High alaitasuna
Hasiera » Diskoak » Bihotzeko fonoteka
Abu22 0

Bihotzeko fonoteka

Atalak: Diskoak, Kantuak

Ederra da irratsaio hori, Arantxa Iturbek eta Nekane Peñagarikanok urtero egiten duten udako saioa Euskadi Irratian, non gonbidatuak bere bizitzako 10 kantuak aukeratzeko eta kontatzeko erronkari ekiten dion. Bukatu berri ditudan oporretan, autoan genbilela, nahieran jaitsitako hogei bat saio entzun ditugu. Eta, jakina, nirea ere prestatzeko harra sartu zait, memoria egiteko, nire burua hobeto ezagutzeko, ingurukoekin partekatzeko…

(1) Hotel Kalifornia, 12 bat urte nituelarik, Akelarreren kantu bat zen. Orduan tokatarik ez gurean, baina urtero Gipuzkoako Aurrezki Kutxaren Gaztetxoen Elkarteak oparitxo bat ematen zigun etxeko aurrezkien truke. Horietako batean kasete bat izan zen oparia, euskal musika garaikideaz osaturik, eta Hotel Kalifornia zen lehenengo kantua, Anje Duhalderen hitzetan eta ahotsean. Nik ez nuen tutik ulertzen baina kantua maite egin nuen. Urteak joan urteak etorri, Eaglesena entzun nuenean, “California hau ez duk bertsio txarra” esan nion nire buruari. Eaglesen bateria jotzen zuen Don Henley Thoreauzale amorratua zelarik, Walden Woods salbatzeko proiektuarekin bat egin zuen 1990etako hamarkadan. Berari esker Thoreau Institute eratu zen eta bertan hartu ninduten bekadun gisa 1999an. Padisu edo infernu? Tartean beti gu.

(2) Kulturak baditu hamaika bidezidor, transmisioa ez da beti liburuen bidez egiten. Coleridgeren “Marinel zaharraren balada” ez zitzaidan lehendabizi Sarrionandiak egindako bertsiotik heldu, baizik eta Iron Maidenen kantu honen bidez, luze bezain epikoa. Garai hartako Pasaiaren eta Errenteriaren artean bizi ginen nerabe asko heavy samarrak ginen, naiz eta ni ile luzearekin ez ibili. Etxean tokata bat ipini zuten gurasoek eta Discoplayn lehenengo diskoak erosi nituen, tartean hau, taldearen onena nire ustez. Batxillergoa egiten ari nintzen Donostian eta ingelesa apur bat kontrolatzen hasia. Hiztegi baten laguntzaz ekin nion Iron Maidenen kantuak itzultzeari, adiskide batek eskatu zidalako. Apurka apurka, hamaika akats eginez, Steve Harrisen baxuaren azpitik beste musika bat zegoela eta Coleridgeren hitzen erritmoaz jabetu nintzen. Eta ze istorioa. Erromantizismo ingelesaren gailur honek dena du bere baitan: bidaia, beldurra, naturarekiko harremana, galbidea eta salbazioa.

(3) Mundaiz ikastegian bi ikasle mota zeuden, hirikoak (Amarakoak eta Egiakoak gehienak) eta autobusekoak (ni bezalako Errenterikoak) baina garai honetan denak mutilak, eta dena gaztelaniaz egiten genuen. Giro hori La Dama Se Esconde bikote donostiarrarekin lotzen dut. Hobbiten mundura eramaten ninduen “El gris” beren kantuak, eta “Tarde lluviosa”k haurtzaroaren eta nerabezaroaren arteko eremu mugagabe horretara. “Somos tres” izenekoak, berriz, Alfred Hitchcock eta hiru ikertzaileen liburu sail hura gogorarazten zuen. Soilak, intimistak eta nostalgikoak ziren kantu horiek, eta aldi berean orduko gizartean somatzen zen energia, gurea zen gaztetasun basati eta zuri-beltz hori, islatzen zuten. “Cuatro direcciones” atera zenean 17 urte nituen eta unibertsitatean zein bide hartu jakin gabe nenbilen, informatikaren eta filosofiaren artean erdibiturik. Selektibitatea prestatzeko egunsentia baino lehenago altxatzen nintzen eta goizeko ordu txikietan bazirudien bizitzak edozein norabide hartu zezakeela, nahiz eta eguzkiaren moduan bakarrik bat hartu behar.

(4) Kantu hau ezagutu nuen eguerdi lanbrotsu batean Usurbilgo Andatza mendi tontorrean geundela lehenengo neskalaguna eta biok, beste bikote batekin. Bazkaldu ostean batek irratia piztu zuen. Radio 3, bestela zer? Bat-batean, paisaia erdi bukoliko eta abandonatuarekin bat egiten zuen kantu samur horrek liluratu ninduen. Hitzak ulertzen nituen, gainera; amaren, haurtzaroko uda guztien eta Fernando Pessoaren mintzairan hitz egiten baitzuen Teresa Salgueiroren ahotsak. Portugaleko dotorezia, duin eta zaharra, baina xumea aldi berean. Saudade ariketa bat. Zerbait galdu duzula sentitzea, zehazki zer den jakin gabe. Horren truke zerbait irabazi. Etorkinen seme-alabak ginen laurok. Gurasoek landa utzia zuten Euskal Herriko bailara industrialetan lan egiteko. Unibertsitatera joan ahal ginen, gure sendietako aitzindariak, baina jakin bagenekien elitekoak ez ginela. Langabezia izan zitekeen gure patua, gure fado postindustriala.

(5) Nire fonotekaren historia, edozeinaren antzera, aurreiritziak gainditze prozesua baino ez da. Esate baterako, berandu iritsi nintzen Silviorengana, beste toki askotara bezala, berarekiko aurreiritziak nituen eta. Ez nuen Silvio entzuten baina Silvio entzuten zutenei mesfidantza nien. Haiek ere ez nituen ezagutzen, lubakiak lubaki, horrelakoa ere bada bizitza gizartean. Arazoa nirea zen, noski, baina agian “Ojalá” edo “Unicornio azul” kantuei arrakasta demasak ez zien laguntzen. Harik eta Silvio bera iritsi arte. Nola edo hala iritsi nintzen orkestraziorik gabeko disko mundial horretara, non gitarra soil batekin Silviok bere mundu osoa irudikatzen zuen. 1992. Gero entzun izan nion Anoetako kontzertu handi horretan, Lasa eta Zabalaren pankarta jarri zutenean. Edozein kantu hauta nezake, baina honek bi txori harri batez ematen dizkigu: Silvio Rodríguez eta Edgar Allan Poe. (Diotenez, Silvioren fantasiazko eta zientzia fikziozko liburutegiak ez zuen parekorik Caribe osoan.) Zelako soiltasunez adierazten duen kantuak bere gaia: alaitasuna nola erdietsi, “como Edgardo/ sin alarde”. Ordurako Poe osoa irakurrita neukan, kostata, bere 19. mendeko ingeles gotiko horretan. Baina Thoreau gehiago gustatzen zitzaidan.

(6) Irlandan bi ikasturte eman nituen. Lehenengoaren amaiera ospatzeko The Homecoming kontzertura joan ginen Erasmus batzuk gure lagun irlandarrekin. Egun osoan zehar Corketik gertu dagoen hipodromoan jo zuten hamaika taldek, eta bukatzeko Van the Man. Bob Dylan ere etortzekoa zen baina ezin izan zuen, Txemari nire lagunaren etsipenerako. Ekainak 1, 1997, eta eguraldi ona egiten zuen. Ez dakit Van Morrisonek kantu hau jo zuenik, baina “The Healing Game” atera berria zegoen eta diskoa etengabe entzuten nuen garai hartan. Doinu gazi-gozo eta malenkoniatsuen artean, “Egunsentiaren atariko txirulajolea” ereserki liriko eta panteista iruditzen zitzaidan, “Haizea sahatsetan” haur literaturaren klasikoaren pasarte batean oinarrituta. Gaur ereserkia baino, kantametsa (song-dream) dela esango nuke. Ez galdu azken soloa, Irlandako gaita zoragarri horrekin.

(7) Denbora, zuzenekoaren denbora arina eta estudioaren denbora geldoa. Denbora ikusi eta entzun egiten da poema horretan, erlojuetako orratzak uneka herdoiltzen, idi gorrien gurdi horretan eguzkia gurpil ahul bat denean. Ez dakit non eta nola elkartu nintzen kantu ikaragarri honekin, baina nori zor diodan badakit, Ruper eta Sarri lehenago eta gertuago ezagutzen dituelako. Bizitza hau bakarra da baina bi izango banitu ere, biak berarekin bizi nahiko nituzke, mendea eta segundua gurutzatzen diren lekuan. Holaxe!

(8) Reykjavíken bizi ginen auzoko piszinan edota supermerkatuan noizean behin Björkekin topo egiten genuen. Han beste edozein herritar bezala tratatzen zuten arren, katalizatzaile erraldoi bat izan da Islandiako kultura garaikidean. Ibilbide artistiko aparta egin du ingelesez, baina Islandian kantatzen duenean, islandieraz egiten du. 20. mendearen erdian Jakobína Sigurðardóttirek idatzitako poema honek “esna-aldia” izena du. “Nire baserria/ nire baserria eta zurea/ bakean daude” hitzekin hasten da, neguko ilunabarra deskribatzen, eta bake hotz eta eder hura urrun dagoen mundu zatarrarekin alderatzen du, magalean duen haurrari begira. Ordura arte hemen jarri ditudan kantuak, orain jabetu naiz, gitarraz eta martxaz beterik daude. Baina gehien hunkitzen nauen musikak ez du instrumenturik, giza ahotsa baizik. Agian seme-alabari esker bi abesbatzen barruko saltsa ezagutu ahal izan dudalako, agian txikitan nik ere batean parte izan nuelako, auskalo…

(9)

Baso bat ardo, zigarreta bat,
joateko ordua dugu;
sukaldetxoa txukun utzi dut,
banjo zarra afinatu.
Trafiko ilaran nire zain daude,
eserlekua gorderik;
naizena naiz eta naizen hori
berriro Rambletan dabil.
…
Ez izan beldur ene lagunok:
hain da gure zera arin;
amodioan egin gintuzten,
amodioan desegin.
Nahiz eta gure erraien mapak
atean dituzten jarri,
Rambla horiek zertarako diren
inork oraindik ez daki.

(eta 10) “Erantzunak izan nahi dituzu galderak egin aurretik?” galdetzen dit Googlek. Ba ez, ez ditut nahi. Galderak nahi ditut erantzunak entzun edo asmatu aurretik; eta Anariren kantu honi esker azkenean azaldu dira, ekidinezinak, galderak, atzetik bultzatzen gaituztela. Zein da ihes egiteko zure era? Zerk edo nork bihurtzen du zerbait garrantzitsu? Zer dugu?, zer dugu galtzeko?, zer dugu galtzeko beldurra…?

Iruzkina idatzi Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Antonio Casado da Rocha

Euskaldunberri baten sartu-irtenak lagunen eremuan. Plazera edo terapia, auskalo, baina literatura eta filosofiaren arteko paisaietan barrena. Thoreauzale izateko beste modu bat.

Azken bidalketak

  • Poemafaria (Rafa Egiguren)
  • Hiru poema Catalunyako
  • Zinemalia
  • Lapurreta: kale irakurraldia
  • Ura: kale irakurraldia

Iruzkin berriak

  • Antonio Casado(e)k Oroimenaren botika bidalketan
  • Andoni Tolosa(e)k Oroimenaren botika bidalketan
  • Epilogoa Hernanin | High Alaitasuna(e)k Ipuin ibilaldia bidalketan
  • Epilogoa Hernanin | High Alaitasuna(e)k Olerki-potea bidalketan
  • Poesiaz eta belarraz, Tabakaleran | High Alaitasuna(e)k Tabakaleran bidalketan

Artxiboak

  • 2019(e)ko martxoa
  • 2019(e)ko otsaila
  • 2018(e)ko azaroa
  • 2018(e)ko apirila
  • 2018(e)ko urtarrila
  • 2017(e)ko abendua
  • 2017(e)ko abuztua
  • 2017(e)ko maiatza
  • 2017(e)ko apirila
  • 2017(e)ko otsaila
  • 2016(e)ko abendua
  • 2016(e)ko urria
  • 2016(e)ko iraila
  • 2016(e)ko abuztua
  • 2016(e)ko uztaila
  • 2016(e)ko ekaina
  • 2016(e)ko maiatza
  • 2016(e)ko apirila
  • 2016(e)ko martxoa
  • 2016(e)ko otsaila
  • 2016(e)ko urtarrila
  • 2015(e)ko abendua
  • 2015(e)ko azaroa
  • 2015(e)ko urria
  • 2015(e)ko iraila
  • 2015(e)ko abuztua
  • 2015(e)ko uztaila
  • 2015(e)ko ekaina
  • 2015(e)ko maiatza
  • 2015(e)ko apirila
  • 2015(e)ko martxoa
  • 2015(e)ko otsaila
  • 2015(e)ko urtarrila
  • 2014(e)ko abendua
  • 2014(e)ko azaroa
  • 2014(e)ko urria
  • 2014(e)ko iraila
  • 2014(e)ko abuztua
  • 2014(e)ko uztaila
  • 2014(e)ko ekaina
  • 2014(e)ko maiatza
  • 2014(e)ko apirila
  • 2014(e)ko martxoa

Kategoriak

  • Aforismoak
  • Antzerkia
  • Bertsoak
  • Blogak
  • Dantzak
  • Diskoak
  • Eako poesia egunak
  • Esku ezkerraz
  • Fadoak
  • Filmak
  • Gaudeamus
  • Haiku
  • Hitzaldiak
  • Islandiera ikasten
  • Kantuak
  • Lizardiren baratza
  • Ohar oro
  • Ondo bizi
  • Opera
  • Paisaiak
  • Poemak
  • Poesia eta medikuntza
  • Poesia gizarteratzen
  • Poetikak
  • Sailkatu gabea
  • Walden
  • Zinema-Noema

Meta

  • Hasi saioa
  • Sarreren jarioa
  • Iruzkinen jarioa
  • WordPress.org

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA