirila
- 2016(e)ko martxoa
- 2016(e)ko otsaila
- 2016(e)ko urtarrila
- 2015(e)ko abendua
- 2015(e)ko azaroa
- 2015(e)ko urria
- 2015(e)ko iraila
- 2015(e)ko abuztua
- 2015(e)ko uztaila
- 2015(e)ko ekaina
- 2015(e)ko maiatza
- 2015(e)ko apirila
- 2015(e)ko martxoa
- 2015(e)ko otsaila
- 2015(e)ko urtarrila
- 2014(e)ko abendua
- 2014(e)ko azaroa
- 2014(e)ko urria
- 2014(e)ko iraila
- 2014(e)ko abuztua
- 2014(e)ko uztaila
- 2014(e)ko ekaina
- 2014(e)ko maiatza
- 2014(e)ko apirila
- 2014(e)ko martxoa
Kategoriak
- Aforismoak
- Antzerkia
- Bertsoak
- Blogak
- Dantzak
- Diskoak
- Eako poesia egunak
- Esku ezkerraz
- Fadoak
- Filmak
- Gaudeamus
- Haiku
- Hitzaldiak
- Islandiera ikasten
- Kantuak
- Lizardiren baratza
- Ohar oro
- Ondo bizi
- Opera
- Paisaiak
- Poemak
- Poesia eta medikuntza
- Poesia gizarteratzen
- Poetikak
- Sailkatu gabea
- Walden
- Zinema-Noema
Sekula gehiago egin ez zuen gauza ustez dibertigarri bat
Atalak: Ondo bizi
Zenith (aka Nadir) By Yankeesman312 – CC BY-SA 3.0
Inoiz ez naiz honelako kruzero batean egon baina aste honetan bat bisitatu dut, goitik behera, txartela Garoa liburudendan erosita.
19. mendean, Herman Melvillek itsasontzi bat eta haren bidaia deskribatu zituen: bidaia eroa balea zuriaren bila, Moby Dick, mundu modernoaren deskribapen ezin emankorragoa. 20. mendearen amaieran beste idazle estatubatuar batek, David Foster Wallacek, gauza bera egin zuen luxuzko kruzero batean; baina orduko bidaiariek ez dute balearik ehizatu nahi, ezpada Atsedena eta Erlaxazioa.
Mundu postmodernoa islatzen duen liburua amaitu berri dut, euskarazko bertsio alboraezin batean, Sekula gehiago egingo ez dudan gauza ustez dibertigarri bat izenpean (Pasazaite, 2015), Danele Sarriugarte Mochales-ek itzulia. Irakurle gisa, mainatua [pampered, jatorrizkoan] sentitu naiz: hain da ona testua, ezen lehenago jatorrizkoa irakurri ez izanaz pozten naiz, orain itzulpen bikain honekin ikasketa bikoitza izan baita. (Hau ez da iragarki bat, baizik eta saiakera; aldea zein den jakiteko, liburua irakurri beharko duzue.)
Bidaia-liburua da, noski, baina aldi berean betiko DFWen obsesioak azalaratzen dituena. Eta nola! Modu patetiko bezain zorrotz, gazi-gozo, samur, komiko, liriko, errukior eta buruargi batean. Hemen bilduko ditut liburuko pasarte filosofiko batzuk, hots, spoiler ez direnak. Izan ere, bere beste idazlanetan aurkitu genituzke:
Nadirren barruan (bereziki gauez, itsasontziko dibertimendu egituratua eta hitz lasaigarriak eta plazeraren iskanbila isiltzen zirenean), etsipenak hartzen ninduen. Hitz hori, etsipena, gehiegi erabiltzen da gaur egun, eta arrunta bihurtu da, baina hitz serio bat da, eta zentzu serioan erabiltzen dut nik. Niretzat, bi sentipenen batuketa adierazten du: heriotza-grina arraro bat gehi heriotzarekiko beldurraren tankera hartzen duen sentipen bat (nire txikitasun eta hutsalkeria propioaren kontzientzia izugarria). Jendeak izu-laborri edo larrimin deitzen duen horretatik gertu dagoen sentipen bat da. Baina ez da hori, xuxen. Hil nahi izatea da, sentipen jasanezin bati ihes egiteko, hots, txikia eta ahula eta berekoia naizela eta zalantzarik gabe guztiok hilko garela konturatzen naizen uneko sentipenari. Itsasontzitik behera jauzi egin nahi izatea da. […]
Kristoren bidaia egiten du DFWk, Kristo gurutzatu zuten adina duelarik. Ongi etorri helduen erresumara:
Hogeita hamahiru urte ditut, eta iruditzen zait dagoeneko denbora asko pasatu dela, eta egunez egun denbora hori gero eta azkarrago pasatzen dela. Mota guztietako erabakiak hartu behar ditut egunero, zer den ona eta zer den garrantzitsua eta zer den dibertigarria, eta gero bizitzen jarraitu behar dut, jakinda hartutako erabakien ondorioz beste aukera mordo bat galdu ditudala. Eta konturatzen hasia naiz, denborak aurrera egin ahala, nire aukerak murriztu egingo direla, eta bazter utziko ditudan aukerak, ordea, esponentzialki biderkatuko direla, harik eta noizbait adar zehatz batera iritsiko naizen arte, bizitza guztien adarkatze konplexuaren barruan, eta une horretan, azkenean, bide bakar batean giltzapetuta eta kateatuta egongo naiz, eta denborak hegan eramango nau estasizko, atrofiazko eta gainbeherazko boladatan barrena, hirugarrenez erortzen naizen arte, ezerezaren aurka borrokan, denborak itota. Izugarria da. Dena den, kontuan hartuta neure aukerek giltzapetzen nautela, badirudi baldintza halabeharrezkoa dela; alegia, heldua izan nahi badut, edozein motatako heldua izanda ere, aukeratu egin behar dut, eta kanpoan utzitakoez damutu, eta horrekin guztiarekin bizitzen saiatu.
Hori ez da gertatzen, ordea, Nadir oparo eta orbanik gabean. […]
Begiak apur bat itxita, inbidiaz, so egiten dio beste itsasontzian doan artaldeari. Baina errukirik ez berarentzat:
Hala ere, nire burua desinplikatzeko egin ditudan ekintza nabarmen horiek guztiek, noski, kezka autokontziente eta zertxobait nagusitasunezko bat daukate iturburuan, alegia, besteen iritziari buruzko kezka, eta, ezin uka, kezka hori estatubatuar burgesa da, ehuneko ehunean. Luxuzko itsas bidaldi honek etsipena sortu dit, besteak beste, konturatu naizelako ezin diodala ihes egin neure estatubatuartasun esentzial eta berriki desatseginari, ahaleginak ahalegin. Etsipenak gailurra jotzen du portura iristen garenean eta barandatik so egiten diodanean ezinbestean barnean hartzen nauen horri. Hemen goian edo han behean, estatubatuar turista bat naiz, eta, beraz ex officio naiz handia, lodia, larrosa, zaratatsua, baldarra, handikia, neure arazoek xurgatua, mainatua, itxurari garrantzia ematen diona, lotsatua, etsipenak hartua eta diruzalea: munduan den behi-espezie haragijale bakarra. […]
Zergatik? Urte batzuk geroago, “This Is Water” (“Hau ura da”) hitzaldi ospetsuan azalduko zuen gaia da hau:
Izan ere, horixe da [Nadir itsasontziaren] esku-orriak saltzen duen fantasia nagusia, beti eta dena DESIO duen nire alderdia asetzeko promesa. Alabaina, kontuan hartu beharrekoa zera da: fantasia, egiatan, ez da promesa beteko dutela, baizik eta promesa hori betegarria dela iradokitzea bera. Handia da, gero, gezur hori. Eta, jakina, sinetsi nahi dut (pikutara Buda), sinetsi nahi dut Behin Betiko Opor Fantasia honek hain ondo mainatuko nauela, luxua eta plazera hain modu erabateko eta akasgabean eskainiko dizkidala ezen oraingo honetan nire Barruko Haurra benetan aseko baita.
Haatik, nire barruko haurra aseezina da; are, a prioriko aseezintasun horretan datza beraren esentzia edo dasein edo dena delakoa osoa. Aparteko saritze eta mainatzearen aurrean, nire barruko haurrak bere desirak berregokitzen ditu; esan nahi baita, areagotu egiten ditu, bere ohiko atsekabe izugarrizko homeostasiarekin berdindu arte. […]
Dermatitis jaunak haurtzandegira joateko nire eskaria ere errefusatu zuen, baina txosten guztien arabera mega-itsaontzi hauetako umezaintza bikaina da, andre zaintzaile hiperzinetiko eta maitagarriek umeak entretenitzen dituzte hamar ordu luze, ekintza izugarri ondo antolatuen bidez, haurren indarrak erabat ahitu arte; hartara, txintik esan gabe sartzen dira ohean iluntzeko zortzietan, eta gurasoak libre dira itsasontziko gau-bizitzan murgiltzeko eta Dena Egiteko.