Antonio Casado da Rocha
Euskaldunberri baten sartu-irtenak lagunen eremuan. Plazera edo terapia, auskalo, baina literatura eta filosofiaren arteko paisaietan barrena. Thoreauzale izateko beste modu bat.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Antonio Casado(e)k Oroimenaren botika bidalketan
- Andoni Tolosa(e)k Oroimenaren botika bidalketan
- Epilogoa Hernanin | High Alaitasuna(e)k Ipuin ibilaldia bidalketan
- Epilogoa Hernanin | High Alaitasuna(e)k Olerki-potea bidalketan
- Poesiaz eta belarraz, Tabakaleran | High Alaitasuna(e)k Tabakaleran bidalketan
Artxiboak
- 2019(e)ko martxoa
- 2019(e)ko otsaila
- 2018(e)ko azaroa
- 2018(e)ko apirila
- 2018(e)ko urtarrila
- 2017(e)ko abendua
- 2017(e)ko abuztua
- 2017(e)ko maiatza
- 2017(e)ko apirila
- 2017(e)ko otsaila
- 2016(e)ko abendua
- 2016(e)ko urria
- 2016(e)ko iraila
- 2016(e)ko abuztua
- 2016(e)ko uztaila
- 2016(e)ko ekaina
- 2016(e)ko maiatza
- 2016(e)ko apirila
- 2016(e)ko martxoa
- 2016(e)ko otsaila
- 2016(e)ko urtarrila
- 2015(e)ko abendua
- 2015(e)ko azaroa
- 2015(e)ko urria
- 2015(e)ko iraila
- 2015(e)ko abuztua
- 2015(e)ko uztaila
- 2015(e)ko ekaina
- 2015(e)ko maiatza
- 2015(e)ko apirila
- 2015(e)ko martxoa
- 2015(e)ko otsaila
- 2015(e)ko urtarrila
- 2014(e)ko abendua
- 2014(e)ko azaroa
- 2014(e)ko urria
- 2014(e)ko iraila
- 2014(e)ko abuztua
- 2014(e)ko uztaila
- 2014(e)ko ekaina
- 2014(e)ko maiatza
- 2014(e)ko apirila
- 2014(e)ko martxoa
Kategoriak
- Aforismoak
- Antzerkia
- Bertsoak
- Blogak
- Dantzak
- Diskoak
- Eako poesia egunak
- Esku ezkerraz
- Fadoak
- Filmak
- Gaudeamus
- Haiku
- Hitzaldiak
- Islandiera ikasten
- Kantuak
- Lizardiren baratza
- Ohar oro
- Ondo bizi
- Opera
- Paisaiak
- Poemak
- Poesia eta medikuntza
- Poesia gizarteratzen
- Poetikak
- Sailkatu gabea
- Walden
- Zinema-Noema
Erresistentziaren mapa
Atalak: Walden
Duela 12 urte, Indarkeria-eza Aktiboa III. Jardunaldietan parte hartzeko ponentzia txiki bat prestatu nuen, aurretik Hika aldizkarian argitaratutako testua abiapuntutzat harturik. Oposizioa eta erresistentzia bereizi eta gero, erresistentzia mota jakin bat deskribatzen saiatu nintzen: desobedientzia zibila, haren ezaugarriak, eta beste erresistentzia formekiko harremanak. Helburua zen gizarte mugimenduetan erabiltzen diren hainbat metodologia aztertzea eta, ahal den heinean, gure hiztegi politikoa argitzea. Garai horietan Ekai Txaparteki lankideak ere gaia jorratu zuen bere liburuan, eta oraindik ere eztabaidak dirau, irratian ere bai. Nire testua www.bideahelburu.org webgunean aurki daiteke, baina orain muinoa azaltzen duen grafikoa hobetu dit Gorka Belasko lagunak. Hona hemen:
@txikerretxea
Desobedientzia zibila, ekintza zuzena ez bortitza, erresistentzia pasiboa: mapa bat
1. Sarrera
Ezagutzara eramaten gaituen lehenbiziko pausoa, esaera txinoak dioenez, gauzak izendatzeko berezko izena erabiltzea omen da. Baina askotan gauzak ez dira beren izenarekin mundura etortzen, eta beti eztabaida dezakegu zein den gauza jakin bati dagokion izena. Izan ere, horixe gertatu izan da beti gizarte-zientzietan.
Hala ere, horrek ez du esan nahi izenen inguruan adostasunen bat belaunalditik belaunaldira transmititzen ez denik; eta, izenak izana egiten ez badu ere, askotan izenarekin bai adierazten dugula nolakoa nahi dugun izatea gauza hori. Bestela esanda: izenak ez du lortzen gauza izenak dioen bezalakoa izatea, baina adierazten du —zintzoak bagara, behintzat— gauza hori izenak dioen modukoa izatea desiratzen dugula. Beraz, ezin dira argi eta garbi bereizi maila deskriptiboa eta maila arau-emailea.[i]
Batzuek lotsarik gabe defendatuko lukete definizioak eta zehaztasun semantikoak hutsaren hurrengoak direla gai politikoetan. Haien hitzetan, benetan garrantzitsua eraginkortasuna da: ekintzak helburua lortzen duen ala ez. Baina eraginkortasuna eta zilegitasuna ez dira gauza bera. Ekintza baten zilegitasuna eta eraginkortasuna, besteak beste, iritzi publikoarengan duen harreraren araberakoak dira. Eta iritzi horrek, lortu nahi diren helburuekin batera, erabiltzen diren bitartekoak ere balioesten ditu. Balioespen hori morala da, jakina, eta horretan zeregin garrantzitsua du gauzaren izanak.
Beraz, definizioak behar ditugu, bai filosofian, baita gizarte-zientzietan ere; baina ez epaileek definizioak erabili ohi dituzten moduan, hots, zigorrak jartzearren. Kontuz ibili behar da, gure definizioa apaingarri hutsala besterik izan ez dadin: Nietzsche-ren arabera, historiarik ez duten gauzak baino ezin dira definitu; fenomeno batek historia badu, dagokion definizio bakarra historia hori baita.
Gaur egun, ez dago ekintza politikoa baino gauza misteriotsuagorik.[ii] Lan honetan, ekintza politiko antagonista aztertzen saiatuko gara; hau da, erresistentzia eta oposizioa egiten duena. XIX. eta XX. mendean zehar botere eratzaile antagonista definitzeko egin diren ahaleginak maila kontzeptual, epistemologiko eta historikoan berrikusi behar ditugu.[iii] Mapak eta lurraldeak ez direla nahastu behar jabetuz, eta ahalegin horretan pauso txiki bat besterik ez izan arren, hona hemen mapatxoa:
2. Oposizioa eta erresistentzia
Oposizioak ez du botere faktikoen aurka egiten, gobernu baten aurka baizik, eta bere formarik osatuena oposizioko alderdia da, oposizioan dagoen alderdi bat, alegia. Aitzitik, erresistentzia ezin da alderdi bat izan, ez baitago agintzeko egina, aurka egiteko baizik.[iv] Alderdi politiko izateaz gain, oposizioa disidentzia ideologikoa dugu, desadostasunaren adierazpen sinbolikoz edo hitzez egina. Beste alde batetik, erresistentzia oposizio politikoa eta kontzientzia eragozpena baino harago doa.
Aro modernoan, erresistentziak botere gune nagusien aurka jo omen du zuzen-zuzenean. Testuinguru posmodernoak, aldiz, zeharkako bideak, hibridoak, gorabeheratsuak hedatu ditu. Bestelako gatazka tresnak sortu dira,[v] eta erresistentzia bide horiek ezin dira mugatu oposizio lan hutsera.
Esate baterako, kontzientzia eragozpenak ez du legea aldatu nahi; orokorrean, bere ukazio ekintzaren efektua norberaren kontzientziara mugatzen du. Askotan, kontzientzia eragozpena garatzean ez da desobedientziarik gertatzen, legeek agindutako betebehar batzuei egiten zaizkien zenbait eragozpen eskubidetzat jotzen baitira konstituzio batzuetan. Nahiz eta eskubide horiek mugatuak izan, aukera hori oso garrantzitsua da, zenbait kasutan desobedientzia zibila eta kontzientzia eragozpena bereizteko aukera ematen duelako.
Hona hemen adibide bat: prestazionisten kasua, hau da, soldaduska ez egiteko zerbitzu zibila (Espainian, Prestación Social Sustitutoria delakoa) nahiago zutenak. Horiek legeak ezarritako salbuespenera eta ordezko zerbitzuetara jotzen zuten soldaduskara ez joateko. Kontzientzia eragozleak desobedientzia zibila egingo luke, baldin eta legeak kontuan hartzen ez dituen motiboak aldarrikatuz derrigorrezko zerbitzua egiteari uko egiten badio; edo uko hori legeak kontzientziaren motibozko salbuespenik onartzen ez duen nazio batean egiten badu. Hain zuzen ere, hori egin zuen intsumisioaren aldeko gizarte mugimenduak.
3. Desobedientzia zibila
Ez dago garbi Henry D. Thoreauk civil disobedience izena asmatu zuen, ez baitugu aurkitzen berak egin zituen liburuetan. Hau bakarrik dakigu: 1866. urtean berrargitaratu zuten haren saiakera batek izenburu hori zuen. Saiakera horren jatorrizko izenburua hauxe zen: “gobernu zibilaren aurkako erresistentzia” [Resistance to Civil Government], eta 1849. urtean argitaratu zuten, Thoreauk emandako hitzaldi batzuk egokituz.
Thoureau, hitzaldi haietan, zergak ordaintzeari zergatik egin zion uko eta bere burua aginte fiskalaren eskuetan zergatik entregatu zuen azaltzen saiatu zen. Ez zuten luze eduki giltzapetuta, baina, dena den, Thoreauren hitzetan, ekintza hura, alde batetik esklabutza onartzen zuen legearen kontrako ekintza izan zen, eta, bestetik, AEB, beren lurraldea zabaltzeko asmoz, Mexikoren aurka egiten ari ziren gerraren kontrakoa.
Garbi dagoena hauxe da: desobedientzia zibila erabili duten askok idazle amerikar horren bizitzan eta liburuetan aurkitu dituzte beren ekintzak asmatzeko eta justifikatzeko arrazoiak, eta, horrez gain, desobedientzia zibilaren historiak ehun eta berrogeita hamabost urte ditu gutxienez. Hala ere, zer da desobedientzia zibila?
Lehenik eta behin, desobedientzia, jakina. Hau da, desobedientzia zibilaren izenean jokatzen denean (abian jartzeko, haren alde lan egiteko edo jazartzeko) ezinbestekoa da norbaitek desobeditze bat egitea. Eta horrek esan nahi du aldez aurretik betebehar bat dagoela. Zuzenbide Estatu batean legeak agintzen du hiritar batek duen betebeharra. Beraz, ez dago desobedientziarik ez badago zenbait ekintza debekatu edo agintzen dituen arau bat. (Ildo horretan, esan daiteke legea dagoelako egiten dela desobedientzia, paradoxikoa bada ere.) Horren ondorioz, desobedientzia zibilak ekintza ilegal bat dakar berekin, desobedientzia zibilera eramaten duten ekintza guztiak ilegalak ez badira ere.
Adibide bat: 1955. urtean, Alabamako Montgomery hirian, hiritar beltzek egin zuten boikota ez zen desobedientzia zibila, baizik eta erresistentzia pasibo mota bat. Hiri horretan arau segregazionistak indarrean zeuden autobusetan ibiltzeko, eta halako injustiziaren kontra protesta egiteko, bestelako garraio-sistema antolatu zuten; beraz, ekintza horretan ez zioten legeari desobedientzia egin. (Boikota egitearen ordez, hiritarrek autobusak erre izan balituzte, erresistentzia hori ez zen izango “pasiboa”, “aktiboa” baizik.)
Halako ekimena eskubide zibilen aldeko mugimenduaren hasiera izan zen, Martin Luther King-ek bultzatu zuen mugimendua, hain zuzen. Thoreauk eragin handia izan zuen Kingengan; Kingek aitortu bezala, Amerikan arrazen arteko berdintasunaren aldeko borrokan, gaizkiarekin ez kolaboratzeko gonbitea egiterakoan Thoreaurengandik “protesta sortzailearen herentzia” jaso zuen. Aipatutako kanpaina hartan, Kingek eta bere jarraitzaileek lege segregazionistak hautsi zituzten azkenean, erabat zuzengabeak zirelakoan. Lege horiez gain, ordena publikoa arautzen zuten beste lege batzuk ere hautsi zituzten, bidegabeak zirelako eta segregazionismoaren aldekotzat jotzen zituztelako. Horrenbestez, erresistentzia pasiboa desobedientzia zibila bihurtu zen.
Desobedientzia zibila aurrera eramatean lege bati uko egiten zaio maila goragoko lege bati men egin nahi izaten zaiolako. Adibidez, Kingek esan zuen segregazionismoari uko egitean Konstituzioari men egiten ziola, baita Auzitegi Gorenak emandako segregazionismoaren kontrako jurisprudentziari ere. Horregatik Kingen ustez bere jokabidea guztiz justifikatuta zegoen, bai moralki, bai zuzenbidearen aldetik, printzipio gorenak kontuan hartzen baitzituen.
Gatazka horren unerik larrienean, mugimenduaren buruzagiak Estatu Batuetako presidentearekin elkarrizketatu ziren. Buruzagi haiek eraman zuten eskaera nagusia legea betearaztea zen: horretarako, Eisenhower-ri eskuan zituen baliabide juridiko guztiak erabiltzeko eskatu zioten.[vi] Hau da, lege segregazionisten gainetik agintzen zuen lege gorena betearazteko: 1776. urteko Independentzia Deklarazioa eta Konstituzioko Lehen Xedapen Gehigarria [First Amendment]. (Independentzia Deklarazio horretan, gizaki guztiak jaiotzetik eskubide berberak dituztela esaten da. Konstituzioko Xedapen horrek, batetik, adierazpen eskubidea eta biltzeko eskubidea, eta, beste alde batetik, jasandako injustiziengatik gobernuari kalte ordaina eskatzeko eskubidea babesten ditu.)
Kingek Nobel saria eskuratu zuen 1964. urtean. Urte bat lehenago, bere libururik ospetsuena idatzi zuen: Birmingham Cityko kartzelatik idatzitako gutun bat. Gutun horretan Kingek erantzun egin zien segregazionismoaren kontra nahita eta ez-bortizki egindako lege haustea kritikatzen zutenei. Gutun horren oinarrizko gaia hauxe zen: nola liteke aldi berean zenbait lege kontuan hartzea eta beste lege batzuk desobeditzea? Hona Kingen erantzuna: bere kontzientziari kasu egiteagatik bidegabeko lege bat hausten duenak hiritarren gogoetan eztabaida pizteko asmotan dagokion zigorra onartzen badu, Zuzenbideari zor zaion errespetu handiena erakusten ari da.
Desobedientzia den aldetik, desobedientzia zibila kolokan jarri nahi den lege bat zuzenean haustea da. Barbara Goodwinek zuzeneko desobedientzia zibilaren eredu bat aipatzen du: errolda egiteko behar diren galdetegiak betetzeari uko egiten diotenen desobedientzia. Baina, desobedientzia horrez gain, egin nahi den desobedientzia ekintzari oihartzuna emateko egiten diren lege-hausteak ere aipatzen ditu Goodwinek. Adibidez, etxebizitzen okupazioek ondasun higiezinen legeak hausten dituzte, baina, horrekin batera, beste eskaera batzuen gainean arreta erakarri nahi dute.[vii] Kasu horretan, zeharkako desobedientzia zibila izango litzateke.
Gaur egun hain da zabala sare juridikoa ezen protesta egin nahi duenak ez baitu zaila izango lege bat haustea, nahita egiten ez badu ere. Hala ere, badaude arrazoiak zeharkako desobedientzia zibila horren existentzia eta zilegitasuna zalantzan jartzeko. Izan ere, zeharkako desobedientzia zibila ez da askotan gertatzen: 14 estatu garrantzitsutan gertatutako 329 ekintzetatik bat izango litzateke zeharkako desobedientzia zibila. (Esate baterako, 1979. urteko udan Brussela hiriko trenetan larrialdietarako galgei eragin zioten, momentu horretan abian zegoen desarmearen aldeko martxaren gain arreta erakartzeko.) José Antonio Estévezen ustez, zeharkako desobedientzia zibilak lege-haustea tresnatzat hartzen du, bere protestaren arrazoiaren gainean arreta erakartzeko; eta horrelako justifikaziorik ez dagokio desobedientzia zibilari, desobedientzia zibilean erabiltzen diren bideak justifikatzeko arrazoia lortu nahi den helburua baita.[viii]
Azkenik, desobedientzia zibila ezin da nahastu desobedientzia kriminalarekin (hots, delitu arrunta) edo delitu politikoarekin. Lehen kasuan, alde batetik, desobedientzia egiten duena, kriminala, desobedientzia horri dagokion zigorra saihesten saiatzen da, eta, beste alde batetik, berak ez ditu bere ekintzak egiten zuzengabeak diren legeak eraldatzeko asmoz. Bigarren kasuan, delitu politikoak egiten dituztenek badute gizartea eraldatzeko asmoa, baina, beren helburua lortzeko biolentziaz baliatzen dira, eta, geroago ikusiko dugunez, biolentzia ez dagokio desobedientzia zibilari. Delituak izango ez balira, ekintza horiek disidentzia ideologikoa izeneko kategoriakoak izango lirateke; eta delituak izango balira, berriz, terrorismo edo (eko)sabotaje izeneko kategoriakoak. Luis Martínez de Velasco-ren iritziz, ekintza terroristak hiru ezaugarri ohi dituzte: autistak, krudelak eta bereizi gabeak dira. Ezaugarri horietako ekintzak ez dira ez sabotajea, ez desobedientzia zibila[ix]. Sabotajeak klandestinitatea du ezaugarri nagusia, eta desobedientzia zibilak, berriz, publikoa izan behar du, benetan zibila izan nahi badu, jakina.
Desobedientzia asko daude, baina denak ez dira zibilak. Zibila hitzaren esanahia aztertzen badugu hiritar [cívico] eta zibilizatu hitzekin lotura duela ikusiko dugu.
Hiritar izate horren aldetik, desobedientzia zibila hiritar baten desobedientzia da, hiritar den heinean. Hau da, desobedientzia zibila hiritar bati dagozkion betebeharrak besterik ez dituen baten desobedientzia da. (Agintariek, elizgizonek eta militarrek betebehar jakin batzuk dituzte, haien karguei dagozkien betebeharrak, hain zuzen. Baina, betebehar horiek ez dira esanguratsuak eztabaida honetan.) Desobedientzia zibila egiten dutenak hiritar aktiboak eta arduratsuak izan ohi dira; demokraziari buruzko teoriak dioenez, herriaren esku dagoen soberania erabili nahi dute. Horretarako, gizarte mugimenduetan eskuartzen dute beren hirikideak kontzientziatzeko, eta, horren bidez, erabaki politikoak hartzeko mekanismoetan eragiteko. Ildo horretan, desobedientzia zibila aktibitate publikoa da berez.
Herri soberania ez ezik, giza eskubideak ere beharrezkoak direla azpimarratzen du demokraziari buruzko teoria garaikideak. Zibilizatua izateari dagokionez, elkarbizitzarako ideal batzuk aldarrikatu nahi dituzte desobedientzia zibilaren ekintzek, beren jarraitzaile eta arerioen artean jokaera zibilizatuagoa eragiteko itxaropenez. Gandhik esaten zuenez, “desobedientziak, zibila izateko, egiazalea, errespetuzkoa, neurrizkoa, inolako errezelorik gabekoa izan behar du”[x].
Eta zergatik biolentziarik gabekoa? Filosofo batek gogoz defenditu du desobedientzia zibilak neurri batean biolentzia erabil dezakeela. Haren ustez, ezinezkoa da aldi berean biolentzia justifikatu ezina dela defendatzea eta desobedientzia zibila justifikatzen duen teoria bat defendatzea. Filosofo horren argudioaren arabera desobedientzia zibilak biolentziarik gabekoa izan behar baldin badu, jabetza eta segurtasun pertsonalaren eskubideak ez ezik, norberak duen autonomiaren eskubidea ere errespetatu behar du, eta, horren ondorioz, mota guztietako koakzioak baztertu behar dira. Horrela gertatzen ez bada, mota jakin batzuetako biolentziak debekatuko dira (biolentzia fisikoa, adibidez) eta, aldi berean, beste mota batzuetakoak onartuko (biolentzia psikologikoa, adibidez). Baina koakzio guztiak baztertzen baditugu urrutiegi ailegatuko gara, desobedientzia zibilaren kasu guztiek autonomia eskubidea bortxatzen baitute nolabait. Geure filosofo horrek (John Morreal, hain zuzen) irtenbiderik gabeko kalexka horretatik ihes egiten du koakzioa —eta, horren ondorioz, biolentzia mota bat— justifikatzeko gai dela esanez[xi].
Morrealek erabiltzen duen biolentziaren definizioa erabilgaitza da, zabalegia baita. Definizio hori onartzen badugu, autonomia bortxatzen duten ekintza guztiak biolentziaz egindakoak izango lirateke; esaterako, haur bati errepidea zeharkatzea eragoztea, eta/edo minutu batzuez trafikoa geldiaraztea. Ematen du zentzuzkoagoa dela une batez eskubideen gaineko erretorika bertan uztea eta biolentzia Webster hiztegi zaharrak egiten duen moduan definitzea: “indarra erabiltzea kalte egin eta zauritu nahian”.[xii] Jende talde batek nire autoaren aurrean errepidea blokeatzen badu eta horregatik nire helmugara minutu batzuk beranduago ailegatzera behartzen banaute, akaso ez naiz bat etorriko beren eskaerarekin, bidegabe edo zentzugabetzat jo baititzaket; izan ere, agian, nire eskubideak bortxatzen ari dira (legea urratzen, alegia), baina, dena den, indarra erabiliz nahita zauriak edo kalte pertsonalak egin dizkidatela esatea, —hau da, “biolentoak” direla esatea— hitzen esanahia bortxatzea da. (Orduan, greba bat ez da biolentzia? Ez beti: greba batek kalte ekonomikoak ekar ditzake, baina ez kalte pertsonalak. Horregatik, bata eta bestearen arteko muga garbi ez egon arren, zentzuzkoa da greba bortitzak eta ez bortitzak bereiztea. Nahiz eta helburu bertsuak izan, desobediente zibilak eta biolentzia egiten dutenak ez dira berdinak, eta horiek berdintzea biolentzia egiten dutenen onerako da.)
John Rawls filosofoak (inork ez luke subertsibotzat hartuko) desobedientzia zibilak zer-nolako baldintzetan funtziona dezakeen defendatzeko arrazoi funtsezkoak eman ditu. Horren ustez, desobedientzia zibilak erabat zatituta ez dagoen gizarte bat behar du, guztiok elkarbanatzen ditugun justizia-printzipioetara jotzeko. Desobedientzia zibilak neurri bateko legitimitatea mantentzen duen gobernu batekin funtzionatuko du (legitimaziorik gabeko gobernu baten aurrean edozein erresistentzia justifikagarria baita).[xiii] Gizartearen zatiketatik eta legitimitaterik ezatik nekez ernalduko da desobedientzia zibila; beste era batera esanda, desobedientzia zibila egin nahi duenak krispazio gabeko egoera bultzatu beharko du, ahal den neurrian.
Beste ondorio gisa, benetan desobedientea eta zibila bada, desobedientzia zibila izena merezi duten ekintzak ezin dira izan ez bortitzak, ez eta militaristak ere (Clemenceauk esan zuenez, zailagoa da militar bat zibilizatzea hiritar bat militarizatzea baino). Batek pentsa dezake sinpleegia eta simetrikoegia dela desobedientzia zibilaren kontrako muturrean dagoena obedientzia militarra dela esatea, baina, hala ere, guztiz egia izango da. Izan ere, Thoreauk desobedientzia zibilari buruz egin zuen saiakera desobedientzia zibila zer ez den esateko irudi batzuez hasten da:
(1) “bakar batzuk, gaur egungo gobernua beren zerbitzurako tresna gisa erabiltzen dutenak”,
(2) “gaizkile horiek, trenbideetan barrikadak jartzen dituztenak”,
(3) “lagun horiek, beren buruari gobernuaren kontrako gizaki deitzen diotenak”
(4) eta, batez ere, gudari horiek, Thoreauren irudimenean, “mendian gora eta haranetan barrena, lerro-lerro, gerrara martxan, gogoz kontra” joaten direnak, “bolborategi eta gotorleku mugikorrak, agintean den lotsagabekoren baten zerbitzuan”.
(5) Laburbilduz, horiek guztiak, “bereizketa moralik apenas egiten dutenak”, mekanikoki legeari men egitea hautatu dutelako justiziari zor zaion errespetua zaindu beharrean.[xiv]
3. Ekintza zuzena ez-bortitza (edo “indarkeriarik eza aktiboa”)
Gure inguruan, ekintza zuzena ez-bortitzaren espresiorik argienak desobedientzia zibilaren forma hartu du; hots, intsumisioa. Bestela esanda, desobedientzia zibila izateaz gain, ekintza zuzena ez-bortitzaren ezaugarriak ere baditu intsumisioak. Erresistentzia forma hori Euskal Herriko Kontzientzia Eragozpen Mugimenduak (MOC-KEM) funtsezko tresnatzat hartu, eta horrela definitu du: ekintza zuzena ez-bortitza (ADN: acción directa noviolenta) ekintza politiko zehatza da, antimilitaristen estrategia eta balioak islatzen dituena, haien mezua gizartean zabaltze aldera. Hedabideak erabiltzen dira, ekintza publiko eta ez-bortitz bat albiste erakargarri bihurtzeko.
Birmingham Cityko kartzelatik idatzitako gutunean, ekintza honen izaera horrela adierazi zuen Kingek: “Galde diezadakezue: ‘Zergatik ekintza zuzena? Zergatik manifestazioak, eserialdiak eta abar? Ba al dago negoziazioa baino bide hoberik?’ Negoziazioa eskatzekotan, arrazoia emango nizueke. Izan ere, horixe da ekintza zuzenaren asmoa. Ekintza zuzena ez-bortitzak krisialdia eta tentsioa eragin nahi ditu, gaiari inoiz aurre egin ez dion komunitate batek aintzat har dezan. Gai hori dramatizatzea nahi du, komunitateak ezikusiarena berriro ez egiteko.”[xv]
Gandhiren leloak dioenez, “helburua baliabideetan datza”, ekintza zuzena ez-bortitzak balio politikoak eta adierazgarriak batzen ditu bere baitan, bai helburuari dagokionez (armada, soldaduska, arma enpresa, desfilea) bai ekintza bera baketsua, ez-sexista, kooperatiboa eta abar izateagatik.[xvi] Ekintza zuzena ez-bortitzak helburuak baliabide bihurtzen ditu; “zuzentasun” horiek ematen dio ekintzari ezaugarri berezi bat, elkarrizketa eta negoziazioa bultzatzeko aproposa dena [carácter conversacional].[xvii]
Beste adibide bat: 1995. urteko otsailean eta urtegiaren obrek urte eta erdi bat baino gehiago zeramatzatela, Itoizko Solidarioen kolektiboa jaio zen, borroka fronte berri bat jorratzearren: ekintza zuzena, publikoa eta ez-bortitza, “Ama Lurra” defenditzeko desobedientzia zibilean oinarritutako estrategiaren barnean.[xviii] Berriz ere, ekintza zuzena ez-bortitzak desobedientzia zibilaren zenbait ezaugarri bereganatu zituen, “terrorismo” edo “ekosabotaje”arekin nahastu gabe.[xix]
Ekintza zuzenak biolentziarik gabekoa izan behar duela esatean Gandhiren autoritatea aipatzen da. Gandhik irudi bat erabili zuen helburuak eta bideak bereizteko: irudi horretan bideak hazia izango lirateke; helburuak, berriz, zuhaitza. Irudi horren bidez, zera adierazi nahi zuen: bideen eta zuhaitzaren artean lotura estua dago.[xx] Identifikazio organiko horrek garbi uzten du Gandhiren zein Thoreuren[xxi] ustez helburuak ez dituela bideak justifikatzen, eta bideek ez dutela helburua justifikatzen: helburuek eta bideek onargarriak izan behar dute, eta ezin dira batzuk balioetsi beste batzuk kontuan hartu gabe. Beste era batera esanda: ezin dira zenbait helburu proposatu, oso ohorezkoak badira ere, bide jakin batzuk baztertu gabe.
Ekintza zuzena ez-bortitzak duen bertute bat, Thoreauk, Gandhik eta Kingek ulertzen zuten moduan, hau da: ekintza zuzena ez-bortitzak garaipena lortuko ez balu, ez lizkieke kalteak eragingo hirugarrenei. Hori, eta ez besterik, kontuan harturik, ekintza zuzena ez-bortitza borrokarako erabiltzen diren beste bide batzuk baino goragokoa dela esan dezakegu. Baina ezin da esan ekintza zuzena ez-bortitza orbangabeko bide bat dela eta horregatik edozein helburu justifikatu dezakeela modu miragarrian; are gehiago, ezin da esan ideia guztiak baliotsuak direnik, bide bakezaleak erabiliz defendatzen badira ere. Arrazakeria bide bakezaleak erabiliz defenditzeak ez du arrazakeria gauza ona egiten.
4. Erresistentzia pasiboa
“Erresistentzia pasiboa” izenak ideia nahasketa ugari sor ditzake. Pasibotasun horrek ez du esan nahi ez dela ezer egin behar, baizik eta bide baketsu eta zibilak erabiliko direla. Adibidez, Gene Sharp-ek erresistentzia baketsurako 197 bide zehaztu ditu, besteak beste: protesta sinbolikoak, grebak, boikotak, manifestazioak eta abar.[xxii] Erresistentzia pasibo batzuk desobedientzia zibila izan daitezke; halere, ikusi dugunez, egon badago desobeditze gabeko erresistentzia pasiboa (boikota, esate baterako).
Izena bera ere ezaguna zen Thoreau-ren garaian. Bartleby Izkribatzailea ipuinean, honako hau idatzi zuen Herman Melvillek: “Ezerk ez du erretxintzen pertsona kabal bat erresistentzia pasiboak baino gehiago. Erresistentzia horren pairatzailea giza aldartez eskas ez badabil, eta erresistitzailea bere pasibitatean inori kalterik egiteko modukoa ez bada, orduan, bihotz xamurrez ahaleginduko da, kapaz den umorerik onenez, irudimenean gorpuzten arrazoimenez esplika ezina dirudiena.”[xxiii] Izan ere, begikotasun sentimendu hau nabarmena zen Gandhiren kasuan.
Eta 1926an, Tucker anarkista iparamerikarrak honelaxe goraipatu zuen erresistentzia pasiboa: “Erresistentzia pasiboa, Ferdinand Lassalle-k esan omen zuen, erresistentzia egiten ez duen erresistentzia da. Ez nago batere ados horrekin. Diziplina militarraren egunotan, emaitzaren bat lortzen duen erresistentzia bakarra erresistentzia pasiboa dugu. Gaurko mundu zibilizatuan ez dago tiranorik bere aginduak ez obeditzeko prest dagoen hiritarren multzo bat baino iraultza odoltsu bat nahiago ez duena. Matxinada bat erraz zapaltzen da, baina inongo armadak ez die tiro egin nahi bere etxeetan gaitzik egin gabe geratzen diren hiritarrei. Herriaren eskubideak lortzeko hurrengo gatazkan, tresnarik inportanteena ez da izango botoa, ezta baioneta ere, baizik eta erresistentzia pasiboa.”[xxiv]
Hala ere, nahiz eta erresistentzia beti posible izan, ez da beti arrakasta izateko modukoa. Batzuen arabera, areago, mundu garaikidea ez da habitat ona erresistentzia pasiborako. Adibidez, Mario Benedettik hauxe idatzi zuen Pedro eta Kapitaina antzerki lanean: “Erresistentzia pasiboa aukeratu duk, nonbait. Gandhi argal hark asko zekian horrezaz. Hinduak ingelesen kontra, gauza bat zuan, ordea, eta oso bestea zuek gure kontra. Erresistentzia pasiboak ez dik balio gaur egun, ez dik deus konpontzen . Zera duk, nola esango diat, anakronikoa. Yankiek beren zapalketa mota hain eraginkorra ezarri zutenetik —aditu al duk yankiak esaten dudala, zuek bezala?—, erresistentzia pasiboa pikutara joan zuan.”[xxv]
Azken finean, erresistentzia pasiboak arrakasta lor dezan justifikatzeko modukoa izan behar da. Justifikatzeko modukoa izateko, entzun eta onartu daitezkeen arrazoiak eman behar dira. Thoreauren kasuak erakusten digu erresistentzia ez dela ekintza bakar bat, prozesu bat baizik. Bera kartzelaratu zutenetik bi urte geroago eta zergak ordaintzeari utzi zionetik zazpi urte geroago bukatu zen prozesua. Hortik ondorioztatu dezakegu erresistentzia pasiboa elkarrizketa dela, ez keinu bakan bat, baina bakarrik egoera jakin batzuetan egin daitekeen elkarrizketa bat.
Oharrak
[i] Definizio zehatzik ezean, propietate deskriptibo gisa erabiltzen dira “zibila”, “ez-bortitza” edo “pasiboa” hitzok, banakoen edo taldeen propietateak eta gaitasunak azaltzen baititu.
[ii] Paolo Virno, Virtuosismo y revolución. La acción política en la era del desencanto, Madril, Traficantes de sueños, 2003.
[iii] Desobedientziari buruzko gogoeta klasikoa nola eguneratzeko, honatx zenbait abiapuntu: http://www.altediciones.com/t59.htm (“De la desobediencia civil a la desobediencia social”), http://usuarios.lycos.es/pete_baumann/iglesias.htm, (“Desobediencia civil y movimiento antiglobalización”), http://www.enlloc.org/dvd/recerca/doctorat/caos/M3-2-pabloiglesiasturrion.htm (“Redefiniendo la desobediencia civil”), http://acp.sindominio.net/article.pl?sid=03/06/03/1853207&mode=thread (“Con quien caminar y a quién preguntar”) http://www.rebelion.org/izquierda/040519ffb.htm (“Una reflexión sobre desobediencia y “no violencia”).
[iv] Marcos komandante ordea, Siete piezas sueltas del rompecabezas mundial, Bartzelona, Virus, 1999; 39. orria.
[v] Zenbait egile, “Erresistentzia/Sorkuntza”, zehar 47-48, www.arteleku.net.
[vi] A. Philip Randolph, Lester B. Granger, Reverend Luther King, Roy Wilkins, Statement to the President of the United States (1958-06-23), http://www.stanford.edu/group/King/publications/papers/.
[vii] Goodwin, El uso de las ideas políticas, Bartzelona, Península, 1988; 349. orria
[viii] Estévez, La constitución como proceso y la desobediencia civil. Madril, Trotta, 1994; 34. orria
[ix] Martínez de Velasco, La democracia amenazada: Democracia, capitalismo y desobediencia civil, Madril, Fundamentos, 1995; 133. orritik aurrera
[x] Gandhi, Todos los hombres son hermanos, Salamanca, Sociedad Educación Atenas, 1984; 144. orria.
[xi] Morreal, “The justificability of violent civil disobedience”, Canadian Journal of Philosophy, no. 6 (March 1976), 35-47 orriak.
[xii] Harluxet-ek (http://www1.euskadi.net/harluxet/)“biolentzia” horrela definitzen du: “Norbait menderatzeko indar zakar eta basa; zerbait indarrez lortu nahi duenaren gehiegikeria, indarraren erabilera gaitzesgarria.”
[xiii] Rawls, A Theory of Justice, Cambridge, Harvard University Press; 363, 388 orriak.
[xiv] Aipuak Thoreauren Sobre el deber de la desobediencia civil izeneko liburuaren edizio elebidunak dituen paragrafoen zenbakiei dagozkie (Irun, Iralka, 1995).
[xv] “Letter from Birmingham Jail” in H. A. Bedau (ed.), Civil Disobedience in focus, Londres, Routledge; 68-84 orriak.
[xvi] http://www.euskalnet.net/ga/estrategia.htm.
[xvii] Antonio Casado, La desobediencia civil a partir de Thoreau, Donostia, Hirugarren Prentsa, 2002; 4. atala.
[xviii] http://www.sindominio.net/sositoiz/marcos/centro_eus.htm.
[xix] A. Casado da Rocha eta J. A. Pérez, Itoiz. Del deber de la desobediencia civil al ecosabotaje, Iruñea, Pamiela, 1996.
[xx] Gandhi, Non-Violent Resistance (Satyagraba), New York, Schocken Books, 1961; 10.orria
[xxi] Ikusi Thoreauren Apología de John Brown, edizio anitzekoa.
[xxii] Gene Sharp, Métodos de Acción Noviolenta, www.noviolencia.org/publicaciones/metodos_sharp.pdf.
[xxiii] Melville, Bartleby Izkribatzailea, Juan Garziak itzulia, Donostia, Erein, 1991; 31. orria.
[xxiv] Individual Liberty: Selections From the Writings of Benjamin R. Tucker, Kraus Reprint Co., Millwood, NY, 1973 (http://flag.blackened.net/daver/anarchism/tucker/tucker15.html).
[xxv] Mario Benedetti, Pedro eta Kapitaina, Iñaki Alberdik itzulia, Donostia, Susa, 1987.