Hasiera »
Unai Brearen bloga - Mundua ez da biribila
Unai Brea
Susan Georgerekin bat nator: ez dugu zertan planeta salbatu. Hark patxada ederrean segituko baitu bira eta bira, guk geure burua desagerrarazi ostean ere.
Azken bidalketak
Iruzkin berriak
- Zergatik da hain garrantzitsua Monsantorentzat glifosatoa defendatzea? | Mundua ez da biribila(e)k Monsanto, bigarren erasoaldia prestatzen bidalketan
- Zergatik da hain garrantzitsua Monsantorentzat glifosatoa defendatzea? | Mundua ez da biribila(e)k Glifosatoa, baimena luzatu nahi dioten herbizida “segur aski kantzerigenoa” bidalketan
- Monsantoren eskuliburua: zientzialarien lana desitxuratu, pozoia saltzen jarraitzeko | Mundua ez da biribila(e)k Oharkabeko eskandaluak bidalketan
- Klimaren akordioa: America out again | Mundua ez da biribila(e)k Aurrerapausorik gabe joan da Marrakexeko klimaren gailurra bidalketan
- Aurrerapausorik gabe joan da Marrakexeko klimaren gailurra | Mundua ez da biribila(e)k Nola jokatuko du Donald Trumpek klima aldaketarekiko? bidalketan
Artxiboak
- 2017(e)ko azaroa
- 2017(e)ko urria
- 2017(e)ko iraila
- 2017(e)ko uztaila
- 2017(e)ko ekaina
- 2017(e)ko martxoa
- 2017(e)ko urtarrila
- 2016(e)ko azaroa
- 2016(e)ko urria
- 2016(e)ko uztaila
- 2016(e)ko ekaina
- 2016(e)ko maiatza
- 2016(e)ko apirila
- 2016(e)ko martxoa
- 2015(e)ko abendua
- 2015(e)ko azaroa
- 2015(e)ko iraila
- 2015(e)ko ekaina
- 2015(e)ko maiatza
- 2015(e)ko otsaila
- 2015(e)ko urtarrila
- 2014(e)ko abendua
- 2014(e)ko azaroa
- 2014(e)ko urria
- 2014(e)ko uztaila
- 2014(e)ko ekaina
- 2014(e)ko maiatza
- 2014(e)ko apirila
- 2014(e)ko martxoa
- 2014(e)ko urtarrila
- 2013(e)ko abendua
- 2013(e)ko azaroa
- 2013(e)ko urria
- 2013(e)ko uztaila
- 2013(e)ko ekaina
- 2013(e)ko maiatza
- 2013(e)ko apirila
- 2013(e)ko martxoa
- 2013(e)ko otsaila
- 2013(e)ko urtarrila
- 2012(e)ko abendua
- 2012(e)ko azaroa
- 2012(e)ko urria
- 2012(e)ko iraila
- 2012(e)ko ekaina
- 2012(e)ko maiatza
- 2012(e)ko martxoa
- 2012(e)ko otsaila
- 2012(e)ko urtarrila
- 2011(e)ko azaroa
- 2011(e)ko urria
- 2011(e)ko iraila
- 2011(e)ko ekaina
- 2011(e)ko maiatza
- 2011(e)ko apirila
- 2011(e)ko martxoa
- 2011(e)ko otsaila
- 2011(e)ko urtarrila
- 2010(e)ko abendua
- 2010(e)ko urria
- 2010(e)ko iraila
- 2010(e)ko uztaila
- 2010(e)ko ekaina
- 2010(e)ko maiatza
- 2010(e)ko apirila
- 2010(e)ko martxoa
- 2010(e)ko otsaila
- 2010(e)ko urtarrila
- 2009(e)ko abendua
- 2009(e)ko azaroa
- 2009(e)ko urria
- 2009(e)ko iraila
- 2009(e)ko uztaila
- 2009(e)ko ekaina
- 2009(e)ko maiatza
- 2009(e)ko apirila
- 2009(e)ko otsaila
- 2008(e)ko abendua
- 2008(e)ko azaroa
- 2008(e)ko urria
- 2008(e)ko uztaila
- 2008(e)ko ekaina
- 2008(e)ko maiatza
- 2008(e)ko apirila
- 2008(e)ko martxoa
- 2008(e)ko otsaila
Kategoriak
- Artea
- Bertsolaritza
- Ekonomia
- Energia
- Euskara
- Farmazeutikak
- Frackinga
- Gizartea
- Hedabideak
- Hezkuntza
- Historia
- Hizkuntzak
- Ingurumena
- Klima aldaketa
- Literatura
- Medikuntza
- Merkataritza askeko akordioak
- Musika
- Natura
- Nazioartea
- Osasuna
- Osasungintza
- Politika
- Sailkatugabeak
- Transgenikoak
- Transnazionalak
- TTIP
- TTIP/TAFTA
- Zientzia eta teknologia
Nola jokatuko du Donald Trumpek klima aldaketarekiko?
2016-11-11 // Klima aldaketa // Iruzkinik ez
“Ez dut sinesten beroketa globalean… eta ez dut sinesten gizakiak eragindako beroketa globalean”. Trumpek esana (Arg.: AP Photo / Charlie Neibergall)
Iaz Parisen egindako klimaren gailurrean lortutako akordioa ospatu zutenek akordio horretan AEBak sartu izana nabarmendu zuten ospatzeko arrazoien artean, NBEk ordura arte klima aldaketaren alorrean zuen tresna nagusia, Kyotoko Protokoloa, estatubatuarrek ez baitzuten sekula berretsi. Eta beroketa globala eragiten duten gasen isurle handienak eurak izan dira oraintsu arte.
Aurtengo klimaren gailurra hasi eta bigarren egunean, hara zer den bizitza, estatubatuarrek presidente aukeratu dute klima aldaketa existitzen denik ere ukatzen duen gizon bat. Urte eta erdiko kanpainan astakeria batzuk esateko astia izan duenez, alor horretan ere izan du Trumpek “ateraldirik”. Orain, ezustean Etxe Zuriko maizter bihurtuta, ikusi beharko da –klimari dagokionez ere– egindako mehatxuetatik zeintzuk, eta nola, beteko dituen.
AEBak irailean berretsi zuten Parisko Klimaren Hitzarmena, Txinaren egun berean, sinbolismoz betetako keinuan. Bien artean berotegi efektuko gasen %40 isurtzen dute guztion atmosferara. Trumpek, berriz, esan du akordio horretatik kanpo nahi lituzkeela Estatu Batuak. Baina dagoeneko gogorarazi diotenez hori egitea ez da batere erraza, epe batzuk errespetatu behar baitira, eta ez dira laburrak. AEBak Parisko Hitzarmenetik ateratzeko aukera lukeenerako, agortzear legoke Trumpen agintaldia. Bide diplomatiko zail hori hartzen saiatuko ote den ikusteko dago.
Horrek ez du esan nahi, haatik, agintari berriak eskuak lotuta dituenik. Izan ere, Parisko Hitzarmenaren izaerak berak emango dio aukera AEBetako politika klimatikoa ahultzeko. Kyotoko Protokoloak ez bezala, akordio berriak ez dio herrialde bakoitzari emisio muga bat “kanpotik” ezartzen; bakoitzak erabakitzen du zer konpromiso hartu. Arazoa da, eta horixe da oraintxe Marrakexeko COP22 gailurrean eztabaidatzen ari diren gai garrantzitsuenetakoa, orain arte munduko herrialdeek aurkeztu dituzten asmoak ez direla aski Hitzarmenak ezarritako helburua lortzeko: planetaren beroketa ez dadila izan bi gradukoa baino handiagoa 2100 bitartean (eta ahal bada, 1,5 graduko langa ere ez dadila gainditu, hori oso zaila izango den arren).
Marrakexen oraintxe dagoen AEBetako ordezkaritzak zer bidetatik joko duen ez dakit, baina datozen urteetako gailurretakoa erraz igar daiteke. Akordiotik irten gabe, ahalik eta aurrerapauso gutxien ematen saiatuko dira AEBak. Aztarna bat: Trumpek jakinarazi du Myron Ebell jarri nahi duela Ingurumena Babesteko Agentziaren buru, hau da, klima aldaketarekiko eszeptiko bat. Iaz Parisen Avaaz elkarteak salatu zituen zazpi “klima kriminaletako” bat da Ebell. Atera kontuak.
Klima aldaketaren aurkako borroka: bitartekoak zehazten hasteko ordua iritsi da
2016-11-04 // Klima aldaketa // Iruzkinik ez
2015ean Parisko gailurrean adostutakoari forma zehatza ematen hasi beharko dira munduko agintariak Marrakexeko COP22 bileran (Arg.: Arnaud Bouissou).
“Parisen gobernuek ez zuten adostu klima aldaketaren aurkako konpromiso zehatzik, konpromisoak hartzekoa baizik”, esan zigun Mari Jose Sanz BC3 ikerkuntza-zentroko zuzendariak iragan martxoan. Bada, iritsi da Parisko Hitzarmenaren bitartez hartutako konpromiso hari forma zehatza ematen hasteko tenorea. Hain zuzen, gaur, azaroak 4, jarri da martxan hitzarmena, horretarako behar ziren baldintzak bete eta hilabetera: gutxienez 55 estatuk akordioa berrestea, eta estatu horien berotegi-efektuko gasen (BEG) isurpena gutxienez guztizkoaren %55 izatea.
Kasualitate ala ez, hurrengo klimaren gailurraren atarian iritsi da Parisko Hitzarmenaren berrespena. Azaroaren 7an hasiko da Marrakexen COP22 goi-bilera, mahai gainean funtsezko eztabaidagaiak dituela. Hala ere, gailurraren hasieran handik oso urruneko gertakari batek bereganatuko du bertan daudenen arreta: AEBetako presidentetzarako hauteskundeak.
Trumpen garaipenak Parisko Hitzarmena hil dezake
Donald Trump hautagai errepublikarrak argiro egiten du bat klima aldaketa ukatzen dutenekin. Haren garaipen batek, segur aski, ekarriko luke AEBak Parisko Hitzarmenetik ateratzea, eta oso litekeena hori gertatu eta berehala Txinak bide bera hartzea. Potentzia biek, esanahi handiko keinu diplomatikoan, egun berean berretsi zuten akordioa, joan den irailean. Atzera egiteak akordioaren heriotza ekarriko luke, bien artean munduko BEG emisioen %40 eragiten baitute.
Marrakexeko goi-bileraren bigarren egunean izango dira AEBetan presidentea aukeratzeko hauteskundeak. Donald Trumpen garaipenak kolokan jarriko luke Parisko Klimaren Hitzarmena (Arg.: Michael Vadon-CC By SA).
Kontuan izan behar da Parisko Hitzarmena, hein handian, estatubatuarrek eta txinatarrek sinatzeko beren-beregi egindako akordioa dela. Izan ere, bai AEBak bai Txina kanpo egotea izan zen klimaren alorrean NBEk aurretik zeukan –eta oraindik indarrean dagoen– nazioarteko akordioaren, Kyotoko Protokoloaren, porrotaren zergatietako bat.
Loteslea, baina ez hainbeste
Hitzarmen batetik besterako alde nagusia ezarritako uztarduraren indarrari dagokio. Garbiago esanda: batean zein bestean emisio murrizketa helburuak nahi eta nahi ez bete beharrekoak dira, baina Kyotoko Protokoloan helburu horiek NBEk emandakoak ziren –oso estatu gutxiri eragiten zieten, hori bai–, eta Parisko Hitzarmenean, berriz, akordioa berresten duen estatu bakoitzak erabakitzen du bere buruari zer helburu ipini; INDC ingelesezko siglekin ezagutzen dira helburuok. BC3ko Unai Pascual Garcia de Azilu ikerlariaren esanetan, “Pariskoa ere loteslea da, baina lotura ahulagoa da”. Hain zuzen ere AEBek sina zezaten eraiki zen modu horretan akordioa.
Zientzialarien esanetan, orain arte aurkeztutako INDCen batura ez da nahikoa Parisko Hitzarmenaren xede nagusia ziurtatzeko: 2100. urterako batez besteko tenperaturaren igoera ez dadila izan bi gradutik gorakoa, industria-aroaren aurrekoarekin alderatuz. Marrakexen, batetik, dagoeneko akordioa berretsi duten 72 gobernuek esan beharko dute prest ote dauden murrizte konpromiso handinahiagoak hartzeko prest ote dauden. Bestetik, konpromiso horiek betearazteko formula juridikoez, zigorrez eta abar hitz egingo dute. “Horrez gain, seguruenik hitzarmena berresteko dei egingo diete oraindik hala egin ez duten estatuei”, Pascualen esanetan.
Emisioak neurtzeko sistema bakarraren bila
Horiek ez dira izango negoziazio mahaiko puntu bakarrak, hala ere. Batetik, BEG emisioak neurtzeko, jakinarazteko eta egiaztatzeko sistema homogeneizatzeaz hitz egingo da. Gaur egun herrialde guztiek ez darabilte irizpide bera neurketa horiek egiteko, eta askok gaitasun teknikorik ere ez dute. Igorle esanguratsu batzuen kasuan (Txina, esaterako) kontabilitatea erabat argi ez dagoela kritikatu izan da. Horregatik, sistema bateratu eta gardena adosten saiatuko dira COP22n. Zenbaitek beldurra da, ordea, hori aitzakiatzat erabiltzea eztabaida garrantzitsuagoak atzeratzeko. “Badirudi batzuk saiatuko direla aurten neurketari buruzkoan indarra jartzen, eta INDCen anbizioari buruzko eztabaida 2018rako uzten”, dio Ekologistan Martxan elkarteko Javier Andaluzek; “gure ustez, eztabaida biak aldi berean eman behar dira”.
Finantzazioa, beste gai bero bat
Marrakexeko –eta azken urteetako gailur guztietako– lantalde beroenetako bat Klimaren Funts Berdearen finantziazioari dagokiona izango da. 2009an Kopenhagen adostu zenez, ziurtatu behar da funts horrek urtero 100.000 milioi dolar jasoko dituela 2020tik aurrera, garapen bidean dauden herrialdeei laguntzeko klima aldaketari aurre egiten. Munduko Bankuak esan du ziurtzat jo daitezkeela 80.000 milioi, baina gainerakoa nondik etorriko den erabaki gabe dago. Bestalde, azken urteotan egindako analisi askoren arabera 100.000 milioi ez dira nahikoa izango. Izan ere, klima aldaketaren aurkako neurriak hartzeko ez ezik, estatu pobreenek laguntza beharko dute honezkero jasaten hasiak diren klima aldaketaren ondorioei aurre egiteko.
Urgentzia klimatikoa eta geoingeniaritzaren mehatxua
Aurten, atmosferan dagoen CO2 kontzentrazioak milioiko 400 partetik (ppm) gora egin du, eta urtero azkarrago handitzen ari da. Zientzialari batzuen esanetan, 450 ppm-ra iristeak asko zailduko luke beroketa globala bi gradutik behera mantentzea mende amaierarako. Zehazki, lortu beharko litzateke 2020an iristea kontzentrazioaren gailurrera, Unai Pascualen esanetan.
Aurten, atmosferan dagoen CO2 kontzentrazioak milioiko 400 partetik (ppm) gora egin du, eta urtero azkarrago handitzen ari da.
Neurri eraginkorrak hartzeko premia begien bistakoa da. Pascualen ustez, epeak agortu ahala baliteke geoingeniaritzaren aukerak indarra hartzea. Azkeneko klimari buruzko goi bileretan planteatu diren irtenbideetako bat, zehazki, biomasa erabiltzea da. Lehenik, lur eremu handiak hartu beharko lirateke zuhaitzak edo bestelako biomasa motak landatzeko. Ustez, horrek atmosferako CO2 zati bat xurgatuko luke –xurgapen horren kontabilitateari buruzko zalantza agertu dute geoingeniaritzarekin kritikoak diren askok–. Ondoren, energia lortzeko erreko litzateke biomasa hori, erregai fosilen ordez. Erretzean isuritako CO2-a momentuan atzemango litzateke, eta ostean lurpean sartu. Teorian, guztizko emaitza “isurketa negatiboa” litzateke.
Alta, CO2-a atzeman eta biltegiratzeko teknika horri buruzko eztabaida dago, oraindik ez baitago argi teknikoki bideragarria ote den. Bestalde, Unai Pascualen esanetan, eredu horrek talka egiten du etorkizunean, hazkunde demografikoa kontuan hartuta, munduak izango dituen elikadura premiekin, elikagaiak landatzeko beharko liratekeen lur eremu zabalak bereganatuko lituzkeelako.
Belgikak blokeatuta du oraingoz Europa eta Kanada arteko CETA hitzarmena
2016-10-18 // Merkataritza askeko akordioak // Iruzkinik ez
Greenpeaceko hamalau eskalatzailek CETAren aurkako ekintza egin dute ministroak bileran zeuden bitartean (Argazkia: Xavier Bechen / Greenpeace).
Europar Batasuneko estatu kideetako merkataritza eta kanpo harremanetarako ministroak Luxenburgon bildu dira Kanada eta EBren arteko merkataritza askeko hitzarmenari (CETA) onespena emango dioten erabakitzeko. Momentuz ez dute adostasuna lortu, Belgikak ezetz esan baitu, eta estatu guztiek bat egitea beharrezkoa da mota horretako akordioek aurrera egin dezaten.
Azken asteetan hainbat erakundek azaldu dituzte CETArekiko zalantzak, besteak beste Austriako Gobernuak eta Alemaniako Konstituzio auzitegiak. Ezezko garbiena, nolanahi ere, Valoniako Parlamentuak eman du. Duela hilabete batzuk CETAren aurkako adierazpen bat onartu ostean, hitzarmena babestu ez dezan eskatu diote Valoniako Gobernuari berriki.
Belgikako estatu federalaren egituraketa dela-eta, valoniarren jarrerak asko zailtzen du Bruselako gobernuak baiezkoa eman ahal izatea CETAri, bileran islatu denez. Austriak, berriz, baiezkoa eman du azkenik.
Hori dela-eta, Europako Batzordeko Merkataritza komisarioak, Cecilia Malströmek, esana zuen ez zuela uste gaurko bileran lortuko zenik CETA babesteko akordioa. “Hala ere baikorra naiz eta espero dut laster erabaki bat hartu ahal izatea”, adierazi du Malströmek. Goizegi dirudien arren, ostiralean izango du bigarren aukera bere nahia beteta ikusteko, kasu horretan EBko gibernuburuak Bruselan bilduko dituen Europar Kontseiluko batzarrean. Zalantza da ea Belgikak hain azkar aldatuko ote duen botoa –Valoniako Gobernua presio ugari jasotzen ari da ezezko jarrera aldatzeko–, eta haren abstentzio batek, esaterako, balioko lukeen CETAri argi berdea emateko, arauak ez baitu erabat argi uzten.
Cecilia Malström, Europako Batzordeko Merkataritza komisarioa (Argazkia: EU2016NL-CC By).:
Kontsentsua ez lortzeak EBren hasierako asmoak trabatuko lituzke. Batzordearen bide-orrian, Kontseiluaren onespenaren ostean aurreikusita dago Kanadak eta Europak hitzarmena publikoki sinatzea urriaren 27an Bruselan egitekoa den bi aldeen arteko goi-bileraren testuinguruan.
Hala egitekotan, urtea amaitu baino lehen Europako Legebiltzarrak hitzarmenaz bozkatzea –eta baiezkoa ematea– aurreikusita du Batzordeak. Behin hori eginda, CETAren %85 inguru indarrean sartuko litzake, alegia, Batasunaren eskuduntza baizik ez diren zatiak. Gainerakoa indarrean sartzeko –estatu bakoitzaren burujabetzari eragiten dioten aldeak, hain zuzen–, EBko parlamentu guztien onespena beharko da. Bakar batek ezetz esatea nahikoa litzateke hitzarmen osoa ez onartzeko, baina mantendu egingo litzateke Batasunak onartutako %85 hori.
Greenpeacen eskalatzaileak CETAren aurka
Greenpeaceko hamalau kidek beren burua eskegi dute Luxenburgoko Konferentzia Zentroko hormetan, ministroen bilera egiten ari zen bitartean, CETAri ezetz esan diezaioten eskatzeko. Ekintzaileek Don´t trade away democracy, stop CETA! (Demokraziarekin salerosketarik ez, CETA gelditu!) zioen pankarta zabaldu dute.
Greenpeaceko kideek adierazi dute CETA akordioa europar askoren nahiaren aurkakoa dela, EBn zuhurtzia printzipioa ahultzea eragingo lukeela, eta funtsezko hainbat zerbitzu publiko pribatizatzeari atea irekitzen diola, publiko izaera berreskuratzea galaraziko luketen hainbat klausula ezarrita gainera.
Ekologisten zalantzak HFC gasak murrizteko nazioarteko akordioaren aurrean
2016-10-16 // Ingurumena, Klima aldaketa // Iruzkinik ez
Kigaliko gailurraren antolakuntza batzordeko kideak, akordioa ospatzen (Arg.: AFP / Cyril Ndegeya).
Ia 200 herrialdetako ordezkariek akordio bat adostu dute Kigalin (Ruanda), berotegi efektua eragiten duen HFC (hidrofluorokarbonoak) motako gasak progresiboki erabiltzeari uzteko. Hitzarmenak betebehar desberdinak ezartzen ditu herrialde bakoitzaren garapen mailaren arabera; garatuenen kasuan, HFC kontsumo eta ekoizpena %85 murriztu beharko dute 2036rako (2011-2013 epearekin alderatuta).
Beste multzo bateko herrialdeek –tartean Txina– 2045eko epea izango dute %80ko murrizketa egiteko 2020-2022 epearekiko. Hirugarren taldekoentzat (hor daude Irak, India, Pakistan…) 2047 izango da murrizketaren epemuga.
HFC gasek eragin handia dute beroketa globalean, eta batez ere hozkailuetan eta haize girotuko gailuetan erabiltzen da. Haien ekoizpena asko handitu da 90eko hamarkadaren hasieratik –urtero %10-15 bitartean areagotzen da–, ozono geruzari kalte egiten dioten CFC eta HCFC motako gasak ordeztu dituztelako, haiek erretiratu ahala.
Izan ere, ozono geruza babesteko helburuz 80ko hamarkada amaieratik indarrean dagoen Montrealeko Protokoloari egindako zuzenketa da Kigalin hartutako akordioa.
Alternatiba egokiak eskatu ditu Greenpeacek
Greenpeace elkarte ekologista pozik agertu da Ruandako akordioagatik, eta azpimarratu du beharrezkoa dela planetaren beroketa ez dadin izan 1,5 ºC-tik gorakoa, Parisko COP21 gailurrean adostu bezala. Hala ere, munduko estatuek akordioa hartzeko itxaronaldia zortzi urtekoa izan dela nabaritu dute. Bestalde, HFCak kentzeko ezarritako epeak luzeegitzat jo dituzte.
Halaber, Greenpeacek kezka agertu du gas horiek erabiltzeari utzi ahala haien lekua hartuko duten alternatibez, eta salatu du industria kimikoa presioa egiten ari dela HFCen ordezkoak hidrofluoroolefinak (HFO) izateko. “HFOak deskonposatu egiten dira atmosferan, eta hala eratzen den substantzietako bat TFA izeneko toxina da, hezeguneetan metatzen dena”, adierazi du talde ekologistak.
“Akordio honen arrakasta HFOak eta halako alternatiba toxikoak saihestu eta produktu hozgarri naturalak erabiltzeko gai den herrialde kopuruak baldintzatuko du”, gehitu dute, “erabakigarria izango da datozen hilabete eta urteetan zer bide hartzen den”. Greenpeacek aldarrikatu du 90eko hamarkada hasieratik bultzatu duela hozgarri naturalen erabilera (CO2, hidrokarburoak, ura, airea, amoniakoa…) eta ekonomikoki eta teknikoki bideragarriak direla ia hozte-sistema eta haize girotu gailu guztietan.
Europako Batzordea, zuhurtzia printzipioari bizkarra ematen
2016-07-15 // Ingurumena, Osasuna // Iruzkinik ez
Glifosatoaren baimena 18 hilabetez luzatu du Europako Batzordeak, kantzerigenoa den ala ez erabaki bitartean.
Europako Landare, Animalia, Elikagai eta Pentsuen Batzorde Iraunkorrak POE-tallowamina izeneko konposatua debekatu du. Glifosatoz egindako herbizidetan erabiltzen den laguntzaile bat da, hau da, printzipio aktiboaren zeregina errazten duen substantzia. Europako Batzordeak orain proposatu du hura debekatzea, herbizidaren ehunka mila miloi tona zabaldu direnean kontinenteko lorategi, baratze, soroetan. Eta gure plateretan.
Ez dakit inoiz POE-tallowaminaren segurtasunari buruzko ika-mika sutsurik izan den, baina izan bada, orain arte gizakion dietan egon dadin baimendu dutenek esango zuten substantzia horrek gainditu beharreko kontrol guztiak gaindituta zituela, eta kaltegarria izan zitekeenik iradokitzea arduragabe jokatzea zela, funtsik gabe alarma zabaltzea. Erraustegi batetik hurbil bizitzea oso komenigarria ez dela esatea bezalatsu, burura datorkidan adibidea ematearren.
Europar Batasunean glifosatoaren baimena luzatu edo eteteari buruzko eztabaida betean etorri da POE-tallowaminaren debekua. Glifosatoaz, Munduko Osasunaren Erakundearen menpe diharduen Minbizia Ikertzeko Nazioarteko Agentziak (IARC) esana du “segur aski minbizi eragilea” dela. Hara non ordea, Europako Elikagaien Segurtasunerako Agentziak (EFSA) oso bestelako iritzia agertu duen, noiz eta munduan gehien saltzen den herbizidaren merkaturatze-baimenaren luzapenaz erabakia hartzeko unea hurbiltzen ari zenean.
Hasiera batean, eta IARCek zioena zioela, Europako Batzordeak glifosatoa beste hamabost urtez baimentzeko proposatu zion Landare, Animalia, Elikagai eta Pentsuen Batzorde Iraunkorrari. Ezin izan zuenez proposamena aurrera atera, bere kabuz luzatu zuen baimena beste hamazortzi hilabetez, baina zuhurtzia printzipioaren guztiz aurka jokatuz: glifosatoa kantzerigeno den edo ez argitu bitartean, debekatu beharrean, baimendu. Eta gero berresten bada kaltegarria dela, ba…
Kutsatzaile hormonal gehienak sailkatu gabe geratuko dira
Antzeko bidetik jo dute europar komisarioek kutsatzaile edo disruptore hormonalen aferan. Hiru urteko atzerapenez proposatu dituzte substantzia horiek identifikatzeko irizpideak –Europako Auzitegi Gorenak Batzordea zigortu du atzerapen horregatik–; funtsean, kutsatzaile hormonal izatearen susmopean dauden ehunka substantziei –glifosatoa bera, tartean– “immunitate parlamentarioa” emango diete: in fraganti harrapatzen dituztenak baino ez dituzte erruduntzat joko eta, ondorioz, erregulatuko.
Bestela esanda: substantzia bat kutsatzaile hormonaltzat jotzeko erabat frogatu beharko da sistema endokrinoari, eta beraz gure osasunari, kalte egiten diola. Susmoa ez da nahikoa izango; horra zuhurtzia printzipioa hankaz gora berriro. Disruptoreen debekua eskatzen duten taldeen esanetan, irizpide horrek erregulaziotik kanpo utziko ditu gehienak. Landare, Animalia, Elikagai eta Pentsuen Batzorde Iraunkorrak irailean erabaki beharko du Europako Batzordearen proposamena aintzat hartzen duen ala ez.
AEB eta Europar Batasunaren arteko TTIP itunaren aurkariek kritikatu izan dute akordioak urardotu egin ditzakeela Europan indarrean dauden eta zuhurtzia printzipioan oinarritzen diren osasun eta ingurumen alorreko zenbait babes estandar. Orain, urrats bat harago egin dute kritika horretan: diotenez, badirudi hitzarmenaren negoziazioak amaitu gabe ere hasi dela Europa bere politika batzuk “amerikartzen”.
Europako Batzordeak “bidezidorra” hartu du CETA ituna lehenbailehen indarrean sartzeko
2016-07-05 // Merkataritza askeko akordioak // Iruzkinik ez
Cecilia Malmström, Europako Merkataritza komisarioa (Arg.: Johannes Jansson/norden.org-CC By).
Europako Batzordeak proposatu du EB eta Kanadaren arteko merkataritza askeko akordioa (CETA) urrian sinatu eta “ahalik eta azkarren” indarrean sar dadila. Batzordeak bide bihurria marraztu du horretarako: CETA akordio mistotzat hartzea proposatu du, hau da, ez du erabateko onarpen legalik izango EBko estatu guztietako parlamentuek berretsi arte, baina hori gertatu aurretik behin-behinean sartu ahal izango da indarrean. Urte hau amaitu baino lehen, seguruenik.
Ikusmira handia izan da Batzordeak akordiorako proposatuko zuen izaera juridikoaz: CETA EBren eskuduntza esklusibotzat jo izan balute, nahikoa izango zatekeen Europako Kontseiluak eta Legebiltzarrak onartzea indarrean sartu ahal izateko. Aldiz, akordio mistoa dela erabakita, estatu guztiek –haien parlamentuek, zehazki– onartu beharko dute.
Nahiko argia dirudi CETA mistoa dela, alegia, ez dela merkataritza arautzeko akordio hutsa, eta haren ezarpenetako batzuk estatu bakoitzaren eskumenen eremuan sartzen direla (horregatik denek onartu beharko lukete, banan-banan). Alta, Batzordea jolasean aritu da proposamena publiko egin aurreko egunetan, EBren eskuduntza esklusibokotzat joko zutela iragarriz. Eta nolabait, hala egin dute.
Proposamenaren berri emateko zabaldutako oharrean, Cecilia Malmström Merkataritza komisarioak esan du “ikuspuntu legal hertsi batetik” CETA Batzordearen eskumena baino ez dela, baina egoera politikoa dela-eta nahiago izan dutela ituna mistotzat jo, “lehenbailehen sinatu eta onar dadila errazteko”. Zehazki, sinadura EBk eta Kanadak urrian egingo duten gailurrean egin dadin nahi du Batzordeak.
Malmströmek aipatutako “egoera politikoa” Batasuneko zenbait estatuk agertutako jarrera da: euren parlamentuetatik igaro gabe CETA onartzea ez luketela begi onez ikusiko adierazi dute batzuek, horien artean Alemaniak, merkataritza askeko akordioen auriako mugimendu sendoa duen herrialde (ia) bakarrak. Ituna mistoa dela “onartuta”, oztopo politiko bat paretik kenduko luke Batzordeak.
CETA eta TTIPen aurkako mobilizazioa (Arg.: Wolfgang Kumm).
Guztiz onartu gabe ere, indarrean
Printzipioz, legeak ez du epemugarik ezartzen parlamentuek gaia azter dezaten–, baina Europako Batzordeak esan du ez dela haien zain egongo. Proposatutakoaren arabera, Europako Kontseiluak –Batasuneko gobernu guztiek osatua– eta Europako Legebiltzarrak baiezkoa ematea aski izango da CETA behin-behinean ezartzeko. Itunaren beraren eta EBko arautegiaren letra txikian begiratu beharko da orain, akordioaren zein zati lehen egunetik aplikatu ahal izango diren eta zeintzuk ez.
CETA eta TTIP akordioen aurkarien interpretazio ezkorrenaren arabera, “behin-behineko ezarpena”-k akordioaren %95 lehenbiziko unetik aplikatzea esan nahi du. Horren barruan egongo lirateke inbertsiogileen eta estatuen arreko liskarrak konpontzeko auzitegi polemikoak. Gainera, enpresek aukera izango lukete auzitegi horietara jotzeko azkenean CETA onartuko ez balitz ere, ituna bertan behera utzi eta ondorengo hiru urteetan.
Bestalde, Europako Batzordeak jakinarazi du Europako Auzitegiak EB eta Singapurren arteko merkataritza akordioaren izaera juridikoaz erabakiko duenaren zain dagoela. Auzitegiak ebatziko balu akordio hori EBren eskuduntza esklusiboa dela, aurrekaria ezarriko luke, eta Batzordeak eska lezake modu berean jokatzea CETArekin. 28 edo 27 parlamentutatik –hori ere ez baitago garbi– igarotzeko tramitea aurreztu lezakete horrela.
Aireko kutsadura: urteroko lepotik burua
2016-06-09 // Ingurumena // Iruzkinik ez
Ekologistak Martxanek kaleratutako txostenaren arabera, 2015ean aireko kutsadura handitu egin zen Espainiako Estatuan, hainbat urtez beheranzko joera izan eta gero (Argazkia: AP).
Ekologistak Martxan taldeak hamarkada bat baino gehixeago darama Espainiako Estatuko airearen kalitateari buruzko txostenak kaleratzen urtero-urtero. Eta zer nahi duzue esatea, gogoa ematen du aurreko urtean idatzitakoa berreskuratu, datak eta pare bat xehetasun aldatu eta horixe bera argitaratzeko. Ondorioak urtero izaten baitira berdinak: “zezen larru” esaten zaion horretan bizi garen ia guztiok kutsatutako airea dugu eguneroko arnasgaia. Azterketaren emaitzek –hori ere urtero gertatzen da– bat egiten dute Europako Ingurumen Agentziak egiten dituenekin.
Berritasun handirik ezin espero funtsezko premisa aldatu ezean: kutsatzaile nagusi gehienentzat, Munduko Osasun Erakundeak (MOE) gomendatzen dituen balio seguruak eta Europako legediak ezarritakoak ez datoz bat. Erraz igarriko zenuen, irakurle, bien artean aldea dagoen kasuetan –oso sarri– araudia askoz “lasaiagoa” dela MOEren gomendioa baino. Horregatik Ekologistak Martxanek urtero salatzen duen egoera larria ez da eskandalu bihurtzen. Erantzuna prest dute erakundeek: ia neurtutako balore guztiak legearen barruan daude. Eta egia da.
Ez da hain zaila. Gainditu ezinezko muga ia inoiz gainditzen ez den langan ezarrita, arazorik ez. Nola uler liteke bestela hainbesteko aldea egotea osasun kontuetan erreferentziazkoa den erakundeak dioenaren eta gure osasuna babesteko ardura dutenek jarritako arauen artean? Besteak beste, kontuan hartu behar da arauok erabakitzerakoan europar agintariek arreta handiz entzuten dituztela kutsatzaileen iritziak. Eta, airerik ezean, mezu garbia dakarte horiek: kontuz zer muga ezartzen diezun substantzia kaltegarriei, ez dezagula hankaz gora jarri gure ekonomia.
Dena biribiltzeko, aipa genitzake kutsadura neurtzeko sistemaren gabeziak. Hego Euskal Herrian bederen ez nolanahikoak: substantzia batzuei buruzko datu falta nabarmena dago. Ez dago neurgailurik, edota daudenek huts egiten dute, edota gune “beroenetatik” kendu egiten dira… Dena duzue azken txostenean.
Déjà vu.
Nori egiten dio mesede TTIPen agirien filtrazioak?
2016-05-20 // TTIP/TAFTA // Iruzkinik ez
Ez da izan TTIPi buruzko lehen filtrazioa, baina bai, alde handiz, hedabideen arreta gehien erakarri duena. Batez ere, beren ildo editorialaren barruan TTIPen aldeko jarrera agertzen dutenek ez-ohiko tartea eskaini diote gaiari. Kasu askotan, publiko egindako dokumentuen zabalpena baliatu izan da Europako Batzordeak AEBen zenbait nahiren aurrean agertutako jarrera irmoa “txalotzeko”. Beste batzuentzat –baita ezkerreragoko posizioetatik ere– filtratutakoak aditzera ematen du nekez lortuko dela akordioa gauzatzea.
Analisi horien arabera, agiriek frogatuko lukete Europa ez dagoela prest zenbait “marra gorri” zapalduak izan daitezen TTIPen erruz. Hain justu, akordioaren aurkarien kezka eragiten duten gaiak dira marra gorriak: lan eskubideak urardotzea, ingurumenaren eta osasunaren babesa ahultzea… Adibide bat: Angel Toña EAEko Enplegu eta Gizarte Politikako sailburuak esan berri du Eusko Jaurlaritza TTIPen alde egongo dela baldin eta Europak ezarritako marra horiek errespetatzen badira.
TTIPen aurkako kanpainan daudenentzat, filtrazioa arma bihurtu da, akordioaren kontra darabiltzaten argudioak baieztatzen ditu eta. Baina pribatuki filtraziookin zuhurtziaz jokatu beharra aipatzen dute. Sinple esateko: AEBen jarrera “gogorra” nabarmentzeak balio lezake etorkizunean EBren proposamen “leunago” batzuk justifikatzeko.
Kataluniako fracking legea bertan behera; EAEkoa hurrena?
2016-04-26 // Frackinga // Iruzkinik ez
Frackingaren aurkako mobilizazioa Gasteizen (Arg.: Fracking Ez).
Espainiako Gobernuak ipinitako helegitea aintzat hartuta, Konstituzio Auzitegiak bertan behera utzi du haustura hidraulikoari (fracking) buruzko Kataluniako legea. Beste autonomia erkidego batzuen kasuetan bezala, estatuari baizik ez dagozkion eskumenak bereganatu nahi izatea egotzi dio Auzitegiak legeari. EAEn frackinga oztopatzen duen legearen aurka helegitea jartzeko espainiar gobernuak erabilitako argudio bera da.
Aurrez zenbait erkidegok (Nafarroa barne) hartutako bidea antzua izan zela ikusita, frackinga esplizituki debekatzea saihestu zuen Kataluniak. Horren ordez, teknikaren erabilerari mugak ezartzen dizkio bertako legeak, betiere erkidegoak bere gain dituen eskuduntzen aterkipean.
Haatik, Konstituzio Auzitegiko epaileen iritziz erkidego batek lurralde antolakuntzan edo ingurumenean dituen eskuduntzak ez dira behar adinako oinarria frackinga debekatzeko, estatuak energia arautzeko duen ahalmenaren azpitik daudelako juridikoki, haien esanetan.
Epaia ikusita, EAEn frackinga oztopatzen duen legeak laster patu bera izan dezakeela pentsatzeko arrazoi sendoak daude. Izan ere, Kataluniako ispiluari begira ondu zen Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako arauaren behin betiko testua, haustura hidraulikoa erabat debekatuz –Fracking Ez taldeak 103.000 sinaduraren babesarekin aurkeztu zuen lehenbiziko lege proiektuak hala zioen– ibilbide laburra edukiko zuelakoan, Nafarroan, Kantabrian eta Errioxan gertatu bezala.
Azkenik, ordea, debekua esplizitua eta orokorra ez izateak ez du eragotzi Espainiako Gobernuak helegitea ipintzea EAEko legearen aurka. Kataluniakorekin jazotakoak aztarna ematen du haren etorkizunaz.
Autokontsumo elektrikorako milaka instalazio legez kanpo Espainiako Estatuan
2016-04-11 // Energia // Iruzkinik ez
2016ko apirilaren 11. Milioika euroko isuna jasotzeko mehatxuaren lehen eguna, Espainiako Estatuko autokontsumo elektrikoko milaka instalaziorentzat. 2015eko urrian indarrean sartutako dekretuak sei hilabeteko epea eman zien –apirilaren 11ra are, hain justu– dekretuaren aurretik ipinitako instalazioen ugazabei, araudi berrira egokitzeko. Baina esatea errazagoa izan da egitea baino.
Autokontsumoari buruzko espainiar dekretua munduko murriztaile eta zorrotzena dela salatu dute ingurumen, energiaren eta kontsumitzaileen alorretako hamaika elkartek. (Argazkia: Pujanak).
Funtsean, instalazioen errolda batean sartuta egotean datza dekretua betetzea. Kontua ez da leihatila batean izena ematea bezain sinplea, ordea. Energi kontagailu bat gehitu behar zaio instalazioari, eta baldintza teknikoak betetzen direla dioen txosten bat eskuratu. Prozesu garestia, korapilatsua ez ezik. Neurriaren aurka azaldu diren hamaika –hamar gehi bat– elkartek salatu dute Espainiako Industria Ministerioa bera ari dela eragozten dekretuak ezarritako baldintzak betetzea. “Oraindik ez dute zehaztu nola bete instalazioak moldatzeko eskakizun tekniko eta administratibo konplexuak”.
Lan zaila, eta administrazioak erraztu ez duena. Ondorioa da hau idazteko unean 283 instalazio baino ez direla sartu erregistroan. Epea beteta, kanpoan daude milaka, ez jakin zehatz zenbat, eta legearen arabera 60 milioi euro bitarteko isuna jaso lezakete. Asko beren borondatez geratu dira erregistrotik at, ez baitaude dekretuarekin ados. Beste asko, sartu nahi eta ezin.
“Legez kanpo egotetik oso hurbileko linbo batera bultzatu dituzte”, kexatu dira aipatutako elkarteak, eta erregistroan sartu nahi dutenentzat epea luzatzeko eskatu dute– gutxienez 2016 amaitu bitartekoa–, Mariano Rajoy jarduneko presidenteari bidalitako eskutitz batean.
Horri guztiari gehitu behar zaio tamaina jakin batetik gorako instalazioek ordain-sari bat ordaindu beharko dutela, autokontsumitutako energi kopuruaren araberakoa. Hainbestetan entzungo zenuten “eguzkiaren zerga”, alegia. “Gobernuak emandako justifikazioa da sare elektrikoa eskuragarri izateagatik ordaindu behar den ordain-saria dela”, Energi Eredu Berri baten Aldeko Plataformako Aitor Urrestiren arabera, “baina hori berez kontsumitzaile guzti-guztiok ordaintzen dugu dagoeneko; gauza beragatik bi aldiz ordainaraztea da”.